Iraileko lehen asteburuko larunbata da, eta lagunok plana egin dugu eguraldi oneko udako azken egunak aprobetxatu eta mendi irteeratxoa egiteko. Talde bitxia batu gara: bi lagun Gipuzkoatik, Arabako Errioxatik beste bat, Lapurditik laugarrena eta beste bi Nafarroatik; bata Nafarroa Garaitik eta bestea Nafarroa Beheretik. Seikote ederra osatu dugu denera. Bizkaitar bat batu behar zitzaigun bilduma osatzeko, baina azken orduko sukarrak jokoz kanpo utzi du.
Talde bitxia elkartzeaz gain, ordu bitxian abiatu gara mendira. Bazkalostean, gure gidariak lana baitzuen goizean. Lana duenak ez du aukerarik goiz ateratzeko, eta denbora duenak ez du dirurik autoa ordaintzeko. Juanjo San Sebastianek bere Himalaiako azken espedizioetan esan ohi zuen bazeudela haien espedizioan bi talde: bidea irekitzen zuten A mailako mendizale gazte indartsuak, eta B taldea —hor sartu zuen bere burua—; ia ausartegia den umiltasunez, basurilla deitzen zion talde horri. Juanjok bere buruari basurilla deitzen bazion 8.000 metroko mendietan gora, zer izango ote gara gu, arratsaldean mendi irteera xume batera abiatuta? Zabortxoak? Agian, txikigarririk gabe: zaborra, zuzenean.

Ordiziatik atera da gure autoa. Bi gipuzkoarrak eta arabarra goaz barruan. Bi ordu igaro ditugu autoan, berriketan, kontu kontari, azken asteetako gertakarien inguruan. Pasatu ditugu Iruñea, Irunberri eta Otsagabia —jaietan zen—. Maldan gora jarraitu dugu, Larrainera iritsi arte. Han batu gara sei lagunak eta denok elkar besarkatu dugu; gero, denborarik galdu gabe, motxilak bizkarrean hartu eta oinez hasi gara. Ez ditugu argi ordu asko eta ez dugu bidea ongi ezagutzen; beraz, bizkor zein erne ibili beharko dugu. Haizea izugarri indartsu dabil, deseroso, eta, hark bultza egingo baligu bezala, ia lasterka abiatu gara mendilerroan gora.
Oraindik ez dut-eta esan nora goazen! Popol eta Kattalin artzainei bisita egitera goaz, haien bordara. Zuberoako bi lagun horiek duela hilabete egin ziguten gonbita, haien bordara joan eta artzaintzan nola ibiltzen diren ikusteko. Zalantzarik gabe onartu genuen gonbita! Baten batek, agian, galde egingo du nola ezagutzen dugun elkar. Zilegia da galdera; izan ere, elkarrengandik urrunekoak gara, bai geografikoki, bai adinez. Euskarabentura da erantzuna. Euskal Herri osoko gazteak batzen dituen proiektua da Euskarabentura, udaleku tankerakoa. Uztailean hasten da espedizioa eta Euskal Herri osoa gurutzatzen dugu oinez. Hilabetez, euskara hutsean hitz egiten dugu, euskalki denetan. Guk Euskarabenturako begirale izanik ezagutu dugu elkar, eta segituan egin dugu harreman estua. Popol eta Kattalin zaindari ditugu espedizioko lehen egunetan. Zuberoako bidezidorretan barrena gidatuko gaituzte, bidean galdu gabe irits gaitezen.
Laino artean, galduta
Mendira itzulita, han gara seikotea, eguzkiaren azken izpiek urre kolorez margotzen dituzten muinoz inguratuta. Atzean geratu naiz argazkiak ateratzen; izan ere, benetan ederra dago argia. Aurrean Auñamendi ikusten da tarteka, harrizko horma izugarria, hego-ekialdera Pirinioak ditugula gogoraraziz. Aurrean dudan boskotea gelditu egin da, eta eurak berriz harrapatzeko tartea izan dut. Mapak aterata topatu ditut. Ez dakigu zehazki borda non dagoen. Bide onean goazelakoan gaude, baina ez gaude ziur. Ingurura begira ari garela, urrutian, gizon baten silueta azaldu da. Gizonak makila luze bat du, eta txakur batekin doa alboan. Hasieran ez diogu kasu handirik egin. Baina eskerrak badugun taldean begi zorrotzekorik; hark segituan galdegin du: «Ibilkera hori... Ez al da Popol izango?». Denok begira jarri gara, baina gizona urrutiegi dago. Kamera oraindik lepoan zintzilik dut, eta begietara igo dut; zoomik handienean jarri objektiboa eta klik. Kamerako pantailan argazkia ahalik eta gehien handitu, eta... Hortxe dago! Barre eta oihu moduko bat atera zait.
Gure Popol da! Salbu gaude, berak erakutsiko digu bordara arteko bidea zein den. Ikusi egin gaitu, eta, guk deitu gabe, bera etorri da guregana. Azken finean, gu ez bagara, zein beste sei lagun ibiliko dira inguru horietan ilunabarrean. Elkar agurtu dugu eta Txiki aurkeztu digu, bere artzain txakurra. Ondoren, inguru guztia azaldu digu: Sardeska, Otsogorritxipia eta beste hainbat mendi tontor aipatu dizkigu. Bere artaldea zein den ere seinalatu digu; gu gauden tokitik puntu zuri mordoa besterik ez da ikusten. Ostera, denok batera borda aldera abiatu gara. Popol jarri da aurrean, bidea erakutsiz; atzean, berriz, Txiki. Segituan ulertu du orain guk seiok osatzen dugula bere artaldea.

Bordara iritsi gara, eta bertan dago Kattalin, gure zain. Borda xumea da. Orhi mendiaren babesean dago, ipar-ekialdeko magalean. Bi muinoren artean ezkutatuta dago borda, basotik gertu. Euren etxea erakutsi digute, eta, gure motxilak lo egingo dugun tokian utzi eta gero, mahai inguruan bildu gara afaltzeko. Tomate freskoak igo dizkiegu, baita Tolosako teilak eta zigarroak ere, opari. Afaltzeko, artzain afaria egin dugu. Guk Arantzako gazta atera dugu, haiek Muskildikoa. Ogi onarekin batera, sabelak ez du gehiago eskatzen. Popolek ardo gorria ere eskaini digu. Ezin uko egin ardoari, horrelakoetan edozein edarik zapore berezia izaten baitu.

Ondoren, mahai inguruan geratu gara solasean, gustura. Konturatu gabe, berandutu egin zaigu. Popolek eta Kattalinek goiz esnatu behar dute, ardiak gobernatzeko. Lagunduko diegula esan diegu, eta goizean seietan iratzarriko garela hitzeman diegu. Gu, ordea, ez gara segituan joan ohera. Kanpora irten gara, izarrak ikustera. Ez dugu maiz izaten argi kutsadurarik gabeko zeruaz disfrutatzeko aukera, eta ezin dugu aukera galdu. Horrelakoetan ohikoa den moduan, segituan atera dira unibertsoa eta gure izateari buruzko galderak; taldeko astrofisikari moduan, ahalik eta ondoen erantzuten saiatu naiz. Solas filosofikoaren ostean, denok joan gara gure lo zakuetara. Haizeak oraindik gogor jotzen du kanpoaldean. Ufadak ozen entzuten dira eta kostatu egin zaigu lokartzea.
Asmo ona bai, baina...
Goizean norbaitek esnatu nau. Ez dakit nor den, lokartuegi nago. Kaka zaharra, zortziak dira dagoeneko! Popoli atzo esan genion biharamunean lagundu egingo geniola, baina loak hartu gaitu. Jaiki eta korrika batean jantzi gara. Kattalin bordan dago, eta Popol sartu da atzetik. Dagoeneko jaso du artaldea, eta bueltan da. Leihotik begiratu eta hortxe daude ardiak, bordaren inguruan. Atzo puntu zuriak zirenak gaur ardiak dira gure inguruan. Artilea margotua dute, norenak diren jakiteko. Jabe desberdinen ardiak nahastuta daudenez, kolore desberdineko markak dituzte; urdinak, gorriak, berdeak eta horiak. Gutako batek leihotik begiratu duenean, harrituta esan du. «Hara! Ostadar osoa dugu-eta hemen!». Ondoren, denok berriro gosaldu dugu; tira, Popolentzat hamaiketakoa izango zen ziurrenik. Kattalinek gurinezko galletak atera dizkigu eta mundialak daude! Galletekin eta kafe pixka batekin, edozein artalde gobernatzeko moduan sentitzen gara, eta hor atera gara Popoli laguntzeko prest.

Segituan ikusi dugu, ordea, lagundu baino gehiago enbarazu egingo diogula, eta inguruan bueltaxka bat ematea erabaki dugu. Kattalin gurekin etorri da. Haizea atzo baino bareago dabil, eta giro atseginagoa dago. Gure inguruan Popol eta Txiki gurutzatu ditugu behin eta berriro. Seikoteko kideek elkarri begiratzen diogu, ezer esan gabe; badakigu, ordea, denok zer pentsatzen dugun: Popoli inbidia pixka bat diogu. Ez dakigu zehazki zenbat urte dituen, baina bizarra eta ilea aspaldi zurituak ditu. Sinesgaitza da zer abiaduratan dabilen malkar horietan gora eta behera, ardien atzetik, atseden hartzeko eseri beharrik gabe. Makurtu egiten da, eta hori da bere atseden hartzeko postura. Gu iritsiko ote gara adin horretara sasoi horrekin? Nahi genuke, bai. Kezka sortzen duen galdera bat ere badugu: 20 urte ditugu guk, eta gai al gara bere erritmoari eusteko? Baietz erantzun nahi dut, baina, badaezpada ere, ez dut frogarik egingo. Kattalinek ez du erakustaldirik egin, baina badakigu bera nekatzeko ere makina bat izerdi bota beharko genukeela.

Bazkalordurako denok bordara itzuli gara. Igo genuen guretzako janaria, baina artzainek ez digute utzi behar bezala bazkaldu gabe joaten; dilistak arrozarekin prestatu dizkigute. Sabela bete ostean, dena jasotzea tokatu zaigu. Zergatik ekarriko ote nituen argazkietarako horrenbeste tresna? Motxilan karga besterik ez daukate, eta apenas erabili ditudan. Bordatik irten aurretik talde argazkia egin dugu, eta Popoli agur esan diogu. Tarte batean ez dugu ikusiko. Kattalin gurekin igo da Larraineraino, eta autoan sartu aurretik agurtu gaitu. Guk ere hasi ditugu geure arteko agurrak. Auto bat bakarrik abiatu da Otxandiora. Beste bostok beste auto batean sartu gara, Donostiarantz. Donibane Garazin geldialdia egin dugu, eta bertan jaitsi dira bi lagun. Beste hirurok autoan jarraitu dugu; Olaia Inziarte izan dugu laugarren bidaiaria kantuan. Donostian agurtu ditut azken bi lagunak. Estropada eguna da, eta Mitoaroa dago Illunben; hiria lepo beteta dago. Nahiago nuen Orhi mendiaren magalean gelditu izan bagina, haize ufadek urratutako isiltasunean, ardien konpainian. Agian, han geratu behar nuen; neure barnean ahots bat entzuten dut, oihuka: «Egin zaitez artzain!».

Bukatu da gure asteburuko abentura laburra, eta, horrekin batera, hain laburra izan ez den uda. Juanjo San Sebastianen K2 hari aurre egiteko mailan ez gaude, baina badago geure artean mendian sasoian ibiltzen denik. Elkartu garen seien artean badira bi aste lehenago Alpeetan zebiltzanak, egun bakarrean 4.000 metroko hainbat gailur igoz. Ni neu ere astebete lehenago hor nenbilen, 200 metroko pareta batean, kidearekin sokaz loturik, sugandila gisa, horman gora. Hala ere, inork ez du gutxietsiko zabor taldearen irteera. Mendiko irteera hauetan badago, abenturaz edo erronkaz gain, beste zerbait. Ikusi dugu nola bizi diren bordan Popol eta Kattalin, eta Orhi mendiaren azpian ezkutatzen diren parajeak ere ezagutu ditugu. Ardiekin gora eta behera ibili gara, eta izarren azpian kontu kontari aritu gara. Askotan nahikoa dugu aitzakia bat urrun bizi garen lagunak elkartu eta ostera xume bat egiteko; izerdi apur bat atera eta mahai inguruan kontu kontari elkartzeko. Ez gara Himalaiako A talde hori, ezta B taldea ere. Baina bai, akaso, zaborraren Z taldearen ordez, gozamenaren G taldea.