Ikus-entzunezkoak

Ramon Agirreren 'Joan-etorriko paperak' kaiera, bihartik BERRIAn

'La casa de papel' telesaileko grabaketen bueltako «burutazioak» idatzi ditu aktoreak. Fikzioa 65 milioi etxetan ikusi zuten iaz

Ramon Agirre aktorea. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
La casa de papel telesailaren laugarren denboraldiko zortzigarren atala: Benjamin meatzaria epailez mozorrotuta dago (Ramon Agirre), eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko aparkalekuan Lisboa (Itziar Ituño) askatu du. Euskaldun batek beste bati Auzitegi Nazionaletik ihes egiten nola laguntzen dion topatu zuen gidoian Agirrek, eta irakurri zuenean nolako sentsazioa izan zuen jaso du. Halako makina bat ohar idatzi ditu egunkari moduko batean, Donostia-Madril joan-etorrian. BERRIAk bihartik aurrera argitaratuko ditu Joan-etorriko paperak kaiereko testuak, webgunean. Bosgarren denboraldia ari dira grabatzen, Madrilen, Netflix plataformarentzat —aurrenekoa Atresmediarena zen—, eta Benjamin pertsonaiak bere pisua du. Baita Lisboak ere.



Agirrek gogoko du idaztea. Antzezlanak idatzi izan ditu. Bestelakoa da kaiera. «Idaztea ariketa polita da, eta nire buruan ordena pixka bat egiten laguntzen dit. Gehiagotan egin beharko nuke».

Kaierean irakurri ahalko dira aktore euskaldunaren treneko bidaiak, entseguak, grabaketak... Batetik bestera, buruak ere ez dio lanari uzten, eta Agirrek burutazio horiek apuntatzeko joera du. Koaderno txiki batean idazten ditu, gidoiaren atzeko aldean edo tabernaren bateko ahozapiren batean. «Jolas moduan hasi nintzen, baina ez dakit ez ote den menpekotasuna sortzen ari», esan du, Madrilera joan bezperan.

Agirrek BERRIAri egin dio argitaratzeko proposamena. Umorez azaldu du arrazoia, beste azalpen batzuekin batera. «BERRIAkoei eskaini diet The New York Times-ekoek baino arinago erantzun zidatelako».

Bere kaiereko testuek zer harrera duten jakiteko «irrikan» dago aktorea. «Burutazio eta bihoztazioak, Iñaki Segurolari kendu diot hitza, jende normalaren gustukoak ote diren jakiteko gogoz nago».

La casa de papel telesailak sekulako oihartzuna du mundu osoan. Laugarren denboraldia munduko 65 milioi etxetan ikusi zuten. 93 herrialdetan iritsi da Netflixen gehien ikusten direnen lehen postura. Ituñoren zaleak ez dira gutxi: bost milioi jarraitzaile ditu Instagramen, zale klub ugari sortu dira, eta badira euskaraz ikasi dutenak Ituñorekiko miresmenak jota. Agirrek esan du antzeko zerbait gertatuko omen zaiola: «Espero dut munduko edozein lekutara oporretan joan, eta Espainiako errege emerituaren moduan hartuko nautela. Beste aukera, Itziar Ituñorekin joatea. Hobeto igual! [kar-kar]».

Luze ari da joaten bosgarren eta azken denboraldiaren grabaketa. Atal bakar bat egiteko ia hilabete bat behar izaten dela azaldu du aktoreak. «ETBko Hondar ahoak telesaileko atal bat grabatzeko, berriz, astebete. Atera kontuak. Koldo Almandozen eta haren taldearen aurrean txapela kendu beharra dago. Baina ez luke horrek arau izan behar».

Ituñok bezala, La casa de papel-eko beste aktore protagonistek milioika jarraitzaile dituzte sare sozialetan. Ez da Agirreren kasua. Eremu horietatik aparte aritu ohi da bere jardunean. «Nirekin ez dago erraza. Aurrena teknologia berrietan ikastaro bat egin beharko nuke».

Aktorearen idazketarako abilezia, ordea, BERRIAren Iritzia atalean izango da irakurgai, Araiz Mesanzaren irudi batekin atonduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.