Ezarian. Gastronomia

Presidentearentzat jana prestatzen Georgian

Sergio Calderonek ezin izan zion ezetz esan Mikhail Saakaxvili Georgiako presidenteak egindako eskaintzari. 2010ko irailean hasi zen presidenteak Tbilisi hiriburuan duen jauregiko sukaldean lanean.

Sergio Calderon donostiarra Georgian ari da sukaldari lanetan. S. CALDERON.
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Sukaldariburu, bazatoz Georgiara nirekin?', gadeltu zidan presidenteak Valentzian egin zidan elkarrizketan», gogoratu du Sergio Calderonek (Donostia, 1978). Proposamena gustatu, eta Georgiara joan zen lanera. Egun, Mikhail Saakaxvili Georgiako presidentearen sukaldariburua da, eta hark jauregian dituen ekitaldiez arduratzen da.

Luis Irizar Donostiako sukaldaritza eskolan ikasi zuen Sergio Calderonek sukaldaritza, eta eskolatik deitu zioten egun duen lanpostua betetzeko. Valentzian iragan urtean egin zen 1 Formulako auto lasterketan egin zion lan elkarrizketa Mikhail Saakaxvili Georgiako presidenteak berak. Bere sukaldariei plater eta sukaldaritza teknika berriak erakustea, eta, aldi berean, dituen ekitaldiak antolatzea proposatu zion. Hori bakarrik ez, Georgian euskal jatetxe bat ireki nahi zuen, eta jatetxeko ardura proposatu zion. «Proiektua asko gustatu zitzaidan. Etorri nintzenean, hiru hilabetez aritu nintzen sukaldariei plater eta teknika berriak erakusten eta presidentearen ekitaldiak prestatzen. Gero, beste hiru hilabete gelditzeko eskatu zidan, eta gero, beste bi. Baina aurki jatetxea inauguratzera joanen naiz, jatetxea martxan jartzeko ekarri ninduen eta», dio Calderonek. Presidenteak Georgiako hegoaldean, Abkhariako eskualdeko hiriburuan, Batuminen, jatetxe bat eraiki du. Bertako sukaldeburu eta kudeatzaile izanen da Calderon ekainetik aurrera. «Euskal sukaldaritza asko maite du presidenteak, eta jatetxe eta sukaldari euskaldunak nahi zituen. Berak, espreski, Donostiako euskal sukaldari bat eskatu zion eskolari». Sukaldaritza asko maite du Georgiako presidenteak, eta «oso jatun ona» dela dio Calderonek. «Arraina izugarri maite du eta badaki Euskal Herrian sukaldaritza kultura oso maila handikoa dela eta arraina ongi prestatzen dela».

Berrehun plater baino gehiago prestatu ditu jada jauregian. «Ez dut bakar bat errepikatu. Denetarik egin dut: entsaladak, arraina, itsaskiak, haragia, azkenburukoak… Ekitaldi guztietan lau plater prestatzen ditut». Presidenteak zer nahiago duen argi du sukaldariak. «Prestatzen ditudan arrain plater guztiak maite ditu. Zoratzen da arrainarekin». Itzultzaile bat du eguneroko lanerako. Jauregiko sukaldean beste bost sukaldari ditu laguntzaile, eta ekitaldia handia bada sukaldari gehiago ekartzen ditu. Euskal Herrian bezalako arrain eta itsaski aukera eta gourmet produktuak aurkitzea «zaila» dela dio Calderonek eta Euskal Herritik eramaten dizkiote.

Ekainean irekiko dute 60 lagunentzako jatetxea Batuminen, eta pozak txoratzen dago. «Euskal jatetxe bat izanen da», azpimarratu du. Etorkizunari begira ez du askorik pentsatu nahi. «Oraingoz oso pozik nago. Biharauskalo zer eginen dudan. Orainak balio du. Asko ikasten ari naiz. Kanpora ateratzea oso ona da».

Hizkuntza zaila den arren, georgiarrak «oso jatorrak eta hurbilak» direla dio. «Zenbait gauzatan oso antzekoak gara euskaldunak eta georgiarrak. Hurbilak, fidelak eta zintzoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.