'ProtAgonizo', arima biluzia

Ester Bellver aktoreak 'ProtAgonizo' antzezlana emango du Bilbon, estereotipoen aurkako ikuskizun bat

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
ProtAgonizo izango da Bilboko Pabiloi 6 gune eszenikoak 2011-2012 denboraldian eskainiko duen azken ikuskizuna. Ester Bellver aktoreak zuzendu eta antzezten duen obra bat da. Gaur emango du, 20:00etan.

Ester Bellver 12 urte zituela hasi zen gaur egun dena izateko prestatzen, eta ordudanik ez da gelditu. 2009an, ProtAgonizo lana aurkeztu zuen, eta arrakasta aparta eduki du ikuskizunak.

Ester Bellverrek ProtAgonizo izenburuan konnotazio eta esanahi ugari bildu ditu, hitz joko burutsua erabiliz. Ausardiaz lepo, eszenaratzea biluzik egiten du, hiru ispiluz inguratuta, zeinek haren biluztasuna ezkutatu ordez are ageriago uzten duten. Gertutasuna erakutsiz eta modu zuzenean hitz eginez, ordea, airean senti daitekeen tentsioa zeharo ezabatzen du. Protagonistaren kanpo biluztasuna anekdota hutsa bilakatzen da, eta barneko biluztasunean murgiltzen du ikuslea: haur garaiko esperientziak, gaztaroko pasarte ahaztezinak, plazer eta sufrimenduzko momentuak, arrakasta eta porrotak...

Hori dena bere presentzia fisiko zein emozional irmoarekin, ikuslea bereganatzera iristeraino.

Gainera, gizarteari kritika egiten dio, emakumeei eta aktoreei txikitatik gizarteak ezartzen dizkien estereotipoen aurka. Humorea eta poesia uztartuz, ikuslearen emozioekin jokatzen du.

'PROTAGONIZO'

Noiz. Gaur, 20:00etan.

Non. Pabiloi 6n, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.