Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Arabako lurretan, Maeztu herritik hamar bat kilometro egin ostean, Sabando herria dago, baso aldapetan hagitz ongi bermaturik. Harkaitz bizkarrek inguratuta ageriko da herrigunea zoko-moko eder batean etzanda. Hantxe jaio zen Juan Bautista Gamiz Ruiz de Oteo, XVII. mendearen bukaeran, gerora olerkari emankorra izango zen idazle saiatua. Mendialdeko eskualdeko bazter pintoreskoan izan zuten gamiztarrek bizileku eta jaiotetxea. Euskaraz mintzatu zen txikitan, eta haren hizkuntzari loturik egon zen bizitza osoan. Beraz, txikitako lagunak lana eta jolasa izan zituen sabandoarrak. Arburuko pagadiek liluratuta, aldats gora eta behera ibili zen Gamiz, kareharrizko harkaitzen gaindiko magalak eta mazelak antxintxiketan korritzen.

Une batean, beharrak haizatu zuen mutil kementsua. Jaiotetxea laga eta Valladolidera (Espainia) joan zen Jesusen Lagundiko kidea izateko. Aurrena, Coruñara (Galizia) bidalia izan zen jesulagunen ikastetxeko sukaldari. Hurrena, hogei urteak loretan, Valladolidera itzuli, eta San Inazio ikastetxeko diruzainaren laguntzaile lanak bete zituen, diru kontuez eta administrazio lanez jantz zedin. Azkena, Iruñeko La Anunciada ikastetxera heldu zen; izan ere, bertoko ondasunek porrot eginda, diruzain argi eta ausart baten premian ibili ziren. Alta, Gamiz bera hautetsia izan zen zorren oldarrari aurre egiteko.
Gamiz irakurle amorratua izan zen. Ikastetxeko liburutegiko 4.000 aletik gora liburu eskura izan zituen. 1736-1748 bitarteko hamabi urte handitan gorpuztu zuen bere lana. Poeta emankorra izan zen sabandoarra, jarraikitasun handiko gizona. Poesiak bere baitan bor-bor lehertua zuen-eta, milaka bertso lerro idatzi zituen, gai eta neurri guztietakoak. Ordea, gertaera ezinago malerus batek saminki eraginda, erdarazko etorria tanpez eten zuen, eta, hamabi urteko isilaldiaren ondotik, bere herriko euskarazko bertsotara jo zuen. Orotara 238 lerro idatzi zituen. Lerrootan amodioa da gai nagusia, barneak xuxurlatzen ziona paperean idazten zuelarik, beldurrik gabe. «Gaizqui ba doaz ere/ orra euzqueraz/ ifin naiz au eguiten/ neure bildurraz/ eguizu farre/ gaizqui mintzacenbadut/ lotzaric bague». Karlos III.ak xedatutako jesulagunen kanporaketa izan zela eta, Italiara erbesteratu eta Bolognako Casa Lequion hil zen 1773an.
Juan Bautista Gamiz poetaren oroitzapenean, hilarri bat ikus daiteke elizaren aurreko plazatxoan. Euskaltzaindiak 1973ko apirilaren 29an altxatu zuen gomutarri hura, idazlearen heriotzaren 200. urteurrenean.
Abitigarra mendia
Sabando herriko elizaren aurrean emango zaio hasiera Abitigarra tontorreraino lagunduko duen ibilbideari. Herriguneari bizkarra emanda, errepidea gurutzatu eta Otalde etxearen paretik igotzen hasiko da ibiltaria. Goratasuna astiro-astiro hartzeaz batera, Sabando eta Arburu mendiko ikuspegiaz gozatzeko aukera izango du oinezkoak. Atzealdean, beraz, Arburuko desafiozko hormatzarrak ez ezik, harkaiztegi bera jantzarazten duten haritz eta pago ederrak ere bistaratuko zaizkio. Eszenatoki horretan bilduta, ur biltegi txiki baten ondora iritsiko da ziztuan. Desbideratzerik hartu gabe, aurrera jarraituko du irudimenarekin jostaka. Hala, hurritz, ametz, gaztainondo eta pago pertxentak gogaide, Sabando erreka jostariak hondeatutako sakanean gora egingo du, baratx-baratx. Orduan, basoari darion iluntasunean barrena galduko zaio soa, eta, zortea izanez gero, orkatzen bat ikusiko du bertatiko batean, ungulatuok zoko-moko horretan sosegu bila sarri ibiltzen baitira.

Burdinazko igarobide bat ikusiko du aurrerago, Aloia ur baltsa eskuinaldean dagoela. Basabidean gora egingo du orduan, landaretza oparoak lagunduta eta Basurra gailurra aurrez aurre duela. Bidebanatzean, Lezaundiko gainalderantz abiatzen den basabideari muzin egin, eta, noranzkoari eutsirik, ibarra korritzen duen errekastoaren albotik jarraituko du, harik eta Debarana mehakarekin bat egin arte. Une horretan, ur emari urria gurutzatu eta haren alboan doan zidor lapatuari jarraituko dio. Harbide baten moldean irekitako bidean gora egin ostean, larre zabal batera iritsiko da ibiltaria. Eskuin-ezker egin gabe, alderik alde zeharkatuko du ordoki zabala. Abelburuak gordetzeko zurez egindako korta moduko bat ageriko zaio belardian barrena ehunka metro egindakoan, Mugarriluze izeneko mugarri deigarria altxatzen den parajetik hurren. Orduan, Ibisate eta Erroitegi herrietatik datorren bidearekin segitu ordez, eskuinera jo eta Lezaundiko sakanean gora joko du astiro-astiro.
Barrera zeharkatu, eta, pagadiaren babesa hartzera doan bidea utzita, bidexkan aurrera segituko du. Abitigarra mendilerroan irekitzen den lepora derrigor igo behar delarik, belardian barrenetik ekingo du txangozaleak, betiere ezkerraldean lerrokatzen den pagadi trinkoan sartu gabe. Ahaleginaren ahaleginaz, Arraia-Maeztu eta Arana udalerriak bereizten dituen harkaiztegira iritsiko da. Ekialdera egingo du han, eta hegiz hegi segituko. Bidea gerizatzen duen alanbre zahar baten ondoan delarik, Abitigarrako postontzia atzemango du Aranako ibarrera begira dagoen amildegitik hurbil.

Postontzitik aurrera egingo du oinezkoak. Bide nagusiak eskuinera egingo du orduan, eta alanbrearen ondoan jarriko du berriz. Hala, tontorretik 500 metrora-edo, gezi batek ohartaraziko dio Santa Teodosia baselizara doan bidea dela. Beraz, tenplu sonatura jo gabe, ezkerrera egingo du —ipar-mendebaldera— eta, osteratxo laburraren ostetik, pagaditik irten eta aurrerago ikusiko duen zelaitik segituko du. Soilgune interesgarria da Arabako ekialdeko bazterrak mugatzen dituzten mendiak ikusteko: Baio, Aratz eta Aizkorri, besteak beste. Belardian aurrera egin eta berehala, ezkerrera egingo du bidexkak. Pagadia horrela saihestuta, goratasuna galtzen joango da astiro-astiro. Trosta arin batean, ibar xume batean sartuko da tanpez, eta, ibilian-ibilian, Larenabarra ur putzura iritsiko da.
Sakonunetik irtengo da gero, akaso itsumustuan edo magalean gora egin gabe. Goratasunari eutsita, pago lirain zein sendoetatik itzuririk. Mazelari kilimak eginez eta sestra kurbari helduta, bat egingo du Erroitegitik datorren basabidearekin. Pagadia atzean utzita, belardian zehar jarraituko du zinbulu-zanbulu. Bide nagusiak eskuinera egiten duenean, ezkerrera hartu eta, zuhaitzen artean sigi-sagan ibilita, Mugarriluzera iritsiko da berriz ere. Bertako alanbrea gurutzatu eta igoeran ikusitako belaze zabalean, eskuinera egin eta Sabandorako bidexka harritsuari oratuko zaio.