Egun batek 86.400 segundo ditu. Dena bizkor eta presaka doan garai honetan, zaila da detaile eta momentu bereziak gogoan hartzea. Argazki batek, ordea, segundo horietako guztietako bat harrapa dezake. Denbora igaro eta argazki hori begiratzean, zer gertatzen da? Irudia bera da ala beste zerbait bihurtu da? Hori baita obra baten prozesua: artxiboak iraganaren biltegi izateari utzi, eta egungo inspirazio bihurtzea.Â
Hori da Sortu, gorde, berpiztu erakusketaren xedea. Ane Mai Hook artistak (Donostia, 2002) Bergaran (Gipuzkoa) aurkeztu zuen uztailaren 3an, eta hilaren 19ra arte izango ditu ateak zabalik: asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igande zein jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara, Aroztegi aretoan. Sarrera doakoa da. Erakusketan bederatzi pintura, zortzi marrazki eta elkarrekin obra bat sortzen duten hirurehun argazki ikus daitezke.
Hookek Arte Ederren gradua ikasi zuen, eta jarraian pinturako master bat egin zuen, biak EHUn. Bergarako Udalak Aroztegi aretoan erakusketa bat egiteko deialdia zabaldu zuen, eta donostiarrak aurkeztea erabaki zuen.
Erakusketak erantzun «positiboa» izan du herrian. «Atentzioa eman dute argazkiek; erlazio bat sortzen da argazkien eta obren artean, baita gela osoan zehar ere», nabarmendu dute antolatzaileek.Â
Artistak badu berezitasun bat: «kamera txiki batekin» egiten du lan, eta inguruan dagoen ia guztiari argazkiak ateratzen dizkio, «istantaren ideiari» jarraituta. Argazkiak ateratzeak zer zentzu daukan hausnartu du Hookek: «Askotan ez bazenu argazki hori aterako, momentu hori galduko zenuke; argazkia atera diodanez, badakit hori gertatu dela, eta momentu hori gorde dut moduren batera azaltzeko». Orain, kalean gertatzen diren errepikapenei argazkiak ateratzen ari da lanean. Horiekin artxibo bat sortzen du, eta gero, horri tiraka, prozesuaren azken pausora eramaten du: pintura bihurtu, eta nolabait hasierako sorkuntza berpiztu. Argazki asko ateratzeari garrantzia ematen dio: «Erakusketan hirurehun argazki ditut ikusgai, baina denera 3.000 inguru nituen». Askotan gogorragoa egiten zaio artxiboan aukeraketa egitea, horrekin lan egitea baino.
Hiru pauso
Lehenengo pausoa «sortzea» da, eta Hookek argazkien bidez ematen dio hasiera prozesu artistikoari. Ondoren, «gordetzea» etorriko litzateke; pauso horretan artistak pieza garrantzitsu bat aipatu du: «artxiboa». Erakusketarako sortu duen testua artxiboaren garrantziaz mintzatzen da, hain zuzen ere. Azkenik, «berpiztea» egongo litzake. Artistak adibidetzat jarri du nola argazki guztiak batera jartzean erlazio bat sortzen den eta elkarrekin beste zerbait sortzen duten.Â