Lau emakume daude mahaiaren inguruan, egurrezko ohol mehe batzuk eskuetan. Zer egingo duten galdetuta, erantzun harrigarria ematen dute: «Sublimatzen ari gara». Irungo Ficoban (Gipuzkoa) zabaldu zuten atzo Harri-orri-ar feria, eskulanak maite dituztenei eskainitakoa. Denera 30 postu ditu ikusgai, eta igandera arte egongo da zabalik.
«Euskal Herrian gauza berria da sublimazio teknika, baina Argentinan asko erabiltzen dute», adierazi du Daniel Lizarralde Donostiako Zurjole eskulan eskolako sortzaileak. Irudi bat egurrera edo oihal batera transferitzeko teknika bitxia da, solidoa (tinta) gas bihurtzen baita, zuzenean, fase likidotik pasatu gabe. Prozesua azaldu du Lizarraldek: tinta berezi batzuekin margoturiko lamina bat egurraren kontra jartzen da, eta ile lehorgailu batekin berotzen da. Tinta zuzenean pasatzen da egurrera, eta han geratzen da irudia.
Eskulanetan hasi aurretik, erietxe psikiatrikoetan egin zuen lan Lizarraldek sei urtez. Besteak beste, Usurbilgoan (Gipuzkoa), aritu zen erizain laguntzaile. «Lanarengatik asko hitz egiten nuen gaixoekin, eta han konturatu nintzen eskulanek zelako mesedea egiten zieten», esan du. Orduan aurkitu zuen helduentzako eskulanen mundua, eta eskola zabaltzea erabaki zuen.
Sublimatzen ikasten ari den emakumeetako bat Soledad Pascual da. «Birziklatze sortzailea» du zaletasun, esan duenez. Altzari zaharrak berritzen dituela azaldu du. Etxeko sarrerako altzari ilun tipikoak hartu, kolorea eman eta «mandala bat» margotzen die, esaterako. «Oso diru gutxirekin, oso egur oneko altzari bat izan dezakezu, ez Ikeako horiek bezalakoa, eta pertsonala», esan du. «Vintage hitza gaur denerako erabiltzen da, baina, berez, kalitate oneko gauza esan nahi du». Eskulanak «supermodan» daudela gaineratu du Pascualek. Ikasle taldea du berak: «Etxea tuneatzen laguntzen diet».
Xingola japoniarrak
Tokioko emakume talde batek zinta itsaskorraren lantegi bateko zuzendariari idatzi zion 2006an. Etxea margotzen denean, margotu nahi ez diren guneak babesteko erabiltzen da zinta itsaskorra, baina eurek, lantegiaren zuzendariari azaldu ziotenez, gauzak apaintzeko erabiltzen zuten, eta, mesedez, koloretsuagoak egiteko eskatu zioten. «Horrela jaio zen washi zinten zaletasuna», azaldu du Mar Casadelrreyk. Gironatik (Katalunia) La mar de washitapes enpresa kudeatzen du, eta postua jarria du Irunen. Washi hitzak bakea eta adostasuna esan nahi du japonieraz. Washizaleek edozein objektu apaintzeko erabiltzen dituzte zintak. «Lehen, oso zaila zen zintak topatzea, baina, gaur, izugarrizko aukera dago».
Washi zintek arazo bat sortzen dute, ordea: gauzak apaintzen hasita, zaila da zerbait apaindu gabe uztea. «Azkenean, etxe osoan jartzen dituzu», esan du Casadelrreyk. «Baina oso erraz kentzen dira», gaineratu du.
Eskulanen mundua japonierazko hitzez beterik dago: kirigami (origami papera tolestearen artea da, eta, kirigami, papera moztearena); Shibori, berriz, korapiloekin oihalak tindatzearen teknika zaharra da. Horren inguruko liburuak dituzte Itsaso Fernandezek eta Ana Pozasek salgai Irunen. Una mamĂ¡ en las nubes denda dute Urnietan (Gipuzkoa). Batez ere Internet bidez saltzen dituzte zerorrek egin filosofiaren inguruko liburuak eta gaiak. «Duela bizpahiru urte egon zen zerorrek egin munduaren eztanda bat», azaldu du Pozasek. «Horri esker, orain askoz errazagoa da materialak aurkitzea». Fernandezek adibide bat jarri du, lagunaren ideia indartzeko: «Neuk AEBetan erosi behar izan ditut oihalak, hemen bakarrik amonentzako modukoak zeudelako». Ama izan, eta orduan hasi ziren biak josten. «Haurrari baserritar jantzia neronek egin behar niola sartu zitzaidan buruan», esan du Fernandezek. Pozasentzat, orain, etxean mailu bat izatea bezain ezinbestekoa da josteko makina edukitzea. Zergatik itzuli da, ordea, josteko gogoa? «Gauza pertsonalak egiteko nahia da, denok ez izateko gauza bera», erantzun du.
Bitartean, Sara Luengo ikastaroa ematen ari da, nerabe talde baten aurrean. Itsaso bazterreko harrietan, Gabonetako izeiak margotzen irakasten ari da. Txikitatik egin ditu eskulanak Luengok, baina duela bost urte bloga zabaldu zuen (www.elnidodemamagallina.com), jendeak etengabe eskatzen zizkiolako errezetak. «Belaunaldi batzuek baztertu egin dute eskulanen jakintza, eta hutsunea gertatu da. Baina, gaur, Interneten bidez, erraz aurkitzen duzu dakien jendea». Eskulanen modaren zergatia argi dute Irunen bilduriko zaleek: eskuekin lan egiteak jendea lasaitu egiten du. «Terapia ona da hau, guztiok, une batez, pantailak atzean uzteko», esan du Luengok. Beharbada, Freudek psikoanalisia utzi eta patchwork egingo luke gaur, edo beste zerbait, pultsio gaiztoak sublimatzeko.
ATZEKOZ AURRERA
Psikiatriko sublimean
Eskulanen zaleei begirako feria egiten ari dira Irungo Ficoban. Azken urteotan berriz piztu da gauzak norberak eskuz egiteko zaletasuna. Horren zergatia azaldu dute azokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu