Maratila

Publizitatea

santi leone
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Herenegun izan zen. Hileta batean. Apeza trakeski kantatzen ari zelarik erabaki nuen errenta adierazpenean ez nuela elizaren laukian markatu behar. Tira, lehenagotik nuen hori erabakia, baina herenegungo mezatik arrazoi berriak atera nituen elizari sosik ez emateko.

Nire iduriko, logika hutsa litzateke elizari ere aplikatuko bagenio alderdi katolikoek defendatzen duten politika ekonomiko neoliberala. Beraz, Estatuaren zergen bidezko laguntza deuseztatu beharko genuke, negozioetarako sormena pizteko. Urrunegi joan gabe, probestu gabeko aukera franko ikusi nituen nik igandeko elizkizunean. Hasteko, ez dakit zer dela-eta den dohainik mezarako sarrera. Bertze ikuskizunetan bezala (zineman, zezenketan...), bistan da ikusleak ordaindu beharko lukeela. Baten bati, akaso, garestiegi idurituko litzaioke, baina, tira, ez ahaztu sarrerarekin batera mokadutxo bat hartzeko eskubidea ere emanen luketela.

Eta, jakina, hor ditugu publizitateak eskaintzen dituen aukera mugagabeak. Hain sotana zuria daramaten apezek balukete zer ikasia lasterketako pilotuengandik. Azken buruan, zer kalte eginen genioke Jesusi estolako omegaren ondoan hau jarriko balu, adibidez: «Argizari likidoa, eta piztu zure kandela!». Mezan berean ez legoke gaizki etenaldi batzuk egitea, funtzioa arintze aldera: «Eta Jesus tenplura sartu eta merkatariak ikusi zituen. Orduan, koleratu eta... zer erran zuen? Iragarkien ondoren jakinen duzue!».

Hain herri katolikoan, elizak ez luke zertan babesle faltarik izan. Edo, bertzenaz, pikutara joanen litzateke, baina horri merkatuaren legea deitzen diote elizak maite dituen alderdiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE