Mirespenetik abiatuta sortzen diren musika taldeak dira. Eredutzat izan dituzten musikariak imitatu nahiak bultzatuta. Eurak bezala jotzea amesten baitute, eta haiek bezalakoak izatea. Eta lortzen dute, neurri handi batean. Azken urteetan beste talde batzuen omenezko musika taldeak loraldi bat izaten ari dira Euskal Herrian. Gero eta gehiago dira fenomenoarekin bat egiten duten musikari zein entzuleak.
«Modan jarri dira, eta funtzionatzen dute. Batzuetan, maketa edo diskoa egin berri duten taldeekin jendea hotz geratzen da. Entzulearentzat askoz ere eskuragarriagoak dira halako taldeak, abestiak ezagunak egiten zaizkielako», dio Jose Landa bateria jotzaileak. Jethro Tullen omenezko Un Tal Jethro taldean jotzen du Landak, eta kontzertu ugari antolatzen ditu Onki Xin bere Iruñeko tabernan.
Un Tal Jethro taldea Tullianos Jethro Tullen jarraitzaileen elkarteak Bartzelonan egiten duen urteroko bilkuran sortu zen. Oskorri taldeko Josu Zalbide flautistak Bartzelonako abeslari bat ezagutu zuen han, eta bikote gisa hasi ziren jotzen. «Bilkura horietan jotzea zen asmoa, hasieran. Jende asko biltzen da; Italia eta Frantziatik ere etortzen dira zaleak. Talde izaera hartu genuen handik gutxira». 2010. urtea zen.
Iazko bilkuran jo zuten goia. Ian Anderson Jethro Tulleko kantari mitikoarekin jo baitzuten. «Oso ongi antolatzen dituzte bilkurak. Urtero gonbidatzen dute taldeko musikariren bat, eta euren ametsa Ian Anderson ekartzea zen». Hura etorri arte, jarraitzaileak agurtzeko bidalitako bideo batekin konformatzen ziren beti.
«Gurekin bi abesti jo zituen, kontzertuaren erdian. Errespetua ematen zigun, egia esan, oso gizon bitxia dela esaten baitu jendeak». Baina oso ongi portatu zen, Landaren arabera. Soinu probak uste baino gehiago iraun zuen, eta zain pazientzia izugarriarekin egon zela azaldu du. «Izugarria izan zen. Amets bat. Omenezko talde batean egonda, taldeko sortzailearekin jotzea gauza handia da. Zer gehiago eska dezakegu?».
Bilkuran izan eta gero, Andersonek gutun bat bidali zien antolatzaileei eskerrak emateko, eta musikarien kalitatea goraipatzeko. «Errepikaezina izango da gau hura. Bizitzan behin gertatzen dira horrelakoak». Landaren talderik gustukoenetako bat da Jethro Tull; haien hogeita hamar binilo inguru ditu. Musika konplexua egiten dute, eta jotzeko ere ez da erraza, haren ustetan. «Edo asko gustatzen zaizu, edo ez zaizu batere gustatzen. Maitasuna eta gorrotoa sortzen duen taldea da».
Iruñeko Onki Xin tabernan ehun kontzertu inguru antolatzen dituzte urtean, eta omenezko taldeek harrera oso ona izaten dute. Musika propioa egiten duten taldeekin alderatzea ez dela ona dio. «Argi dago zuk zeuk musika sortzeak meritu handia duela. Baina talde ezagun baten abestiak ongi jotzeak ere badauka meritua; beti baitago konparazioaren arriskua. Orkestra sinfonikoetako musikariek ere beste batzuen obrak jotzen dituzte». Horrelako taldeen hedakuntza ikusteko adibidea jarri du. Bartzelonan badira omenezko taldeak bakarrik eramaten dituzten agentziak —Tinglados Management, esaterako—. «Beba 33 enpresa ere badago. Edozein motatako talderen omenezko taldeak aurki ditzakezu. Harrigarria da».
Gisa honetako talde batean jotzeak ateak irekitzen dituela uste du Galder Creos The Foxy Leireseko bateria jotzaileak, errazagoa delako kontzertuak bilatu eta jendeak zu ezagutzea. Jimy Hendrix omentzen du hirukoteak. «Hasieran mota guztietako kantuak jotzen hasi, eta Jimy Hendrixenak ongi ateratzen zitzaizkigula ikusi genuen». Managerrak esan zien, omenezko talde bihurtuta merkatuan errazago egingo zutela aurrera. Eta erronka gisa hartu zuten.
Creosen arabera, rockean nahiko berria da fenomenoa, baina beste estilo batzuetan aspaldidanik egiten da. Musika klasikoa eta jazza aipatu ditu. «Beethovenen eta Mozarten sinfoniak jotzen bizi dira musikari profesionalak. Jazzean estandarrak daude». Rockean ere zenbait talde klasiko bihurtu eta mitoak sortu direnean ugaritu da eskaria. «Pink Floyd, Led Zeppelin, The Beatles eta Jimy Hendrix dagoeneko jendearen oroimenaren parte dira. Zuzenean ikusteko aukera izan zuten pertsonak adinean aurrera joanda daude, eta horregatik, jendeak omenezko taldeekin asetzen du gose hori».
Beste abestiekiko erreferentziak beti egon izan dira. «Jimy Hendrixek berak 70eko hamarkadan beste musikarien abesti batzuk jotzen zituen». Entzuleek galdetu izan diete noizko egingo ote dituzten euren kantak, baina eurak gustura daudela dio. «Nahiz eta beste baten abestiak jo, bakoitzak beti jartzen du bere izaeratik zerbait. Ezinezkoa baita zu ez izatea». The Foxy Leiresen, esaterako, bateriak askoz ere protagonismo handiagoa du jatorrizko abestietan baino. «Badakigu ez garela inoiz Jimy Hendrix izango. Testuinguru historikoa, soinua, gauza asko aldatu dira, baina funtsa hartzea da kontua». Teruelen (Espainia) emandako kontzertu batekin oroitzen da, bereziki. «Egunkari bateko azalean atera ginen. Rockeko izarrak bezala».
AZ/DZ Irunen
Rockeko talde izarretako bat da AC/DC, eta makina bat omenezko talde ditu. AZ/DZ da horietako bat. Irungoak (Gipuzkoa) dira, eta Mikel Sukunzak Angus Youngena egiten du, eskolako uniformez jantzita. Herriko gaztetxearen urteurrena ospatzeko urtero beti omenezko talde bat gonbidatzen dute, eta duela hiru urte inor ez zegoenez, eurak biltzea erabaki zuten. Martxan zegoen kamioi baten gainean jo zuten gaztetxeraino.
«Guretzat AC/DC rock-and-rolla da bete-betean». Eurak bezala mozorrotzen dira, eta mugimendu eta keinu berberak egiten dituzte kontzertuetan. «Nik ez dut zuzenean ikusteko aukerarik izan, baina kontzertuen bideo asko ikusi ditut ikasteko. Kablerik gabeko gitarra elektrikoa eramaten dut, eta oholtzatik jaitsi eta batera eta bestera ibiltzen naiz. Entzuleak ongi pasatzea da kontua». Harrera oso ona izan dute orain arte; gero eta areto handiagoetan jotzen ari dira, eta udan herriko festak dituzte zain. Getariako (Gipuzkoa) jaietako oroitzapen oso onak ditu. «Alkatea jarraitzaile amorratua da, eta su festak eta guzti antolatu zizkigun. Udaletxeko balkoitik jo genuen abesti bat». Martuteneko (Donostia) festetan auzoko zenbait ostalarik tabernak ixten dituzte, eurak ikustera joateko.
Nazioarteko taldeak ez ezik, Euskal Herrikoek ere badituzte omenezko taldeak. Negu Gorriak-en Neguri Gorriak taldeak izugarrizko sona lortu zuen orain urte batzuk, utzi zuten arte. Gaur egun ere badaude batzuk. Picadura da horietako bat, Barricada omentzeko sortu zen, 2005ean. Bilbokoak dira, Errekalde auzokoak. Barricadaren kantarik ospetsuenak jotzen dituzte, ibilbidearen hasierakoak, batik bat. «Gehien gustatzen zaizkigunak ere horiek direlako», dio Juanra Calabaza gitarra jotzaileak.
Sortu eta gutxira, Barricadarekin harremanetan jarri ziren. Mezu elektroniko bat bidali zieten proiektua azalduz, bidezkoa iruditzen baitzitzaien. «Oso ongi hartu zuten. Harro sentitzeko moduko zerbait zela esan ziguten. Aurrera jarraitzeko animoak eman zizkiguten, eta zorte ona desio». Harremanak jarraitu du gerora. Handik urte batzuetara, Donostiako Martutene auzoan emandako kontzertu batera Ibon Sagarna bateria jotzailea joan zitzaien ikustera.
Gaur egungo abeslariak ezagutzen ditu Barricadako musikariak. «Bilboko Kafe Antzokian eman zuten kontzertuan gure abeslaria gonbidatu zuten oholtzara igo, eta abesti bat kantatzera». Kamerinoetara ere joan izan da bisitan. Jatorrizko taldea eta imitatzaileen arteko harremana ez da beti ona izaten, nolanahi ere.
Azken boladan omenezko taldeak modan jartzearen arrazoia krisia izan daitekeela uste du Calabazak. «Agian ez daukazu dirurik Barricadari ordaintzeko, baina guri bai». Eta berriz ere, jotzeko abantailak aipatu ditu, ohikoak izaten baitira omenezko taldeen gauak antolatzea, esaterako. «Zergatik duten arrakasta gisa honetako taldeek? Niri, egia esan, gaur egun egiten den musika entzun eta ez zait askorik gustatzen. Beti izan naiz iraganeko taldeak gehiago jarraitzekoa. Musikan guztia asmatuta dagoelako izango da, agian».
Ezarian. Musika
Rockean imitatzaile
Azken urteetan ugaritu egin dira talde famatuen omenezko musika taldeak Euskal Herrian. Beste batzuen musika jotzen aditu bihurtzen diren musikariak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu