Hiru urte daramatza Tarragonan (Herrialde Katalanak) sortutako Bongo Botrako taldeak kontzertuak ematen; gaur, Ondarroako Kafe Antzokian izango dira. Aurreko urtean kaleratu zuten euren lehendabiziko diskoa Todos los días sale el sol, eta horko Ei Chipiron! abestiarekin entzutetsu bihurtu dira.
Runba, reggae, ska, eta punk parranda deritzoten estiloak fusionatzen ditu lehendabiziko lan horrek. Baina, bereziki, alaitasuna da taldeak zabaldu nahi duen sentimendua, «mugarik eta konplexurik gabeko alaitasuna». Izan ere, Tarragonako Alaitasunaren enparantzan egin zituzten lehen urratsak. Melodia itsaskorrez eta baikortasunez jositako hitzez janzten dira abestiak; «Kantu zintzo eta benetakoak sortzea da asmoa». Ez hori bakarrik, mugetatik haratago zabalduko diren mezuak eransten dituzte erritmo bizien artean.
Lehendabiziko lanaren produkzioan Mano Negra eta Radio Remba etxeen laguntza izan dute. Diskoa aurkezteko biraren barruan, deskantsatzeko tarte bat hartuko du taldeak abendua ostean. Ondarroan egingo duten kontzertua izango da, beraz, denboraldi batean taldea Euskal Herrian ikusteko azkeneko aukera. Energiaz beteriko zuzenekoa hasi aurretik DJ Elepunto deitutakoak berotuko du giroa.
BONGO BOTRAKO ETA DJ ELEPUNTO
Noiz. Gaur, 22:30ean.
Non. Ondarroako Kafe Antzokian.
Reggae, Ska eta Punk parranda
Tarragonako Bongo Botrako seikoteak kontzertua emango du gaur Ondarroako Kafe Antzokian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu