Putzu sakon eta ilunetan barrena

'The Deepest Breath' estreinatu du Netflixek, Alessia Zecchini urpekaria oinarri duen dokumentala

The Deepest Breath dokumentala. NETFLIX.
jakes goikoetxea
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kontzentratu, burua hustu, aire puskak irentsi, birikak bete, eta barrura. Uretan behera. Ahal bezain urrun. Bidaia uretan, bidaia giza gorputzaren mugetara. Apnea urpekariak dira. Biriketan pilatutako oxigenoa baliatzen dute ur azaletik putzu ilun eta sakonetara murgiltzeko, soka bati jarraituz. Argitasunetik ilunpera. Gai dira luzaroan arnasarik hartu gabe irauteko eta biriketako oxigenoari eusteko.Minutu luzeetan. Han behean dena da geldoa, isiltasuna da nagusi, eta apnea urpekariek bihotz taupadak soilik entzuten dituzte.

The Deepest Breath dokumentalak (Arnasarik sakonena) urpekari baten istorioa kontatzen du, Alessia Zecchini italiarrarena. Munduko apnea urpekari onenetakoa da. Munduko hainbat marka ditu. Ur azalean arnasa hartu eta uretan behera ehun metrotik gora egiteko gai da. Hegal batekin edo birekin. Hiru minutu eta 21 segundo pasatu ditzake ur azpian berriro arnasa hartu arte. Txapelketa eta domina zerrenda amaigabea du, urpean igerian egiteko gai den bidearen parekoa ia.

Baina istorioa ez da Zecchiniri buruzkoa soilik. Apnea urpekariek talde bat izaten dute laguntzeko, eta haien lana oso garrantzitsua da ezer ez gertatzeko edo, gertatuz gero, azkar eta ondo erantzuteko. Zecchiniren kasuan, Stephen Keenan urpekari irlandarra da konfiantzako pertsona, segurtasun urpekaria. Eskarmentu handikoa. Dozenaka apnea urpekariren entrenatzaile izandakoa.

Dokumentalak Zecchiniren ibilbidea kontatzen du, munduko onenetakoa bihurtu arte, eta Keenan nola ezagutu zuen ere agertzen da: Dahab-en, Egipton, munduan dauden urpeko igeriketa arriskutsuenetako bat egiten ari zela. Keenanek urpekaritza eskola bat zuen Dahaben, eta Zecchini han geratu zen, elkarrekin lan egiteko, Zecchinik munduko marka bat lortzeko.

Laura McGann-ek zuzendu du dokumentala. A24, Motive Films, Ventureland eta RAW ekoiztetxeek babestu dute proiektua. Sundanceko jaialdian estreinatu dute, aurten.

Hasiera ederra bezain gordina da. Zecchinik munduko marka hobetzeko egindako murgiltzea ageri da, osorik. Urpeko irudi ederrak, neoprenoan bildutako gorpu bat uretan behera, uretan hegan, iluntasuna, bihotz taupaden erritmo motela... 102 metroraino.

Kirol arriskutsua

Alpinismoan espedizioak ez dira bukatzen beheko kanpalekura bueltatu arte. Apnea saioak ere ez, ur azalera iritsi arte. Eta hor sortzen da tentsioa. Uretako presioa, oxigeno falta... Goranzko bidean taldeko urpekariak ditu lagun. Baina Zecchinik konortea galduko du, eta ahoz ahokoa egin beharko diote suspertzeko.

Muturreko kirola da apnea urpekaritza. Hainbat urpekari hiltzen dira urtero. Eta horixe gertatu zitzaion Zecchiniren segurtasun urpekariari, Keenani. Zecchinik Arkua zeharkatu nahi zuen, 25 metroko tunel natural bat, 56 metro inguruko sakoneran, Dahaben, Itsaso Gorrian. Blue Hole (Zulo Urdina) deitzen duten eremu batean. Urpekarien hilerria ere deitzen diote. Munduko murgilaldirik arriskutsuenetakoa da. 200 bat hil dira azken hamabost urteetan.

Zecchini Arkuraino jaitsi zen, baina desorientatu egin zen. Keenan hari laguntzera joan zen, 50 metro inguruko sakonerara. Zecchini ur azalera onik eramatea lortu zuen, baina berak konortea galdu zuen eta hil egin zen. Ur azalean topatu zuten, buruz behera eta konorterik gabe. Keenanen heriotzarekinbukatzen da dokumentala, amaiera tragiko horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.