Elikadura. Hazkurri kontuak

Restaurantea

2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Latinetik (Venite ad me omnes qui stomacho laboratis et ego restaurabo vos: zatoz enegana tripazorriak amorratzen ari zaretenok, nik suspertuko zaituztet) frantsesak hartu zuen izena; suspertegia, beraz. Euskaraz hitz prosaiko hutsa dugu, ez dugu asmatu poetikoagorik, zuzentza jauregi horien antzekorik. Berez, saltokiaren kategoriaren (kokapen, erosotasun, zerbitzuaren kalitate eta konfortaren) araberako prezioan janariak zerbitzatzen dituen ostatu edo establezimendua da. Kategoria hori estatuan estatuko legeriak xedatzen du (sardexka bakarretik bostera) eta gida espezializatuek (Gault-Millau, Michelin) aintzatesten dute, zeinek bere ikurrez.

Jatetxean elikagaia aukeratzeko ohiturak 200 urte ez du oraino. Lehenago, komentu, ostatu eta bentetan otordu aldaezina zegoen. Sukaldaritzan trebe zenak boteretsuen sukaldean ziharduen lanean. Frantziar Iraultzak eraginiko aldakuntza sozialaren ondotik, chef haietako askok aukeratu behar izan zuten: atzerrira joan ala... Pariseko kale gorrian, 1765ean, salda eta zopak prestatzen zituen Boulanger izeneko sukaldariak restaurant (bizkortzen dute) bataiatu zituen jaki haiek, gorputz-arimaren bizigarri. Gurean, egun, dela fast food izeneko hori, dela aurretiaz edo unean bertan prestaturiko ohiko edo ezohiko janaria, hamaikatxo tokitan zerbitzatzen dira, hala nola ostatu, taberna, txosna, zine, kiroldegi, frontoi, estadio, pizzategi, tren, autobus, geltoki, ibai eta itsasontzietan, hegazkin, portu eta aireportuetan, klub eta elkarte gastronomikoetan, erretegi, gastro-bar, akuario eta zoologikoetan, hotel, motel, hostal eta landetxeetan, okindegi, aterpe, asilo eta komentuetan, biltegi eta fabriketan, kantina, haurtzaindegi, eskola, lizeo, institutu eta unibertsitateetan, museo eta kasinoetan, barraka edo ferietan, errepide arrunt eta autopistetako gasolindegi eta bentetan, merenderoetan, txakolin eta txikierdietan, sagardotegian, upategian, kaleko orga edo karrotxoetan, restop, self eta azalera handietan, berariazko instalazio behin-behinekoetan, ospitaletako eta kaleko kafetegi, kafe-antzoki eta te-aretoetan, bistrot eta cabaretean…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.