Sagar uzta txikia, are txikiago

Esperotakoa baino %30 sagar gutxiago biltzea aurreikusten dute aurten Euskal Sagardoa jatorri izeneko kideek: milioi bat eta erdi kilo. Kostaldean sagar gutxiago izango da barrualdean baino.

Aurtengo Euskal Sagardoaren sagar uztaren aurkezpena, Otalarrea sagastian. JON URBE / FOKU
Aurtengo Euskal Sagardoaren sagar uztaren aurkezpena, Otalarrea sagastian. JON URBE / FOKU
ane insausti barandiaran
Villabona-Amasa
2026ko irailaren 16a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezurteak berak dakarren aurreikuspena are gehiago okertu dute beroak eta euri faltak. Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagastietan hasiak dira aurtengo sagar uzta biltzen, eta nabarmen txikiagoa izango dela aurreratu dute. Izan ere, sagarrondoek sagarrak bota dituzte ur faltagatik —bereziki kostaldean—. Hala adierazi dute Euskal Sagardoa jatorri izeneko kideek Otalarrea sagastian (Villabona-Amasa, Gipuzkoa); bertan azaldu dituzte aurtengo uztarako aurreikuspenak, eta sektoreak aurrera begira dituen erronkak. Udan hainbeste esperotako bisita ere izan dute aurkezpenean: «Hara, begira, ez du udara guztian euririk egin nahi genuenean, eta, kasualitatea, gaur, uzta lehor honetan, gaur egingo digu euria». Horrek ez ditu sagargile eta sagardogileak geldiarazi, ordea. Elkarlanean ari dira erronka guztiei aurre egiteko.

Prentsaurrekoan hitza hartu dute, hurrenez hurren, Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak, Joseba Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko zuzendariak, Nora Beltran de Otalora Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak, Ainhoa Larrea sagargile eta Fruitel elkarteko lehendakariak, Olatz Mitxelena Euskal Sagardoa jatorri izeneko kideak eta Aitor Etxeandia sagar teknikariak.

Otalarrea sagastiko sagarrak. JON URBE / FOKU
Otalarrea sagastiko sagarrak. JON URBE / FOKU

Agirrek egin ditu aurkezle lanak, eta egunaren garrantzia nabarmendu du: «Guretzat egun garrantzitsua da, dena hemendik hasten delako. Dena sagarretik hasten da». Aurtengo datuei buruzko xehetasunak, aldiz, Larreak eman ditu. «Aurten espero baino uzta dezente txikiagoa izan da; ezurtea izateaz gain, beroak eta euri faltak sagar uzta gutxitu dute. Sagar asko erori da, eta espero zena baino %30 gutxiago bilduko da». Iazko uztarekin alderatuta, %65 sagar gutxiago da hori. Milioi bat eta erdi kilo biltzea espero dute, baina ez dute kopuru bera espero leku guztietan: «Gipuzkoa barrualdean eta Araba aldean sagar gehiago izan da. Kostaldean, berriz, dezente gutxiago».

Dena den, lasaitasunerako mezua zabaldu du Agirrek: «Hau ziklikoa da. Milioi eta erdi esan dugu, eta ematen du inoiz ez dugula milioi eta erdi bildu, baina izan ditugu horrelako urteak. Badakigu hurrengo urtean sagar urte fuerte bat etorriko dela». Hori da aurrera begira duten erronketako bat: uzta urteak berdintzea, bi urtean behin halako desorekarik egon ez dadin. 

Ikerketak, abian

Urteak dira Euskal Sagardoko kideak, erakundeen eta teknikarien laguntzarekin, sagarraren inguruan ikertzen ari direla. Azken bi urteetan, esaterako, Malus Bat proiektua izan dute martxan, eta hiru elementu landu dituzte bertan: sagarra, sagardoa eta sagardotegia. Malus Bi prestatzen ari dira orain: bertan, sagarra izango da protagonista bakarra. «Helburu nagusia izango da gaur egun egiten ari diren lana —bai sagargileena, bai teknikariena, bai administrazioarena— azeleratu ahal izatea. Azeleratzea, eta sagarraren ekoizpena bermatu ahal izatea, hurrengo urteetan %100eko euskal sagardoa egin ahal izateko», azaldu du Mitxelenak.

Hain zuzen, ez dute prentsaurrekoko kokalekua ausaz aukeratu: Otalarreko sagastietan zenbait esperimentu egiten ari dira sagarren ekoizpena handitzeko xedez. Etxeandiak azaldu ditu horietako batzuk, eta interpolinizazioa da horietako bat: «Sagasti berriak egiterakoan, sagar barietateak hobeto antolatzeko erabiltzen da, ekoizpena hobea izan dadin». Ezurteari aurre egiteko eta ekoizpenak gehiago erregulatzeko, berriz, bakanketa ere egiten dute: «Beti egongo da ezurtea, baina espero dugu hain bortitzak ez izatea».

«Sagar uzta ziklikoa da; badakigu hurrengo urtean sagar urte fuerte bat etorriko dela»

UNAI AGIRRE Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzailea

Geneva txertaka deritzen sustraiena da beste ikerketa lerro bat: «Gaixotasun batzuekiko erresistentzia edo tolerantzia dute, eta ikusi nahi dugu ea bateragarriak diren, eta zer ekoizpen maila duten». Azkenik, bertako lurra hobeto ezagutzen eta ulertzen jarraitu nahi dute. «Entseguak zabaltzen saiatuko gara, gure lurrak hobeto kudeatzeko, gaixotasunak ekiditeko, eta ekoizpena hobetzeko».

Amaitzeko, sagardoarekin lotutako hitzordu batzuetara gonbidatu du Agirrek jendea. Irailaren 27an Sagar Uztaren Jaia egingo dute Astigarragan (Gipuzkoa), eta Sagar Eguna Irungo Ola sagardotegian (Gipuzkoa). Igartubeiti baserri museoan (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa), aldiz, urriaren 7tik 17ra egingo dute Sagar Astea. «Garairik interesgarrienetakoa da sagardotegiak bisitatu ahal izateko, bai eta muztioa egiteko tailerrak eta bisita gidatuak egiteko ere». Horixe egin dute haiek ere: gaur goizean bertan jasotako sagarren muztioa dastatu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA