'Power Play' telesailak irabazi du Canneseries jaialdiko sari nagusia

Norvegiako fikzioak musika onenaren saria ere jaso du. 'El hijo zurdo' (Movistar) saritu dute

Norvegiako Power Play telesaila 1970eko hamarkadan dago girotuta. CANNESERIES.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Lilleko Series Mania jaialdiko irabazlea Irango The Actor telesaila izan zen. Canneseries jaialdian, berriz, Norvegiako Power Play telesailak irabazi du sari nagusia. Silje Storstein, Kristin Grue eta Johan Fasting dira fikzio horren sortzaileak. Musika onenaren saria ere Power Play-k eraman du. Abortuarekin lotutako 1970eko hamarkadako istorio bat kontatzen du.

Aktore onenaren saria Corduroy-ko (Israel) Dar Zuzovskyri eman diote, eta Carthago telesaileko (Israel) aktore talde osoa ere saritu dute. Gidoi onenaren saria Bargain-ek (Hego Korea) eraman du. Telesail laburren kategorian, berriz, El hijo zurdo (Movistar Plus, Espainia) izan da irabazlea; Hego Euskal Herrian hilaren 27tik aurrera ikusi ahalko da.

Publikoaren saria Les Combattantes telesail frantsesak jaso du. Eta Sarah Michelle Gellar AEBetako ekoizle eta aktoreari Canal Plus Icon saria eman diote. Joey Soloway gidoilari eta ekoizleak ere sari bat jaso du.

Dokumentalen arloan, bestalde, Juan Carlos: Downfall of the King lana estreinatu dute. Alemaniako Gebrueder Beetz Filmproduktion ekoiztetxeak egin du, eta Juan Carlos Borboikoaren inguruko ikerketa dokumental bat da. Christian Beetz sortzaile eta ekoizleak esan du Espainiako «botere jokoetan» arakatu dutela, «beldurrik eta faboritismorik gabe». Hego Euskal Herrian Sky Showtime plataforman ikusi ahalko da. Dokumentalen kategorian, Belgikako Draw for Change lana saritu du epaimahaiak. Marrazkilari emakumezkoei buruzko saio bat da.

60. MIPTV azoka egin dute

Telesailen jaialdiarekin batera, egunotan MIPTV nazioarteko azoka egin dute Cannesen. 86 herrialdetako 5.650 telebista ekoizlek parte hartu dute. Antolatzaileen arabera, iaz baino %22 parte hartzaile gehiago izan dira 60. aldian.

Azoka horretan, urtero The Wit egitasmoko ekitaldia egiten dute,nazioartean puri-purian dauden formatuen berri emateko. Virginia Mouseler The Wit egitasmokozuzendariak azaldu duenez, The Traitors eta FBoy Island izeneko reality-ak daude boladan: The Traitors joko psikologiko bat da, eta gaztelu batean hainbat pertsonaia ezagun sartzen dituzte. Lehiakideek konfiantza norengan duten erabaki behar dute. Herbeheretan sortu dute, eta herrialde askotan ari dira egokitzen —Hego Euskal Herrian HBO Max plataforman ikus daiteke—. Plataforma berean ikus daiteke FBoy Island ere. Dating show berrien artean, ITV Studiosen saio batean hamar gizonezko homosexual elkarren artean musuka ageri dira, hitz egiten hasi aurretik. Hego Koreako The Wooing Choir saioan, berriz, gizon batzuk emakumeak limurtzen saiatzen dira, kanturako eta dantzarako duten talentua erakutsiz. Frantziako Divide saioan, fideltasunik eza jasan duten zenbait lagunek ezkutuan ikusiko dituzte beren bikotekideak zertan ari diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.