Rock and Rollaren zimurrak

Rolling Stones taldearen 50 urteko ibilbidea laburbiltzen duen argazki erakusketa ireki dute Iruñeko Ziudadelan60ko eta 70eko urteetako rock-and-roll talderik onenetakoak oinazea utzi du Mendebaldean

Rolling Stones taldeko kideen erretratua, sortu berritan. Ezkerretik eskuinera: Mick Jagger, Charlie Watts, Brian Jones, Keith Richards eta Bill Wyman. TERRY O'NEILL / GETTY IMAGES.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gitarra doinuak adi daitezke Iruñean, Ziudadelako Mistoen Aretoko lehenbiziko solairura sartu bezain pronto. Keith Richards da, eta harekin batera dira Mick Jagger, Charlie Watts, Darryl Jones eta Ronnie Wood, besteak beste. Lauzpabost ikusle baizik ez dituzte. Adi-adi. 2003an New Yorkeko Madison Square Gardenen eskainitako kontzertuari begirik kendu gabe. Argazkiaren inguruan, urte luzez mihia ateratzen ibili den musika taldearen 50 argazki dituzte. Ez dira soilik taularen gainean ateratakoak, taldeko kideen alde intimoa ere ikus daiteke aretoan. Musikari gaztetxoen kuadrilla batetik zimurrek inbaditutako bisaia zaharretara. Argazkiak adina urteko ibilbidea. Eta Stonesen gurpilak biraka jarraitzen du.

The Beatlesekin egin bezala, Iruñeko Udalak omenaldi xumea egin nahi dio The Rolling Stones talde britainiarrari. Taldeak 51 urte bete baditu ere, 50 urteen aitzakiari heldu eta erakusketa zabaldu du. Horretarako, Getty Images agentziaren eskuetan diren argazkien lagin bat eraman dute Iruñera. Orotara, Rolling Stones taldearen 20.000 irudi baino gehiago biltzen ditu munduko agentzia horrek. Ezer gutxi, haren argazki biltegi erraldoiaren parean. Izan ere, 35 milioi iruditik gora gordetzen ditu.

1962an abiatu zen Rolling Stones taldearen abentura. Garai hartan, Brian Jones (gitarra), Mick Jagger (ahotsa), Keith Richards (gitarra), Ian Stewart (teklatuak) eta Dick Taylor (baxua) gazteek osatzen zuten. Horiek izan ziren Rolling Stones lehenbiziko aldiz taula gainera igo zutenak. Taldeko kideak, baina, aldatu egin ziren urteak pasatu ahala. Charlie Watts, Mick Taylor eta Ron Wood taldeko kide garrantzitsuak izan ziren hainbat garaitan. Horrek, ordea, ez zuen taldearen izaera aldatu. 1970eko hamarkadaren ondotik ez, behinik behin.

Halaxe azaldu du Yahve M. de la Cavada musika kritikariak. Askoren usteen kontrara, bere aburuz taldea ez zen 80ko urteetan aldatu, Jonesek lider izateari uztean baizik. Hastapenetan, lehenbiziko singleetan, gitarra jolea zen taldeko izarra, baina Jaggerrek eta Richardsek laster kendu zioten tokia. 1969an utzi zuen taldea, eta hilabetera hil egin zen. «Stonesen benetako aldaketa 1966-1967an dator, baita 1969an ere, Jones hiltzearekin batera; gainontzekoak Richards eta Jaggerren izaeraren mutazioak baizik ez dira, eta bi horiek dira Stonesak», azaldu du kritikariak. Beraz, 46 urteetan «benetako» aldaketarik ez da izan, haren aburuz. Horregatik uste du oso ongi daramatela zahartze prozesua, «duintasunez», eta hasierako berberak direla urteak pasatu arren. «Orain dela hilabete gutxi single berria aurkeztu zuten, eta horrelako zerbait idatzi nuen horri buruz: 'Funtsean, betikoa da'».

Alta, erakusketako irudietan oso aldaturik ageri dira hainbat urtetako Rolling Stonesak. 1964ko gaztetxo txima luzeen erretratua, edota urte berean Ingalaterrako estadioan jendez inguraturiko nerabeen itxura, ez da 1998an Brooklyngo zubian egindako aurkezpenean duten bera, ezta 2008an ateratako lehen planoan Jaggerrek duen itxura ere. Beste adibide batean, 2012ko argazkian ageri dira Richards eta Widman, zimurrez beterik biak ala biak.

Taldeak jendaurrean egindako agerraldiez gainera, bestelako bitxikeriak ere biltzen dira Ziudadelan: 1967an, Jagger eta Richards lurrean botata ageri d ira, kantuak sortzen; 1968an, Jaggerri argazkia egin zioten Brasilen, perkusio tresnak jotzen eta haurrez inguraturik; Niagarako urjauzietara egindako bidaia ere biltzen du erakusketak; beste irudi batean, Ron Wood ohatzean botata dago, esku batean telefonoa duela eta bestean zigarreta; eta 1965ean, argazki eder asko atera zieten zaleei, taldekideak garraiatzen zituen autoa abordatzen. Horretaz gainera, bada txutxu-mutxuetarako tarterik: argazki batean Anita Pallenberg, Richards eta haien semea daude. Azalpenean dioenez, Pallenberg Jonesekin eta Jaggerrekin ere ibili zen, eta «lehenbiziko groupie» izan zela iradokitzen du.

The Beatles parez pare

Rolling Stones taldearen irudien artean, beste talde batzuetako kideekin ageri direnak daude. Hala nola The Who taldekoekin zuten harremana ikus daiteke. Rock 'n' Roll Circus grabatu zuten elkarrekin, eta, beste irudi batean, Pete Townshend gitarra jotzailea ageri da, kandela eskuan, Jaggerri bidalitako zorion argazkian. Bob Dylan ere ikus daiteke Taylorrekin batera 1984. urtean Rotterdamen (Herbehereak) emandako kontzertuan, baita Amy Winehouse ere, 2007an Jaggerrekin kantatzen. Baina irudi berezienetako bat 1968an ateratakoa da: Brian Jones The Beatles eta The Who taldeetako kideekin ageri da. Rolling Stonesen inguruan mintzatzerakoan, The Beatles taldearen izena ageri ohi da. Publizitate estrategia bati jarraikiz,antagonista gisa aurkeztu zituzten, nahiz eta lagunak izan. Adibidez, lehenbiziko hit-a The Beatles taldeak egin zien. «Garai berean jo zuten, denak ziren Londreskoak, eta rock-and-rolla jotzen zuten gaztetxoak ziren; baina haien musikak ez zuen deus ikustekorik, Rolling Stonesena bluesetik datorrelako; eta The Beatlesena rock and rolletik, eta haien talde soslaia ere erabat ezberdina zen», azaldu du De la Cavadak.

Dena den, musika kritikariak argi du bi talde horiek izan direla rock-and-rollaren historiako «talderik onenak», edo, gutxienik, «enblematikoenak». Baina De la Cavadak uste du Rolling Stones taldea definitzeko ez dela The Beatlesen beharrik. Eta, beste taldeak albo batera utzita, musika kritikariak Stones taldea deskribatu du, eta dena biltzen dutela esan: «50 urte daramate jo eta ke lanean, ezagunak dira, 40 urteotan Mendebaldeko edozein pertsonaren bizitzan eragin izan duten kantak dituzte, ondotik etorritako talde guzietan eragin dute... dena dute. Rock-and-rollaren aitatxiak dira beren merituengatik, alor guzietan irudikatzen dutenarengatik».

Rolling Stonesek eragin zuzena izan du Mendebaldeko rock-and-roll taldeetan. Musika kritikariak dio dena datorrela Rolling Stones, The Beatles, edota Elvis Presleytik. Zuzenean, edo zeharka, baina uste du «erroak» talde britainiarrean daudela. Rolling Stones taldearen garairik onena 1969 eta 1973 artean kokatu du De la Cavadak, Let it Bleed eta Goats Head Soup diskoen arteko garaian, nahiz eta 1978-1979ra arte luza daitekeen, Some Girls kaleratu arte. «Azken lan nagusia izan zen hori», zehaztu du.

Hala ere, 50 urteren ondoren, mitoak bizirik dirauela uste du, «duintasunez» daramatela zahartu izana. Horregatik uste du «taula gainean hiltzea» dela taldeak izan dezakeen etorkizunik onena. Hitzez hitz. «Ongi legoke Stones taldeko kideetako bat agertokian hiltzea musika tresna eskuetan duela, eta hurrengo egunean taldea desegitea. Mitoaren bukaera litzateke». Oraingoz, 51 bete dituzte, eta ez dirudi geldituko direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA