Sagar toki handian, sagar uzta «handia»

Euskal Sagardoak aurtengo sagar uzta aurkeztu du, Altzon. Bost milioi kilo sagar baino gehiago biltzea espero dute.

2025eko sagar uztaren aurkezpena, gaur, Altzon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2025eko sagar uztaren aurkezpena, gaur, Altzon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ane insausti barandiaran
Altzo
2025eko irailaren 23a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorabeheratsua izan ohi da sagar uzta: aldaketa handiak izaten ditu urtez urte. Aurtengoa, ordea, urte ona izango dela diote Euskal Sagardoa jatorri deiturako kideek: iazko uzta apalaren ondoren, sagastietan hasiak dira sagarrak biltzen, eta bost milioi sagar kilo biltzea aurreikusten dute. Hala azaldu dute gaur Altzon (Gipuzkoa), aurtengo sagar uztaren aurkezpenean. Ipintza baserrian egin dute, Altzoko Handiaren baserriko sagasti artean. Sagar toki handian, ongietorria egin diote uzta handiari. 

Aurkezpenean parte hartu dute Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileak, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Oreka Departamenduko diputatuak, Raimundo Ruiz de Escudero Haziko zuzendariak, Maider Lopetegi Fruiteleko lehendakari eta Euskal Sagardoa jatorri deiturako kideak, Olatz Mitxelena Euskal Sagardoa jatorri deiturako kideak eta Aitor Etxeandia Fruitel elkarteko teknikariak.

Agirrek egin ditu gidari lanak, eta hark azaldu du zergatik egin duten Altzon aurkezpena: Altzon aurkitu zuten Gipuzkoa hitza lehen aldiz agertzen zen dokumentua. 1025. urtekoa da, baina, Gipuzkoa ez ezik, hitz gehiago ere azaltzen ziren bertan: «Dokumentu horietan, badirudi gehien-gehien ateratzen ziren hitzak sagasti eta sagarra zirela. Hori dela eta etorri gara. Sagar toki handia eta ona da Altzo». 

Eta ona da aurtengo uzta ere. Lopetegik aletu ditu zenbakiak: «Baserri guztietan, sagasti guztietan, bilketa puri-purian dago. 250 sagargile gaude, eta estimazioa da bost milioi kilo sagar bilduko ditugula. Aurten sagar urtea da; iaz urte txarra izan zen, baina aurten uzta handia espero dugu, eta ea kopuru horiek gainditzen ditugun».

Sagarrak ematen baitio zentzua guztiari. Hura gabe ez dago ez sagardorik, ezta sagardotegirik ere. Horiek guztiak bultzatzeko, urtarrilean aurkeztu zuten Malus Bat proiektua, Txotx garaia hastearekin batera. Euroeskualdearen barruan garatzen ari diren plan estrategikoa da, eta hemezortzi hilabete iraungo du, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eragileekin batera. Mitxelenak eman du orain arteko bileretan lortutakoaren berri: «Sagarrarekin hasi gara, eta ekintza plan oso bat atera da: helburua da errentagarritasuna lortzea, ekoizpena bultzatzea eta etorkizunean ere bertako sagarrean oinarrituta egongo den proiektu bat izatea».

Etorkizuneko erronkak

Uztak teknikoki hobetzeko ere ari dira hainbat proiektutan lanean. Etxeandia horren lekuko da: uzta hobetzea eta erregularra izan dadin lortzea dute xede. Bakantzea da proiektu horietako bat: sagar askoko urteetan, sagarrak bakantzeko probak egiten ari dira, uzta orekatuagoak izateko. Interpolinizazioa da beste proiektu bat: sagarrak beste sagar mota bat behar du alboan, polinizazioa ondo gertatu dadin. Eta barietate berriak sartuko dituzte, bateragarriak ote diren aztertzeko: «Sagasti berriak planteatzerakoan jakin dezagun zer barietate jarri behar den besteen ondoan».

Azkenik, Geneva txertakak sagardo sagarrean erabiltzeko proiektu bat dute martxan. Izan ere, phytorphthora onddoarekiko erresistenteak dira —sagarrari kalte handiak eragiten dizkio onddo horrek—. Eta, noski, klima aldaketaren eraginak murriztu nahi dituzte: «Hotz falta daukagu neguan, estres hidrikoa momentu jakin batzuetan, beroaldi handiak, gaixotasun edo izurrite berriak... Honekin egin behar duguna da ikusi eta ikasi, gure barietateak zelan egokitzen diren egoera honetara». Erronkei egunez egun helduko diete, ordea. Gaur-gaurkoz, kopara bota dute zukua, eta datorren uztari ongietorria emateko egin dute topa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.