Rachel Reiden izen bereko eleberrian oinarrituta eta Jacob Tierneyk telebistarako garatuta, Shane Hollander (Hudson Williams) eta Ilya Rozanoven (Connor Storrie) harreman sekretu eta luzea kontatzen du Heated Rivalry telesailak. Hockey munduko izar nagusiak dira biak, aurkari diren bi talderen ikur, eta izotz gaineko lehia basatiak talka egingo du urte luzez ezkutuan edukiko duten lotura emozional eta sexual sakonarekin.
Norgehiagoka publikoaren zarata eta intimitatearen isiltasuna kontrajarriko dira etengabe, tentsio iraunkor batean. Dualtasun horretan eratu da telesailaren muina: kanpora begira erakusten den etsaitasuna eta barruan bizi den konplizitatea. Horri esker, Heated Rivalry-k «maitemintzen diren etsaien» eskema klasikoa gainditzen du, eta heldutasunez, ñabarduraz eta kontraesanez osatutako harreman konplexu bat marrazten.
Denboran eginiko jauzien bidez egituraturik, narrazioak protagonisten bilakaera pertsonala eta profesionala ehuntzen du, eta argi erakusten du nola denboraren joanak, etengabeko begirada mediatikoak eta errendimendu handiko kirolaren exijentziek moldatzen dituzten haien erabakiak etengabe. Iraganaren eta orainaren arteko joan-etorri horrek sakondu egiten du pertsonaien barne gatazketan, eta ikusleari aukera ematen dio presio publikoaren eta intimitate pribatuaren arteko tentsioa ulertzeko.
Queer sexualitatearen tratamendu esplizitu eta zuzena da telesailaren alderdirik ausart eta adierazgarrienetako bat. Probokazio huts gisa ulertzetik urrun, eszena intimoek funtzio narratibo sendoa betetzen dute: desioa pertsonaien garapen emozionalaren ardatz nagusi gisa aurkezten da, gizatiarra, kontraesanez betea eta zaurgarria. Hasieratik bertatik, intimitate fisikoa hizkuntza bilakatzen da —boterea adierazteko, babesleku gisa funtzionatzeko eta ihesbide posible gisa baliatzeko—. Ildo horretan, telesailak queer sexualitatearen irudikapen esplizitu baina zentzuzkoa eta ospatzekoa eskaintzen du, naturaltasunez txertatutako eszena batzuen bidez, kontakizunaren logikarekin erabat bat eginez.
Eragin kulturala
Kanadan estreinatu zutenean, telesailak berehala izan zuen eragin kultural nabarmena: intimitatearen irudikapenaren inguruko eztabaidak piztu zituen, queer harremanen normalizazioari buruzko gogoetak sustatu, eta, oro har, agerian utzi narratiba inklusiboagoen premia dagoela tradizionalki eredu heteronormatiboak nagusitu izan diren generoetan.
Telesaila kirol profesionalaren esparruan girotua dago, sarritan maskulinitate normatiboaren gotorleku gisa irudikatu den testuinguru batean. Horregatik, bi gizonen arteko maitasun istorio bat erdigunean jartzeak kolokan jartzen ditu sakonki errotutako estereotipoak, eta bestelako identitate eta harremanetarako irudikapen posibleak zabaltzen ditu. Leiho horretatik sartzen den aire berriak identifikazioa, aitortza eta eztabaida eragiten ditu, ordura arte isilarazitako edo bazterrean utzitako errealitateei ikusgarritasuna emanez.
Estreinatu zutenetik, Heated Rivalry urteko ezusteko handienetako bat bihurtu da. Ikusleen harrera espero baino askoz ere indartsuagoa izan da: sare sozialetan etengabeko elkarrizketa sortu da, nazioartean biral bihurtu, eta fandom bizi, aktibo eta konprometitua eratu. Fenomeno horrek erakusten du ikus-entzuleek bestelako istorioak ikusteko beharra eta gogoa dutela, batez ere aniztasuna eta konplexutasuna baldin badira ardatza.
fitxa
- Sortzailea. Jacob Tierney.
- Herrialdea. Kanada.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Hudson Williams, Connor Storrie, François Arnaud eta Robbie G. K.
- Non ikusi. Movistar Plus.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Drama.