Euskal Herriko XIII. Pintxo Txapelketa. Jorge Otxoa. Sukaldaria

«Produktua da benetan balio duena»

El Mercao jatetxeko Felix Jimenez sukaldariarekin batera ondu du Otxoak Camarón de la Concha pintxoa, flamenko abeslariari keinua.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Izkira eta txangurrua oinarri dituen pintxo bat sortu zuten Otxoak eta Jimenezek, produktuari eta haren zaporeari beste ezeri baino garrantzi handiagoa emanez. Nafarroako txapelketa irabazi zuten hala, eta horrek Euskal Herrikoan ere parte hartzera animatu zituen. Hunkituta jaso dute lehenengo saria, eta espero dute jendea erakarriko duela Iruñeko El Mercao jatetxera.

Garrantzitsua da mokadu bakarrean jateko moduko pintxoak egitea?

Pintxoak nolakoa izan behar zuen pentsatzen hasi ginenean, berehala erabaki genuen mokadu bakarrean jatekoa behar zuela. Txapelketetan izan dugun esperientziak erakutsi digu hori, epaileek ere iritzi hori bera dute, eta, tabernan zaudenean ere, garrantzitsua da pintxoa mokadu batean edo bitan jan ahal izatea.

Zer ematen du halako txapelketa batek?

Egia esan, oraindik ez dut batere argi. Argi dago horrelakoak oihartzuna lortzeko egiten direla, eta hori nahi genuke, jendea gurera etortzea eta lan asko egitea.

Nafarroako txapelketa irabazi zenuten, Euskal Herrikoa orain... Nazioartera zabaltzeko asmorik?

Tira, oraingoz behintzat, poliki. Orain txapelketa hau dastatzea dugu onena. Euskal Herrikoan lehenengo aldia genuen aurtengoa, eta sekulakoa da guretzat finalera iritsi eta gainera irabaztea.

Konfiantzaz etorri zarete?

Denek esaten ziguten oso goxoa zela, eta bistarako ere plater ederra dela; jateko erraza, gainera. Baina guk bilatzen duguna produktua da, azkenean horrek balio baitu benetan. Pintxoak izkiraeta txangurru zaporea izan behar du, eta erabaki dugu ez sartzea haiek estaliko zituen beste osagairik.

Zergatik izkira?

Andaluzian [Espainia] ikusi nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Pentsatu nuen polita izan zitekeela hango plater bat hartu eta hemengo erara kozinatzea.

Camaron de la Islarekin lotu duzue, gainera.

Bai, kozinatu bitartean musika jarri dugu entzumena ere goxatzeko, baina, esan didatenez, lekuz kanpo ere egon zitekeen [barreak].

Nolakoa da El Mercao?

Batez ere, jatetxeak dauka indarra, baina denetik daukagu, barra eder bat ere bai. Hasi ginen Nafarroan txapelketetara aurkezten, finaletara iristen... Ibilbide polita izan da, eta hemen ere zortea lagun izan dugu.

Erraza da norbere sukaldeko sekretuak alde batera utzi eta horrelako txapelketa batean jendaurrean kozinatzea?

Oso erraza izan da, giro bikaina izan baitugu parte hartzaileon artean. Egia da ez dugula astirik izan elkar behar bezala ezagutzeko, baina kideak gara, ofizioa gustatzen zaigu, eta beti sortzen da giro ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.