Praktika vs legea

Zenbait gaixotasunen mina arintzeko erabili izan da maiz kalamua; medikuntzak landarearen zenbait osagairi aitortutako gaitasun hori, ordea, ez du onartzen legeak.

Maialen Unanue Irureta.
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Herbehereak dira kalamuaren kontsumoa eta erosketa legez babesten dituen herrialde bakanetako bat, ezagunenetakoa. Herrialde gehienen zerrenda beltzean da kalamua, batez ere, horren erabilera ludikoak sor ditzakeen gaixotasun eta efektuak tarteko, ustez. Medikuntzarako erabilgarria izan daitekeela diote zenbait adituk, baina legelariek atzera botatzen dituzte eskariak, droga etiketaren zama tarteko. Hala ere, badira kalamuaren erabilera terapeutikoaz hitz egitera ausartzen diren adituak ere, esan nahi baita, medikuntzaren alorrean lan egiten dutenak.

Juan Camilo Jaramillo (Kolonbia, 1963) biologoa eta irakaslea da Miamiko Unibertsitatean (AEB). Itsas-landareen osagai bioaktiboak bereiztea da Jaramilloren espezialitatea, eta modu «natural» batean pasatu omen zen lurreko landareak ere aztertzera —tartean, kalamua—. «Amonak egin ohi zuen etxeko erremedio bat emulatzen ahalegindu nintzenean hasi zen dena. Kalamu hostoak alkoholetan blaitzen zituen, eta gero alkohol hori erabiltzen zuen azalean eman eta mina arintzeko». Artritis «nahiko aurreratua» zuen Jaramilloren amonak eskuetan, eta beti izaten zuen likido berdea zeukan botila bat ohe ondoan. Hamarkada batzuk geroago, eta hura hil ondotik, kalamuaren erabilera ludikoa ezagutu zuen terapeutikoa baino lehenago, eta botila hartaz gogoratu zen. «Jakin-minak bultzatuta hasi nintzen errezeta probatzen. Esan dezadan, bide batez, orduan eta gaur egun ere sendagai hori oso ohikoa zela helduen artean, batez ere, landaguneetan».

Sergio Gavilan lankidearekin batera, Expogrow azokan izango da Jaramillo, eta kalamuaren osagai bioaktiboen inguruan hitz egingo dute; batik bat, Cannabidiol izenekoaren inguruan (CBD). Azken urteetan elementu horren erabilerak gora egin duela dio Jaramillok, eta historian medikuntzaren alorrean eman izan zaion erabileraren errepasoa egingo du. Jaramilloren arabera, ezin da jakin noiztik erabiltzen den kalamua sendagai gisa, baina «ziur aski» gizakiak nekazaritza asmatu aurretik erabili izango zela baieztatu du. XX. mendetik aurrera, farmakologian emandako aurrerapenei esker hasi ziren ezagutzen kalamuaren osagai aktiboak. «1970eko hamarkadaz geroztik ezagutzen da epilepsia, antsietatea eta halako gaixotasunak sendatzeko duen garrantzia, zenbait ikerketak erakutsi bezala, baina landarea legez kanpokoa izateak ikerketa horiek itzalean geratzea eragin dute». Gizarte «moderno eta konektatu» batean «saihetsezina da» halakoak argitara ez ateratzea, irakaslearen ustez. Gavilanen ustez, berriz, beste batzuk dira entzute horren arrazoia: «CBDaz hitz egiten da orain, korporazio farmazeutikoek interesa erakutsi dutelako». Oraingoz, 60 cannabinoide ezagutzen dira, eta, Jaramilloren arabera, bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, «tentuz ikertu —eta erabili— beharrekoak, bai gizartearen bai medikuntzaren aldetik».

Jaramillok azaldu duenez, kalamuak nerbio sistemarekin lotutako gaixotasunei aurre egiteko metodo gisa izan du oihartzun handiena azkenaldian, baina, besteak beste, antiinflamatorio gisa edo ansiolitiko gisa ere eraginkorra izan daiteke; horrez gain, zelula minbizi-eragileen hazkundea galarazteko metodo gisa erabil ote daitekeen «tentuz» aztertzen ari dira ikerlariak. «Gosea eragiteko, tumoreen aurka, glaukomaren aurka egiteko, epilepsia mota batzuk tratatzeko edo ikertzen ari diren bestelako beste eritasun batzuen aurka erabiltzeko ere balio du», gehitu du Gavilanek.

Onurak, gaixoaren arabera

CBD eta THC substantzien artean, lehenak aplikazio mediko gehiago dituela baieztatu du Jaramillok; baina hori hala izateak ez du «hobea» egiten bata edo bestea, gaixoaren arabera bat edo beste izan baitaiteke erangikorrago. Bada bien artean beste desberdintasun esanguratsu bat ere, Jaramilloren arabera: «Napoles eta Sapienzako [Italia] unibertsitateek egindako ikerketa batek erakusten duenez, CBD konbultsioen aurkakoa, inflamazioen aurkakoa eta lasaigarria izan daiteke, batzuk aipatzearren; are, hainbat sendagai garatzeko elementu perfektua da, gizakiok elementu hori toleratzeko gaitasun handia izateaz gain toxikotasun oso apala baitauka».

THC osagaia da medikuntzarako gaitasunak izateaz gain ezaugarri psikoaktiboak dituena; osagai hori izan zen landarearen estigmatizazioa eragin zuena. «Nola uler daiteke alkoholak, ezaugarri psikoaktibo oso argiak eta arriskutsuak izan arren, estigma hori ez izatea? Horrelakoa da giza izaera: jendeari zerbait esaten badiote —intentzio on edo txarrekin, oinarri on batekin edo batere gabe—, denek sinisten dute galdera gehiegirik egin gabe. Berdin gertatzen da medikuntzan, politikan edo erlijioekin».

THC da kalamuaren osagai ezagunena; baita modu ludikoan erretzean «erabiltzaileek bilatzen duten sentsazio hori» eragiten duena ere, Koldo Calladok azaldu duenez. Medikuntza ikasi zuen, baina farmakologia sailean lan egiten du Euskal Herriko Unibertsitean. «Kalamua, izatez, landare oso konplexua da, eta egun badakigu 600 osagai kimiko dituela; horietatik 60 cannabinoideak dira. Kalamuaren legez kanpoko izaerak baldintzatu du osagai horiek aztertu ahal izatea, gero erabilera terapeutikoa emateko». Ikerkuntzaren munduan, baina, kalamuaren onura terapeutikoen «ebidentziak» zabalduz doaz, eta adituen nahia osagai horiek sendagaiak egin ahal izateko legearen babesa izatea da.

Horrek ez du esan nahi merkatuan ez dagoenik osagai horiek dituen sendagairik. Bada sendagai bat, eta bakarra, Euskal Herrian eta Europako beste zenbait estatutan salgai: Savitex du izena, kalamuaren THC eta CBD osagaiak dituena. Esklerosi anizkoitza duten gaixoei sendagai osagarri gisa agintzen zaie, beste sendagai batzuk erabilita ere gihar-konbultsio moderatu edo larriak izanez gero hartzeko ematen zaiena.

Kalamuaren erabilerak historian izan dituen oztopo nagusi bi aipatu ditu Jaramillok: «Puritanismoa eta korporazio farmazeutikoak». Bigarrenak beldur handiagoa sortzen dio. «Landare guztiek behar lukete izan jakintza kolektiboaren parte, eta horien jabe egin nahi izateak gizadiaren kontrako krimena izan behar luke. Hori da korporazio farmazeutikoek egiten dutena, eta horiek ez daukate ez arimarik ez bihotzik. Zailagoa da hori garaitzea ezjakintasuna baino».

«Moral legegilea»

Legeak egiten dituztenak izan ditu gogoan Calladok: «Legediak egiten dituzten pertsonek badute halako kutsu bat, kutsu morala: helburu ludikoekin erabiltzen den landarea drogatzat hartu behar dela uste dute, eta landare horretatik ateratzen diren gauza guztiak txarrak direla. Gauza bat da jendeak zertarako erabiltzen duen, eta bestea, medikuntzan zertarako erabil daitekeen».

Gavilan ere iritzi berekoa da: «Helburu terapeutikorako kalamua arautzeko legeek lasaiagoak behar lukete izan. Errealistak, eta libreki eskuratzeko aukerak erraztu beharko lirateke». Kalamua erregulatzeak aurrea egiteko balioko lukeela uste du, gainera: «Ona litzateke produktua estandarizatzeko, ikerketetan gehiago sakonduz, aurrerapen handiagoak egin ahal izateko».

Debekuak gauza bakarra dakar, Calladoren ustez: kontsumitzaileak, libreki erosi beharrean, merkatu beltzera joan behar izatea. «Hortik datoz drogen inguruan izaten diren arazo guztiak. Beharrezkoa da kontsumoa gutxienez arautzea: hala, kontsumitu nahi duenak, bai ludikoki, bai helburu terapeutikoekin, kontsumo duina egin ahal izango du. Are, atzetik dauden arazo asko amaituko lirateke».

Jaramillok argi dauka kalamuak legezkoa behar lukeela izan. «Ardoa ematen duten mahatsak ereitea bezain legezkoa behar luke. Zauri bat desinfektatzeko, edo mozkortuta autoa hartu eta istripu batean hiltzeko balio du alkoholak. XXI. mendean izugarriak dira, oraindik,kontraesanak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.