Udako proposamenak

Pottokei so, elkar zaintzeko

Arantzazu parketxearen eta Pottokaleku zentroaren eskutik, pottokak gertutik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.

Iazko 'Non dira pottokak?' egitasmoko irudi bat. JON ELORZAK UTZITAKOA
Iazko 'Non dira pottokak?' egitasmoko irudi bat. JON ELORZAK UTZITAKOA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pottoka izenez dira ezagunak Euskal Herriko zaldi txikiak, baina badago mamuten garaiko zaldiak direla deritzonik ere; izan ere, Paleolito garaitik gaurdaino bizi dira Euskal Herrian, eta, hortaz, Europako zaldi arrazarik zaharrena da. Irakurle batzuek, agian, ez zuten informazio horren berririk, eta ziur asko Euskal Herriko beste hainbeste herritarrek ere ez. Bada, ezjakintasun horri irtenbide bat topatu nahian, Arantzazuko (Gipuzkoa) Pottokaleku interpretazio zentroak urteak daramatza haurrei zein helduei pottoken inguruko ezagutza tailerrak eskaintzen. Urteroko zita izan ohi da zentroan, eta aurten ere ez dute hutsik egin nahi izan. Hortaz, pottokak bertatik bertara ezagutu eta horien inguruan gehiago jakin nahi duen orok horretarako aukera izango du bihar goizean Pottokalekun.

Arantzazu parketxearekin batera abiatu zuten egitasmoa, duela hamalau urte inguru, Bizi pottoka izenpean. Urte batzuetako etenaren ostean, iaz ekin zioten berriz ekintzari; oraingoan, baina, Non dira pottokak? izena jarri diote. Izenak berak laburbiltzen du egitasmoaren funtsa, Pottokalekuko Jon Elorzak ohartarazi duenez, pottokak ia galzorian egon baitira duela gutxi arte. Herritarrei arrazari buruzko informazioa ematea da haien helburua, bai eta gaur egungo egoeraren berri ematea ere, Elorzak iritzi baitio «zaindu beharreko altxorra» dela pottoka. Horrez gain, herritarren artean ingurunearen eta naturaren gaineko ezagutza eta animaliekiko errespetua sustatzea ere bada haien xedea.

Hainbat ikerketatan ondorioztatu dute animaliek gizakiei hainbat modutara lagun diezaieketela, bereziki emozionalki. Pottokalekuko kideak ere hala dela iritzi dio, eta gehitu du onura asko izan ditzaketela bai haurrengan, bai helduengan. Horregatik, Pottokalekun hipoterapia eta antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte: «Zaldiak erabiltzen ditugu osasun fisikoa eta emozionala hobetzeko bitartekari gisa».

Goiz bete-betea

Pottokalekuk bi orduko saioa antolatu du biharko, helduentzat zein haurrentzat. Sarrera arrunta hamazazpi euroan eskuratu ahal izango dute, eta 3 eta 12 urte bitartekoek, hamahiru euroan. Beharrezkoa da aurrez izena ematea, lekuak mugatuak baitira; izena emateko epea gaur amaituko da. Antolatzaileek oinetako aproposak eramatea gomendatzen dute.

11:00etan hasiko da lehen jarduera. Pottoken inguruko azalpenak emango dituzte bertako kideek, bisitariek zaldien inguruan gehiago jakin dezaten, eta zenbait bitxikeria ere entzungo dituzte. Kondaira batekin emango diote segida lehen zatiari; Elorzak zehaztu duenez, pottoka baten eta Anbotoko Mariren inguruko istorio batekin, hain zuzen ere.

Horren ostean, Pottokalekun bertan bizi diren pottokak ezagutzera joango dira bisitariak. «Zaldiekin hartu-emana izango dute: orraztu egingo dituzte, laztandu, jaten eman, uhalak jarri, kakak bildu». Pottokak mimatu ostean, pottoken gainean paseo bat emanez emango diote amaiera igande goizeko jarduerari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA