Sagardo Mahaia osatzen duten hamahiru sagardogileak Gorenak kalitate zigilu pribatua aurkeztu zuten atzo Hernaniko (Gipuzkoa) Zelaia sagardotegian eginiko prentsaurrekoan. Gaurtik aurrera zigilu berriaren pean merkaturatzen hasiko dira sagardo botilak. Hurrengo astetik aurrera erosi ahal izango dira Gorenak zigiluko sagardo botilak.
Ondokoak dira Sagardo Mahaia osatzen duten sagardotegiak: Astigarragako Alorrene, Gartziategi, Gurutzeta, Mina eta Zapiain; Hernaniko Altzueta, Olaizola eta Zelaia; Donostiako Barkaiztegi; Ikaztegietako Begiristain, Errenteriako Egi-luze; Andoaingo Gaztañaga; Tolosako Isastegi eta Asteasuko Sarasola.
Euskal Herriko sagardo Gorenak da zigiluaren izena, beltza eta urre kolorekoa. Sagardotegi bakoitzaren etiketarekin batera txapela beltza eta Gorenak zigilua izango dute Sagardo Mahaiko kideek salduko dituzten botila guztiek. Sei milioi zigiludun botila merkaturatuko dituzte aurten.
Miguel Zapiain, Zapiain sagardotegikoa eta Sagardo Mahaiko bozeramaileak kalitatezko zigiluaren helburuak aipatu zituen: «Sagardozaleari sagardorik onena bermatzea, eta sagardoaren sektorea indartzea».
Sagastietatik hasi eta sagardoa botilaratu arte, prozesu osoa zaintzen duen araudi zorrotza ezarri dute horretarako. Besteak beste, kalitatezko sagarrak, dentsitate kontrola eta PH-aren analitika zainduko dituzte.
Sagarra indartu
Kalitatezko sagardoa lortzearren ezinbestekotzat jo dute Euskal Herriko sagarrarekin lan egitea. Sagardo Mahaiko kideek sagastiak hobetzeko neurriak hartu dituzte. Sagarlan enpresaren bidez, sagasti homologatuak landatu dituzte baserritarrekin elkarlanean. « 2010. urtean 20 sagasti homologatu ditugu. Aurtengo urtarrilean, beste horrenbeste, eta hurrengo urtean 40 inguru gehiago egongo dira», esan du Josu Esnal Sagardo Mahaiko gerenteak. Sagasti homologatuen kopurua urtetik urtera handituko dela aurreikusi dute. Kalitate neurriak betetzen dituen kanpoko sagarrak erabiltzen dituzte bitartean, ez baitago sagar nahikorik ekoizpena ziurtatzeko. Sagar homologatuak besteak baino garestiagoerosten dituzte, baserritarrentzat zigilupeko sagardoarentzat landatzea errentagarriagoa izan dadin.
Sagardo Mahaiko sagardogileek, berriz, bertan landatutako sagar homologatu guztia erosteko konpromisoa hartu dute, «euren premiak ase arte».
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso dute horretarako. Ekoitzitako sagardoa zigilupean merkaturatzeko, Zizurkilgo Fraisoroko laborategiko teknikariek eman beharko diote oniritzia. «Sorta batek ez baditu irizpideak betetzen, ez doa», azaldu du Miguel Mari Lasa Sagardo Mahaiko presidenteak. Sagardogileek ezingo dute kalitate bermeak betetzen ez dituen sagardo botilarik merkaturatu, ez zigilupean ez eta zigilurik gabe ere. «Beste irtenbide bat eman beharko zaio sagardo horri», esan du Lasak.
Zigiluak ezinbestean prezioaren igoera ekarriko duela aitortu dute sagardo ekoizleek. «Gastu batzuk baditu, eta nahiko genuke prezioa pixka bat igotzea, sagardoari eta sagarrari balioa eman, eta horrela gurpila osatzeko», azaldu du Lasak.
2005. urtean ekin zioten sagardogileek sektoreko hausnarketa estrategikoari, eta 2007an sortu zuten Sagardoaren Mahaia sagardoaren alorreko izen garrantzitsuenek. «Ordutik lanean ari gara etengabe, merkatu ikerketak, sagastienak, upategienak... egiten», azaldu du Zapianek.
2010. urtean, sektorea ulertzeko hainbat filosofia zirela medio, zatiketa etorri zen. Sagardo Mahaiko kide ziren sagardogile talde batek, elkartea utzi, eta Kalitate Fundazioarekin hasi zen Eusko Label zigiluarekin lanean. Gipuzkoako sagardoaren %50 inguru ekoizten dute Sagardo Mahaiko hamalau kideek.
Sagardo Mahaiak kalitate zigilu pribatua aurkeztu du: Gorenak
Sei milioi botila merkaturatuko dituzten aurten kalitatezko zigilu berriaren pean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu