Robota hezkuntzara iritsi da

Etorkizuneko gizartean, robotek gero eta presentzia handiagoa edukiko dute, eta hezkuntza sistema egokitzen hasia dago egoera horretara. Derrigorrezko hezkuntzan, First Lego League robot lehiaketa egiten dute, eta unibertsitatean ere hasi dira antzeko egitasmoak garatzen.

Diseinua. Gaitasun batzuk lortzeko diseinatu behar dute robota First Lego League lehiaketan. INNOBASQUE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Argazkia berezia eta ikusgarria izaten da. 10 eta 16 urte arteko mila ikasle inguru hainbat taldetan banatuta, eta, horietako bakoitzean, denak elkarlanean. Lego jostailuaren piezak bata bestearen gainean jartzen aritzen dira, eta, antolatzaileek emandako motor batzuei esker, funtzio jakin batzuk beteko dituzten robotak egin behar dituzte. First Lego League (FLL) nazioarteko lehiaketan ikus daiteke da argazki hori 2009. urtetik gaur arte. Irudi hori berrestearen ardura Innobasque euskal berrikuntza agentziarena da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kanporaketak hark antolatzen baititu. Mila ikasle elkartzen ditu ekitaldiak, denak robotikaren bueltan.

Ez ziren hainbeste lagun elkartu Mondragon Unibertsitateak Ordizian (Gipuzkoa) duen fakultatean, baina horiek ere robotikaren bueltan bildu ziren. Joan den astean, 74 ikasle batu ziren hamahiru taldetan banatuta. Robot bat garatu zuen talde horietako bakoitzak, eta elkarren artean borrokan jarri zituzten ondoren. Sumobot lehiaketa egin zuten, hain justu. Hau da, robotekin sumo borrokak egitea. Estreinako aldizantolatu zuten halako zerbait, baina harrera beroa izan zuen. Izan ere, parte hartu zuten ikasle horiez gain, unibertsitateko irakasle eta ikasle gehiago ere bildu ziren lehia horiek ikustera.

Bi adibide besterik ez dira FLL eta Mondragon Unibertsitateko Sumobot lehiaketa. Bi adibide, baina horien atzean joera bat badagoela erakusten dute. Hau da, hezkuntza sistemaren barruan robotika gero eta presentzia handiagoa hartzen ari dela. Eta erakusten dute, gainera, hezkuntza prozesu osoan presente dagoen zerbait bihurtzen ari dela apurka, derrigorrezko hezkuntzan nahiz unibertsitatean ere robotika lantzeko aukerak zabaltzen ari direlako azken boladan. «Berrindustrializazio prozesu baterantz abiatzen ari gara orain, eta ikasleek gaitasun transbertsalak izatea gero eta garrantzitsuagoa izango da», azaldu du Estibaliz Leon Innobasqueko kide eta FLLren EAEko arduradunak. Hau da, hezkuntza sistema etorkizuneko egoerara egokitzeko lanean ari dela ondoriozta daiteke hitz horietatik.

Ez da alferrikakoa, esaterako, Eusko Jaurlaritza 4.0 industriaren inguruan egiten ari den apustua. Robotikan oinarritutako industria izango da etorkizuneko ekoizpen sare berria, eta hori garatzeko estrategia lantzen ari da azken bi urteetan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. «Etorkizuneko industria horretarako profil profesional berriak beharko dira. Beraz, gisa honetako egitasmoetan parte hartuta, etorkizunerako prestatzen ari garela esan daiteke», Leonen arabera. 4.0. industria garatzeko estrategiaren barruan, hezkuntza prozesuari ere garrantzia ematen zaio, eta, horretarako, FLL bezalako lehiaketa bat mugarri izan daiteke. Estrategia horren eraginez, ikastetxeetako curriculuma aberasten ari dela esan daiteke, beraz. «Ez da gailuak egitea bakarrik, hori baino zabalagoa da».

STEAM hezkuntzara

Hezkuntzan berrikuntzarako gaitasunak txertatzeko lanean ari da Innobasque azken urteetan. Horren lekuko da, esaterako, STEAM hezkuntza estrategia. Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak uztartzen dituen hezkuntza eredu bat da STEAM, «diziplinartekotasunean sakontzean oinarritzen den estrategia bat», Leonen arabera. Ikasketa prozesua, gainera, lan praktikoak egitean oinarritzen da, hau da, gailu jakin bat egiten den bitartean, hainbat gaitasun lortzen ditu ikasleak. Eta STEAM hezkuntzaren adibide on bat izan daiteke robotak diseinatu, sortu, programatu eta martxan jartzea. Horregatik, FLL lehiaketa hezkuntza eredu horren parte dela azaldu du.

Robot bat egiteko garaian, ikasleek hainbat diziplina lantzen dituzte. «Gaitasun digitalak eskuratzen laguntzen die ikasleei, programatzen ikasten dute, baina baita gaitasun transbertsalak eskuratzen ere», dio Leonek. Hau da, arazo bati aurre egiteko irtenbideak pentsatzen eta horiek nola egituratu proposatzen. Eta, horrekin guztiarekin batera, ikasleei etorkizunerako ikasketak egiteko ikuspegi berri bat ematen diela ere uste du. Horregatik dio ez dela gailuak sortzea bakarrik, horren atzean gaitasun asko garatzeko aukera ematen diela ikasleei. Baina hezkuntza eredu hori modu ezberdinean ari da txertatzen ikastetxe bakoitza. Batzuek ikasketa prozesu osoaren parte egin duten bezala, beste batzuek eskolaz kanpoko lanketetan ari dira lantzen roboten sorkuntza. Eta FLL horretarako amu bat izan daiteke.

Roboten erabilerak, beraz, ikuspegi eta aukera berri bat ekarri dio ikastetxe askori. Hori da, esaterako, Arrasateko (Gipuzkoa) Arizmendi ikastolaren kasua. Mikel Egiguren hango teknologia irakaslea da, eta FLL lehiaketan parte hartzen aritu dira azken zazpi urteetan. Bi urtetan, ikasle talde batek Espainiako txapelketara igarotzeko aukera eduki du. «Lehiaketa honen berri izan genuenean, maila apal batean hasi ginen proba egiten». Hasierako urte hartan, ikastolaz kanpoko orduetan hasi ziren robotaren diseinua eta garapena lantzen, baina urte hartan ikusi zuten ikasleei gaitasun handiak eskaintzen zizkiela, eta ikasgeletan hezkuntza prozesu hori txertatu zitekeela. Gaur da eguna, FLL lehiaketa inguratzen ari den heinean, Arizmendi ikastolan bertan txapelketa bat egiten dutena FLLra nor joango den erabakitzeko.

Motibatzeko modu bat

Robota bera teknologiako irakasgaian lantzen dute, baina ikasleek autonomia landu dezatela ere lortu nahi dute ikasgelan, Egigurenen arabera. «Robota programatu egin behar da, eta, horretarako, informatikako jakintza eduki behar dute, baina saiatzen gara horren inguruko jakintza haiek euren aldetik bilatu dezatela». Horrela, arazo baten aurrean ikasleek gaitasun propioak garatzea lortzen dute, eta baita talde lana ere. «Lan handia eskatzen du robotaren diseinua egin eta horiek programatzeak, beraz, lanak banatu eta elkarren artean produktu bat sortzea lortzen dute».

Horrek guztiak, gainera, ikasleak motibatu egiten dituela ikusten du Egigurenek bere ikasleen artean. «Klaseko jarduera normalean praktikotasun gehiago lortzen dute, eta horrek ikasleak motibatzen ditu». Gainera, baliabide gutxirekin asko ikasten dutela uste du. Azken finean, Lego jostailuaren pieza batzuekin, sentsoreekin eta motor batekin teknologia eta programazioko gaitasunak lortzen dituzte ikasleek. Horrek etorkizuneko gizarteari begira prestatuago egoteko laguntzen diela ikusten du irakasleak. «4.0 industria garrantzi handia hartzen ari da, ikerkuntzan lan asko egiten ari dira, eta, hor, robotikak zeresan handia du». Hori hezkuntzan sartzea ere garrantzitsua dela uste du.

Ikasgela gehiagotara ere iritsi da robotika. Mondragon Unibertsitatearen Ordiziako fakultatean, Sumobot lehiaketa egin zuten, baina, horren atzean, Mekanika graduko hirugarren urteko ikasleen lana zegoen. Urtero egiten dituzte praktikak, ikasleek ikasitako hori praktikara eramateko. Aurten, lehen aldiz, elkarren artean borrokatuko zuten robotak garatu behar izan dituzte, ostera elkarren artean garatutako mekanismoak frogatu ahal izateko. «Azken finean, ikasleak motibatzeko modu bat da, ikasgelan erakutsitako kontzeptuak martxan jarri baitituzte», azaldu du Jurgi Barreña graduko elektronika eta automatikako irakasleak. Eta, robotaren kasuan, hori guztia «oso ondo» lortzen dela uste du.

Robotaren pieza guztiak haiek diseinatu eta moztu dituzte, eta, ikastetxeetako ikasleek bezala, unibertsitatean ere ikasleen autonomia propioa bilatu dute. «Proiektuak balio izan du ikasleek zailtasunen aurrean euren irtenbide propioak bilatzen laguntzeko». Eta hori izango da, bere ustez, etorkizuneko gizarterako balio garrantzitsuenetako bat. Robotak gero eta presenteago egongo badira, erronka horiei aurre egin beharko baitie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.