Oker-oker egindako zuhaitz bat ageri da azalean, ez erortzeko eginahalak egiten. «Argazkia benetakoa da. Editatuta dago, baina zuhaitza horrela dago hor», esan du Joxefe Diaz de Tuestak (Gasteiz, 1953). Heriotzatik gertu izan diren hemeretzi pertsonaren argazkiak eta bizipenak bildu ditu, Bestaldetik etorriak liburuan.
«Bestaldetik etorriak» dira zure liburuko protagonistak. Nondik zehazki?
Modu askotara ulertu daiteke, baina, kasu honetan, hil ala biziko ataka batean egon diren pertsonen testigantzak dira. Denak egon dira hiltzekotan, ia-ia hilda, eta trantze horretan egon zirenekoa kontatu dut: zer bizipen izan dituzten, zer beldur, zer indar...
Denak dira oñatiarrak, eta denak egon dira hilzorian. Horrexetan datoz bat, ezta?
Bai, bi gauza horietan. Oñatikoak izateak batasuna ematen dio istorioen multzoari.
Hurbil ere badaude kontatzeko moduko istorioak...
Asko gustatzen zaizkit hurbileko gaiak. Ez naiz gauza exotikoen oso zalea. Japonia, Mongolia, basamortua... ez. Ikusten dut hurbilean, urrutira joan gabe ere, badaudela gai eta pertsona interesgarriak.
Nola bururatu zitzaizun ideia?
Lagun batek eman zidan pista. Ezagutu berria nuen, eta paseoan esan zidan: «Ni bestaldetik etorria naiz». Testuinguru horretan ez nion ulertu: «Nola bestaldetik? Hi Oñatikoa haiz eta». «Bai, nik Done Petriri bizarrak ikusi dizkiot», esan zidan. Bere pasadizioa kontatu zidan: oporretan hilabete egon zela konorterik gabe, eta bueltan erabat osatu zela. Pentsatu nuen motibo horrek aukera bat ematen zuela proiektu polit bat egiteko, batez ere argazkiz osatua. Testuak eta erretratuak daude liburuan.
Nola bizi izan zuten heriotzatik hain gertu egote hori?
Oso desberdina da batetik bestera. Nik kontatuta ematen du ikaragarri dramatikoa dela, eta dramatikoa da izatez. Baina egia da testigantza guztiek dutela umore puntu bat, eta baikortasun puntu bat. Oso jarrera onarekin bizi izan dute, eta borrokatzeko gogoz. Den-denek esaten dute momentu batean erabakia hartu zutela aurrera egiteko. Batzuetan eurengatik, baina, beste askotan, inguruan zuten jendearengatik.
Horri esker lortu dute aurrera egitea?
Protagonista guztiek dute kristoren indarra, bizitzeko kristoren gogoa. Nik uste dut, bizirik baldin badaude, neurri handi batean horregatik daudela bizirik: bizitzeko gogoari esker. Horrek bultzatu ditu borroka egitera. Asko dira aurretik ere oso borrokalariak izandakoak: kirolariak, bizizaleak... Ikaragarria da zein jarrera positiboa duten.
Bizitza beste modu batean bizi dute esperientzia horien ondoren?
Denek esaten dute, behin istripua edukita, behin trantze horretatik pasatuta, bizitza aldatu zaiela. Batzuei fisikoki ere bai, baina batez ere bizitza ikusteko eta bizitzeko moduari dagokionez. Baten batek esaten du: komeniko litzateke jende guztia bizitzan behin behintzat pasatzea horrelako jendea dagoen ospitale batetik, ikusteko zer den hango bizitza. Eta ni neu ere gero konturatu naiz denok eduki beharko genukeela bizitzan horrelako gertaera bat. Osorik irtenda eta ondorio larririk gabe, e? Baina bizitza orain baloratzen ez dugun bezala baloratuko genuke.
Testigantzak bere horretan sartu dituzu, lehen pertsonan. Zergatik?
Testigantza guztiak hitzez hitz daude, aldatu gabe. Egin dudana da nire galderak kendu. Eta kendu ditut, besteak beste, protagonistek eurek kontatutako istorioak direlako. Lehenengo pertsonan, pertsona bera da narratzailea. Horrek sinesgarritasun handiagoa ematen dio istorio bakoitzari, eta hurbiltasuna ere bai. Ahalik eta zehatzena eta literalena jasotzea zen helburua.
Bakoitzaren hizkera islatu duzu, nolabait.
Espontaneotasun hori errespetatu dut; iruditzen zait horrek ere ematen diola, nolabait, aitormenaren itxura. Linguistikoki akatsak egonda ere, iruditu zait akats horiek ere nolabait aberasten dutela kontakizuna.
Argazkiak ere baditu: hor sartu duzu zure begirada?
Testuetan, behin lehen pertsonan eginda, ez dut izan eragiteko aukerarik. Argazkietan, bai: denak nortasun agiriko formatuan izatea eta atzeko geruza batekin nahastuta egotea argazkilari baten erabakia da. Atzeko argazkiak lausotuta daude, misterioa edo mundu ezezagun bat gogora ekartzeko, hain garbi ez dagoen zerbait; adierazteko pertsona bakoitza ez dela ikusten dugun hori, zerbait gehiago dagoela atzean.
Eta bakoitzaren amaieran, zuhaitz paisaia baten argazkia.
Hori baita bizitza, azken batean, azaleko zuhaitza bizitza den bezala. Borrokan dabilen izaki baten irudia da; beste zuhaitz batzuk apurtuta daude, adarrak apurtuta, erorita, hautsita... Jolas bat da, hiru elementuren artekoa: pertsonaia, zuhaitza eta istorioa. Horrekin saiatu naiz fisikoki koherentzia ematen liburuari.
Kultur etxea jendez bete zen aurkezpenean. Pozik?
Oso pozik. Protagonista gehienak han zeuden, eta familiako batzuk ere bai. Eta, horrekin batera, oso pozgarria izan da bi urte eta piko laguntzen ibili den jende asko agertu izana. Inork ezingo zuen hau egin jendearen laguntzarik gabe. Lehen protagonista nire lagun hori zen, baina, gero, galdezka, denek eman didate informazioa eta laguntza: izenak, telefonoak, kudeaketa...
LOTSABAKO
Liburuak emandako irakaspen bat?
Eguneroko bizitza dastatu behar dela.Liburuko esaldi bat?
«Bizitzak asko eman dit, eta heriotzak ere bai».Argazki bat?
Azalekoa.