Aimar Cordero (Gasteiz, 1989) urte luzez murgilduta egon da Gasteizko Orbain kultur elkartearen egunerokoan, eta haren lekukotasunak ederki islatzen du zergatik bihurtu den espazio hori hiriko punk eta sormen alternatiboaren ezinbesteko erreferente. Kazkabarra tabernaren errautsetatik sortu zen proiektua, baina urteek identitate propio eta bereizia eman diote: komunitatekoa, irekia eta autogestionatua. Egizu zuk zeuk filosofiari tinko eutsiz, Orbain ez da taberna hutsa; elkargune, tailer, areto eta sormenaren eragile bihurtu da. Orain 10. urteurrena ospatzen ari dira, eta abenduaren 13an borobilduko dute ospakizunen egitaraua, Jimmy Jazz aretoan antolatu duten jaialdiarekin.
Hastapenetara joanda, punk-rockaren ondarea suspertzeko sortu zen Orbain?
Kazkabarra tabernako azken txinpartetatik piztu zen. Tabernako bezero eta lagun batzuek galdera sinple bat egin zuten: «Zergatik ez dugu guk zerbait sortu?». Eta hortik sortu zen guztia. Ideiak botatzen hasi ziren, nahi zutena zehazten: lokala mantendu, baina edukiz bete, kulturalizatu, komunitateari ireki... Azkenean, kultur elkarte moduan antolatzea erabaki zuten.
Hasieratik, Egizu zuk zeuk filosofian oinarrituta egon da proiektua. Gaur egun, ia ezinezkoa dirudi horri eusteak; nola lortu du Orbainek?
Gasteizek berez dauka punkaren arrastoa eta izaera, eta horrek asko lagundu du. Hemen bada tradizio bat, eta Orbain ez da huts-hutsetik sortutako burutazio bat. Elkartearen izena, adibidez, Cicatriz taldea omentzeko modu bat ere bada. Do it yourself filosofia, egizu zuk zeuk, hori da praktikan jartzen duguna: lan guztia kolektiboa da Orbainen. Liburu aurkezpen bat, tailer bat edo kontzertu bat antolatzen denean, bazkideek hartzen dute ardura: barran, soinua kontrolatzen, sarrerak kudeatzen... Ia ezinezkoa dirudi, baina egiten dugu.

Cicatriz taldeaz gain, Eskorbuto, RIP edo La Polla Records bezalako taldeek Gasteizen izan zuten presentzia handia. Ondarea galdu dela uste duzu?
Ez dut uste galdu denik, nahiz eta formak eta testuingurua aldatu diren. Punka beti izan da gizartearen kontra egindako oihu bat, desadostasuna adierazteko modu garbia, eta hori ez da desagertu. Gaur egun ere bada jende berria, gazteagoa dena, oihu egiten jarraitzen duena. Eta arazoak ez dira gutxitu; beraz, oihuak zentzua du oraindik. Euskal Herriko eszena oraindik ere sendoa da.
Punka gitarren soinua distortsionatzea baino gehiago da, beraz?
Autonomia bilatzeko ahalegina da, gizarteak inposatutakoaren aurka agertzea. Zergatik ezin dut nik antolatu kontzertu bat? Zergatik egon behar dut areto handiek egiten dutenaren esperoan? Punkak dio: «Inork ez diezazula esan zer egin behar duzun; egizu zuk zeuk». Horregatik esaten dut izateko modu bat dela. Jarrera bat da, eta hortik dator haren indarra.
Urte hauetan hainbat ekintza antolatu dituzue. Lortu duzue jendeak Orbain ezagutzea eta eszenan erreferentzia izatea?
Esan genezake baietz. Hasieran, ez genekien nora iritsiko ginen, baina gaur egun jende askok badaki zein den Orbainen rola hirian. Talde berriek idazten digute, hemen jotzeko aukeraren bila. Askotan, eszenako maila txikiagoko taldeak dira, baina talentua daukate eta beste areto handiagoak ez dira beti irisgarriak. Hori da gure indarguneetako bat: ateak beti daude irekita.
«Oihuak lokaletik kalera ateratzeko aukera ematen du Orbainek. Espazio bat eskaini nahi dugu guk, lehen pausoa ematen ari direnentzat batez ere»
Ez duzue konplexurik talde ezezagunak hartzeko.
Inondik ere ez. Oihuak lokaletik kalera ateratzeko aukera ematen du Orbainek. Espazio bat eskaini nahi dugu guk, lehen pausoa ematen ari direnentzat batez ere.
Ekintzaz bete duzue egutegia, baina abenduaren 13an urteurreneko ospakizun berezia duzue Jimmy Jazz aretoan.
Hasieran, urte hasieran ospatu nahi genuen urteurrena, baina denborak ez zigun aukera handirik eman. Azkenean, lantalde sendo bat osatu genuen, eta ekintza sorta polita atera dugu. Noski, Jimmy Jazz aretokoa da egun handia. Gure lau hormetatik ateratzea aukera polita da, eta, gainera, jende gehiago joan ahal izango da.
Orbainen ibilbidea aztertuta, zer azpimarratuko zenuke elkarteak eman duenetik?
Orbain akuilu bat da. Hemen askok aurkitu dute euren lehenengo aukera, eta hori ez da gutxi. Horrez gain, komunitate sendo bat sortu da. Ehun bazkide inguru gara, eta egia da koordinatzea ez dela beti erraza, baina lortzen dugu aurrera ateratzea.

Etorkizunean ere egiten jarraituko duzue?
Ez dugu beste biderik ikusten. Bazkideren batek ideiaren bat baldin badu, proposatu egingo du, eta aurrera aterako du. Orbain ez da proiektu itxi bat, eta horregatik jarraituko dugu jendeari ateak zabaltzen.
Saretzerik lortu duzue?
Gure esperientziak erakutsi du posible ez ezik beharrezkoa ere badela saretzea. Iparragirre edo Laudioko Orbeko Etxea bezalako proiektuekin elkarlanean aritu gara, eta logikoa litzateke horri jarraipena ematea. Autogestioaren filosofia antzekoa da, eta sare batek egonkortasuna eta indarra ematen dizkio eszenari.
lotsabako
Talde bat?
The Kids.Kontzertu bat?
Cock Sparrer lehenbizikoz ikusi nuenekoa.Zuzenean ikusi nahiko zenukeen talde bat?
999 taldea.