Ezarian

Romien herrixka ibaiertzean

Txaboletan bizi diren ehun bat romik herrixka bat eraiki dute Urumeako autobidearen azpian, Hernani eta Astigarraga artean. Argindar edo urik gabe bizi dira, eta txatarra saltzetik lortzen dute dirua, edo esketik.

Azaroko uholdeen ondoren, uholdeak jasan zituzten bizilagunek emandako hondarrekin eraiki zuten berriro txabola gunea errumaniarrek. JAVI JULIO.
Astigarraga-Hernani
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Sorina eta Marcelen txabolan kalean baino bero handiagoa egiten du. 3x3ko etxola berotzeko ez da asko behar. Bi ohe, zenbait plater dituen mahai txiki bat eta bi suko sukaldea. Paretan, aurreko Gabonetako apaingarriak, argazki handi bat eta ordulari bat. Garbitu berri duten arropak, soka batzuetatik zintzilik, leungarri eta hezetasun usaina askatzen du.

Labe piztu eta erdi irekiak estufa lana egiten du, eta, barruan, zapatak dituzte lehortzen. Duela egun batzuk lortu dituzte. Duela hilabete batzuk soinean zutenarekin irten behar izan zuten, txabola gehienak ibai ondoan izaki, uholdeetan zuten guztia galdu baitzuten. Ur goraldiaren indarretik ihesi, ura belaunetaraino zutela, ondasun eta oroipen bakanak ibaiak irensten zizkiela ikusi zuten. Rosanak, neskatoak, esan du eurekin batera saguek ere alde egin zutela, hala deitzen baitie txabola inguruan ibiltzen diren arratoiei. Neskatoa bera da itzulpenekin laguntzen duena.

Astigarragako frontoian bi gau pasatu ostean, txabola gunea berreraiki zuten, oraingoan, uholdeak pairatu zituzten herriko bizilagunek emandako hondarrekin. Rosanak ere ez zuen ikastolan kale egin, egunero joaten baita hara.

Marcel, aita, Gipuzkoara duela bost urte iritsi zen, eta haren atzetik, urte batzuetara, emaztea eta alaba gazteena bildu zitzaizkion. Zaharrena, Madrilen bizi zen, eta han erail zuen senarrak.

«Torrejonen», esan du, «apirilaren 4a izan zen, ez al zenuen telebistan ikusi?». Keinu eta oinarrizko gaztelaniaren bidez, senarrak eskuekin ito zuela adierazi dute. Neskak 19 urte zituen, eta bost hilabeteko zegoen haurdun.

Pertsona bakoitzeko 120 euroak ordaintzeko aurreztu eta autobusez 2.500 kilometro baino gehiagoko bidaia egin ostean, Euskal Herrira iritsi ziren.

«Hemen ondo, ez zait Frantzia gustatzen, hemen jendea hobea da», adierazi du Marcelek. «Eta zergatik da, bada, hobea?». «Hemen jendeak kalean ez zaitu iraintzen».

Dioenez, hemen, norbaitek ez baditu errumaniarrak atsegin, hatzarekin seinalatu eta txutxu-mutxuka baino ez da hasten. «Hemen jendea hobea da, ez didate oihurik egiten, bihotz onekoak dira. Zaborrean bila ari naizenean, jendeak galdetu egiten dit: hau eraman nahi al duzu?». Ez du gaztelaniaz zuzen hitz egiten, eta barkamena eskatu du. Jendearekin harreman handiagoa izatea nahi luke, hala gaztelania praktikatuko bailuke. Dakiena Gurutze Gorrian eta Hernaniko Helduen Hezkuntzan ikasi zuen. Orain irribarre egin eta aurpegia argitzen zaio Rosanak, alabak, itzulpen lanak egiten dituen bakoitzean.

Bizimodu gogorra

Errumanian seme-alabekin bizi ziren alokairuzko etxe batean. Marcelek soldatzaile gisa lan egiten zuen fabrika batean, duela 15 urte itxi zuten arte. Ordudanik, txatar bila aritu da. «Baina Errumanian ez dago ezer, jada ez dago txatarrik ere». «Hemen, zortea baduzu, hiru edo lau egunean 30 euro inguru lor ditzakezu, eta horrekin jana edo butanoa erosi». Gainerako seme-alabak, adinez nagusiak, Errumanian bizi dira, baina ez dute lanik egiten, «ez dago lanik, ez dago ezer».

Leku askotan gertatzen den bezala, Errumaniako jendeak ez ditu kontratatzen 40 urtetik gorakoak. «Are gutxiago beltza izanda», hala deitzen baitiete romiei, hau da, ijito errumaniarrei.

Argazkiak ateratzeko, Sorinak irribarre egin eta baimena eskatu du mahai gainean dauden bi plater kentzeko, «bazkarikoak dira» esan du, «eta zikinak daude». «Orain, atera dezakezu argazkia».

Burcharen txabola ez da handiagoa, baina hotz handiagoa egiten du. Butano bonbona bukatu zitzaion duela egun batzuk, eta ez du aldatzeko dirurik. Alde banatan bi koltxoi ditu eta bonbilla itzali bat. Gasolinarik ere ez du sorgailu komunitario bat pizteko.

Koltxoi batean senarra dago etzanda, gaixo. Sabelaren eta biriken artean zehaztu gabeko gune bat seinalatu du, eta egun batzuk barru azterketa medikoa izango duela adierazi du. Hurrengo egunean Albara itzuliko dira, Transilvaniako eskualde menditsu batera. Hangoak dira gehienak.

Ez du itzuli nahi, baina hemen ez du lanik aurkitzen eta kalean eskatuta atera duenari esker bizi da, batzuetan Hernanin, beste batzuetan Donostian... Gaztelaniaz ez du ondo hitz egiten, nahiz eta urte batzuk badaramatzan senarrarekin eta seme-alabekin hainbat lurraldetan barna: Kantabrian, Nafarroan eta Gipuzkoan izan dira. Bizileku izan dituen herrietako jendearekin ere ez du harreman handirik izan.

Harrigarria da zein lasaitasunez adierazten duen Errumanian ez duela ezer, eta inor ez duela zain, zigarroari azken zupadak ematen dizkion bitartean. Sorbaldak altxatu eta itzuli egingo direla adierazi du. «Horrela bizitzea ez dut atsegin».

Sei urte ibai bazterrean

Romiek Urumean barna eginiko ibilbide luzea, gutxi gorabehera, duela sei urte hasi zen. Loiolako Topoaren geltoki parean oholekin eginiko etxola txiki batzuetan jarri ziren bizitzen, eta, gero, Txominenean abandonaturik zegoen Arruabarrenako etxea okupatzera pasatu ziren. Metatutako zabor kopuru handiak eta usain txarrak bizilagunen kexak eragin zituen, eta eraikina botarazi zuten.

Handik ez oso urrun, Martuteneko institutu zaharra dago. Musikenerentzat izateko aukera zuen eraikinak, eta gutxienez ehun ijito errumaniar egon han bizitzen, haur eta zaharrak barne. Handik ere bota zituzten. Bizilagunen kexak, orduan ere, aurrekoen antzekoak izan ziren: usain txarra eta etengabeko kolpe zaratak. Inongo unetan ez zen auzokideekin elkarbizitzako arazorik izan zenik salatu.

Trenaren bideari jarraituz, Urumea ibaiaren paraleloan, eta Martuteneko institututik ehun metro ingurura, hainbat fabrika abandonatu daude: Iberdueroko pabiloi bat eta Bostak enpresa. Pabiloi horiek behin-behinean okupatu zituzten, Azkar fabrika zaharraren txanda iritsi zen arte. Gutxi gorabehera bi urtez izan ziren han, eta Gipuzkoako romien gune handiena osatu.

Duela zazpi urtetik, asteartero, Astigarragako erretore Mikel Goenagak eta herriko Caritaseko boluntarioek elikagaien bankuko, Europako Batasuneko funtsen eta Caritasen beraren oinarrizko produktuak banatzen dituzte. Erregistro bat egin dute, errolda modura erabiltzen dutena. Bertan, 50 pertsona inguru daude, batzuk gizabanako gisa eta beste batzuk hainbat kidetako familiak ordezkatzen dituztenak. Asteko anoa hartzera joaten dira: arrautzak, olioa, pasta edo xaboia. Zerbitzu hori jasotzen duten pertsona gehienak errumaniarrak dira. Ekuatortar, bulgariar eta bertakoren bat ere azaltzen da, baina gutxi.

Goenaga kritikoa da Azkarretik bota zituztenean erabili zuten moduarekin. Orduan, Astigarragako Udaleko salaketa bat zela eta, Osakidetzak eginiko ikerketa batean tuberkulosi agerraldia atzeman zuten. Txostena egin ondoren, Osakidetzaren jarduera protokoloak egin zuen gainerako guztia, eta eraikin hartatik bota zituzten. Ordurako, hemezortzi pertsona inguruk inkubatu zuten gaixotasuna, eta Hernani eta Astigarragako osasun etxeetara joan behar izan zuten botika bila. Ehun pertsona inguru, haur eta zaharrak barne, fabrikaren barruan txabola txikietan bizi ziren.

Leku hartatik ere bota zituztenean, fabrika zaharreko hondarrak oraindik bero zeudela, autoritateek jada arazoa konpondutzat jo zuten, baina kale gorrian utzitako errumaniarrentzat lo egiteko leku bila hasteko beste egun bat izan zen, berriz ere, eta handik ez oso urrun eta berriz ere Urumea ibaitik gertu aurkitu zuten. Gau hura izarpean, babes hormarik gabe, ondasun bakanak orgetan zituztela pasatu zutenetako zenbaitek hurrengo eguna egungo etxebizitza bihurtuko ziren txabolak eraikitzeko materialak bilatzen pasatu zuten.

«Ezin zaio etengabe inguruan duten zabor guztiari eutsi», esan du Goenagak Urumeako autobidearen azpiko guneari buruz. «Horren ondorioz, jendeak ez du haiekin harremanik izan nahi». Lekua zaborrez beteta edukita errumaniarren erantzukizuna dela uste du; hala ere, Astigarragako Udalaren aldetik inplikazio handiagoa ere eskatzen duen. «Lekua zaborrez husteko edukiontzi bat izatea ez litzateke gaizki egongo».

Errumania eta Bulgaria 2007an sartu ziren Europako Batasunean. Jatorri errumaniarreko etorkinen kopurua laukoiztu egin zen: 2005ean 874 pertsona ziren, eta 2009an, 4.096, Ikuspegi izeneko Immigrazioaren Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, hau da, % 368ko igoera izan zen.

2008tik aurrera, eta 15.217 pertsona erroldatuta egonik, errumaniarrak dira Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban etorkin gehienak, marokoarren atzetik.

Bizigune horretan dauden pertsona asko kalean eskatuz bizi dira. Beste batzuek txatarrarekin jarduten dute.

Astigarragako gizarte zerbitzuek ezin dute bizigune horretako pertsonekin lan egin, «erroldan izena emana izan behar baitute haiekin lan egiteko», esan du Lorena Lopezek, Gizarte Laguntzako zerbitzuko teknikariak. «Ezohiko kasuak izan ditugu» adierazi du, hala nola duela hilabete batzuetako uholdeak, Udaltzaingoa bertara joan baitzen egoera aztertzera. Horrelako larrialdietan, esku har dezakete, «baina ezin da askoz gehiago egin».

Jaurlaritzaren ikerketa

Badakite Hernaniko ikastola batera doan alaba duen familia bat, gutxienez, gizarte zerbitzuekin jarri dela harremanetan, errolda kudeatzeko asmotan.

Arlo politikoan, Hernaniko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanak izan dituzte, azken horri baitagokio kolektibo mota horrekin jardutea. «Badakigu udalerriko mugan daudela, eta etengabeko joan-etorrian dabiltzala».

Eusko Jaurlaritza ijito errumaniarrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituzten biziguneen inguruko ikerketak egiten hasi da, baina oraindik ez dute jarduera plan zehatzik.

«Errumanian ez dago dirurik, ez dago ezer», dio behin eta berriz Cosminek. Hemen jendeak ezagutu eta lagundu egiten duela dio, garbigailuak, piezak emanez, horiek desmuntatu eta kobrea, aluminioa... sal dezan. Cosminek 32 urte ditu, baina aurpegiak ez du haren adina adierazten.

Emaztearekin bizi da txabolan; bera atera egin da, eta emakumea barruan geratu da, kanpin gas baten sugarrek hotzetik babestuko duten zain.

Hitz egiten duen bitartean, beldurturik dagoela aitortu du Cosminek. Jendeak bertako argazkiak ikusten baditu, guztia zaborrez beteta, saguak gora eta behera, berriz ere bertatik botako dituztela dio. «Zer egingo duzu orduan?», «Errumaniara itzuliko zara?». «Ez», erantzun du, harridura eta irribarre arteko zerbait adierazten duen aurpegierarekin. «Beste leku bat bilatuko dut hemendik gertu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.