Asteburuko proposamenak

Pop-rock abesbatzak

Ura Bere Bidean Korala kontzertua izango da gaur Gasteizen. Abesbatzek, ETSk, Gatibuk, Idoiak eta Marenek parte hartuko dute

Mikel Urdangarin, Ura Bere Bidean-eko 2021eko grabazioan. E.MORENO ESQUIBEL.
jakes goikoetxea
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pop eta rock abestiak, baina abesbatzek edo abesbatzekin kantatuak. Hori eskainiko du Ura Bere Bidean Korala kontzertuak gaur, Gasteizko Buesa Arenan. Arabako hemeretzi abesbatzatako 500 kantarik parte hartuko dute, baita hiru eskolatako abesbatzek ere, eta Bilboko Abesbatzak, abesbatza gonbidatu gisa.

Hiru ordu baino gehiagoko ikuskizuna izango da. Euskal Herriko musikako kanta ezagunak abestuko dituzte, 1970eko hamarkadatik gaur egunera artekoak. Berez, hamasei izango dira, baina gehiago ere izan daitezke. Abestien artean daude: Kaixo! (Urtz), Elektrizitatea eta Negua joan da ta (Zea Mays), Iñaki, zer urrun dago Kamerun! (Zarama), Bakezaleak (Anje Duhalde), Kantu bat (Bulego), Mari (Su ta Gar), En blanco y negro (Barricada)...

Gaur egungo musikari eta talde batzuek parte hartuko dute gaurko kontzertuan. Haien abesti ezagunak kantatuko dituzte, modu akustikoan, abesbatzen laguntzarekin ETSk, Gatibuk, Idoiak eta Marenek.

Kontzertuak bi zati izango ditu: lehenengoan, 19:00etatik aurrera, ETSren, Gatiburen, Idoiaren eta Marenen kontzertu akustikoak izango dira; bigarrenean, 20:30etik aurrera, abesbatzek Ura Bere Bidean 22-n jasotako abestien moldaketak abestuko dituzte. Abesbatzek pop musika talde batekin batera kantatuko dute. Fernando Velazquez konpositore eta orkestra zuzendariak egindako moldaketak dira. Alberto Saez Puente izango da musika zuzendaria. Iñaki Irastorza arduratu da ikuskizunaren diseinuaz.

Kantutegia berritzea

Ura Bere Bidean Koralak Arabako abesbatzak elkartuko ditu, haien topagune izango da. Kontzertuak Arabako Abesbatzen Elkartearen babesa du. Kontzertuaren helburuetako bat bada abesbatzei ikusgarritasuna ematea eta jendea zaletzea. Baita abesbatzen kantutegia berritzea edo berritzeko aukerak eskaintzea ere, pop eta rock abesti ezagunen moldaketekin.

Ikus-entzuleek abesbatzekin batera abestu ahal izango dute. Kantutegia emango diete eta pantaila erraldoiak ere baliatu ahal izango dituzte. Guztira hiru mila ikus-entzule bilduko dira gaur Buesa Arenan. Nerea Garmendia aktoreak aurkeztuko eta gidatuko du kontzertua.

Ura Bere Bidean ez da proiektu berria, 2020an abiatu zuten. Kontzertu bat egiten dute urtero, BECeko Bizkaia Arenan. Euskal Herriko zenbait musikarik beren abestien bertsio sinfonikoak abesten dituzte, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. Buesa Arenakoan, ordea, abesbatzak izango dira kontzertuaren oinarria, eta abesbatzetan oinarritutako lehena izango da. Fair Saturday fundazioak bultzatutako egitasmoa da.

Ura Bere Bidean Korala



Gaur, 19:30ean, Gasteizko Buesa Arenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.