Antzerkilaria

Maika Etxekopar: «Premiazkoa da Maule zentroan antzerki gune bat urte osoan biziaraztea»

Antzerkilaria da Maika Etxekopar. Joan den buruilean estreinatu zuen Günea antzoki eta kulturgunea, bertze hiru kiderekin batera. «Ezinbestekoa» zaio kulturgunea urte osoan biziaraztea, antzerkiak duen galdekatzeko «boterea» hedatzeko.

Cindy Gomez, Jon Foucher, Maika Etxekopar eta Gaia Oliarj-Ines, Günea antzoki eta kulturguneko lau kideak. INEXA DECUNG
Cindy Gomez, Jon Foucher, Maika Etxekopar eta Gaia Oliarj-Ines, Günea antzoki eta kulturguneko lau kideak. INEXA DECUNG
Xalbat Alzugaray
2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maule zentroan kokatu kasernan ez dira gehiago suhiltzaileak lasterka ibiltzen hara eta hona. Duela 25 urte Tokia antzerki taldeko antzerkilarien ahotsek gaina hartu zieten sirenen harrabotsei eta kamioi gorrien motorren azantzei. Harrezkeroztik, suhiltzaileak herriaren kanpoaldean daude, eta kaserna ohia Günea antzoki eta kulturgunea bihurtu da. Maika Etxekopar (Gotaine, Zuberoa, 1987) Güneako kideetarik bat da. Bonbon beltz konpainiaren izenean sortzen ditu antzerki piezak, eta Kat’woq eta Continuum antzerki taldeekin ere partekatzen du lekua. Iazko buruilean estreinatu zuten kulturgunea, eta dagoeneko hasi dira programazioa hilabetez hilabete finkatzen. Kanpoko antzerki emanaldiak ematen dituzte alde batetik, eta, bertzetik, bertan dauden hiru konpainien obrak emateko parada izaten dute.

Ez da ohikoa suhiltzaile kaserna bat kulturgune izatea.

Hori segur [irriak]! Badu 25 urte Mauleko suhiltzaileak hiri erditik joan zirela. Garai hartan ene gurasoen belaunaldikoek lortu zuten Tokia antzerki taldearen bidez kaserna ukaitea. Haiek hasi ziren kaserna kulturgune bihurtzen. Denborarekin, antzoki ttipi bat antolatu da, eta duela guti oraingo lau kideei transmititua izan zaigu [Jon Foucher, Gaia Oliarj-Ines, Cindy Gomez eta Maika Etxekopar].

Antzerki obrak prestatzeko eta emateko baliatzen duzue Günea?

Kat’woq, Continuum eta Bonbon beltz konpainien artean erabiltzen dugu gunea. Zuberoan antzerkian profesionalizatu nahian gabiltza. Juntatzeko beharra sentitu genuen, eta gauzak elkarrekin emateko gogoa genuen. Euskal Herriko hiriguneetatik amiñi bat urrun gelditzen gara, eta antzerkian profesionalizatu garenok horrelako leku bat behar genuen antzezlanak sortzeko eta hedatzeko. Maule erdigunean antzerki gune bat urte osoan biziaraztea da gure helburua. Guretzat premiazkoa da horrelako leku bat izatea kultur ekosistema baten barnean.

Antzerkia bizi dadin, transmititu egin behar da. Antzezlanak hedatzeaz gain, gazteentzat tailerrak egiten dituzue?

Gaia Oliarjek eta nihaurek tailerrak proposatzen ditugu haurrentzat eta nerabeentzat, euskaraz eta frantsesez. Azkenaldian, Berrogaineko laborantza lizeoan egin ditut tailer batzuk, frantsesez. Tokia antzerki taldean baino leku gehiago egiten diogu euskarari. Tailerrak ez ditugu euskaraz baizik egiten, baina biziki garrantzitsua zaigu euskarak gure programazioan eta hedapenean lekua izan dezan. Tokia konpainiak luzaz frantsesez transmititu izan du antzerkia Zuberoan. Guri dagokigunez, lauretarik hiru euskaldunak gara, eta gure konpainien eta lanaren nortasunean euskarak presentzia du. Tailerrak egiteaz gain, emanaldien bidez inguruan dugun jendeari antzerkia zabaltzea da gure helburua. Zuberoan baditugu maskaradak eta pastoralak, baina antzerkirako ez da hainbesteko ohiturarik.

«Euskal Herriko hiriguneetatik amiñi bat urrun gelditzen gara, eta antzerkian profesionalizatu garenok horrelako leku bat behar genuen antzezlanak sortzeko eta hedatzeko»

Hortaz, jendeak zer pentsatu du orain arte proposatu eskaintzaz?

Eskaintzen dugunarentzat bada publiko bat, eta hori argiki ikusten dugu. Günea estreinatu genuen kabaret gaualdi batekin, eta hitzordu hori nahi genuke pizturik atxiki buruil guziz kabaret bat jinaraziz. Oro har, jendea artezalea da eta ez da hain zaila izan publikoa erakartzea. Antzerkia askapen kolektiboa da, eta gizartea anitz galdeka lezake. Zuberoan tradizioari biziki lotuak gara, eta, nolazpait, antzerkiak beste nonbaitetik inarrosten du gure komunitatea. Hemengo kultur paisaian parte hartu nahi dugu, eta, gure obrak hedatuz, indartu nahi genuke antzerkiak duen galdekatzeko boterea.

Datorrenari begira, zer hedatzeko xedea zenukete?

Egun hauetan hasiko gara dena zehazten. Negua lasaia izan da. Kabareta egin genuen buruilean, eta ondotik zenbait sorkuntzatan aritu izan gara. Kat’woqek La Interna Primavera estreinatu zuen, bi emanaldi eginda. Apiril hondarrean, zinema kontzertu bat proposatu nahi genuke, eta espero dugu Bekaturos festibalaren karietara Bonbon beltz konpainiaren izenean Titika Rekaltek eta nihaurek prestatu dugun pieza berria proposatzea. Xiru festibala jinen da ondotik eta pieza batzuk ari gara sortzen horren harira.

Kaserna ohia eraikin aski zaharra da. Geroan obrak egin beharko dira jendeari harrera egiteko?

Eraikin aski zaharra da, eta baluke freskatzeko eta arauetan sartzeko beharra. Funtsezko obra batzuk beharko lirateke. Eraikina Mauleko Herriko Etxearena da eta dohainik uzten digu. Guk gastu finkoak baizik ez ditugu pagatzen. Zinez luxua da horrelako lokal bat izatea. Neurri aski politeko antzokia da, 70 pertsona sar daitezkeelako, eta formatu ttipiko piezak presentatzeko ezin hobea delako.

LOTSABAKO

Zer amesten duzu Günearentzat?
Guri esker euskaldunagoa da tokia. Geroan ere hala izan dadila amesten dut, Günea euskararentzat arnasgune eta trukaketa lekua izan dadin.

 

Heldu den igandean da herriko bozen bigarren itzulia. Kulturari nahikoa leku eman zaio kanpainan?
Espero dut heldu den Herriko Etxeak oraino zentzua harrapatuko diola proiektuari, eta nahi nuke ohar daitezen zeinen osasuntsua den horrelako kulturgune bat izatea herriaren erdigunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA