Fruta-arbolarik hedatuena: hogei mila mota dira munduan, gehien kontsumitzen direnak hogei ere ez izaki. Hemengoak sagardogintza izan du helmuga batik bat, jatekoa (bestearen aldean) baztertu samarra izaki; gordinik, azal eta guzti edo zurituta, jan izan dugu; ospakizunetan, ogi labean erreta hartzen zen, egosita, konpota eta konfituran, kausera, pastel eta tartetan, tripotx eta sagarradan, eta abar. Edari batzuk ere egiten dira sagarrez gurean: muztioa, sagardoa, sagardoza, ozpina, pitarra, zizarra.
Erdi Aroan, monasterio eta komentuek zaintzen zuten eta aberastasunaren ikurra zen sagarra: agiri garrantzitsuetan sagasti eta ur lasterrak agertzen dira. P. Delancre inkisidoreak (XVI. mendea) aitzakia aurkitu zuen sagarrean, emakume lapurtar asko sutan erretzeko:sagardoa edaten zutenez,Ebak sagarra jaten zuen bezala, deabruarekin mintzatzen ziren (haietako askoren senarrak itsasoan zebiltzan, balea edo bakailaoa harrapatu nahian).
Sagarrak irizpide askoren arabera sailkatzen dira, hala nola kontsumitzeko era (gordinik jatekoak, sagardotarakoak, egostekoak), jatorria (herrialdea, lurraldea, herria), umatzekogaraia (udakoak, udazkenekoak, urte osorakoak), ezaugarriak (kolorea, tamaina, zaporea). Honetan oin hartuta, mundializazioak sartutakoez gainera, gurean bagenituen sagar gaziak (boskantoi, errege sagarra, errezil gorria, gazi haundi, ibarbia, kanpandoja, libra, mendiola, udare s.), gazi-gezak (agor mokote, aldakoa), gezak (abalia, andoain, bizkai, geza gorri, geza zuri, loixtiña, mamula, mokote, patzulo, potrokillo), geza-garratzak (altza, andra mari, palazio, piku s., saluate), garratzak (buztiña, gezamiña, haritza, azkoneta, merkaliña, ugarte, urkizu), gazi-garratzak (errege-gaxi, haritza, aziloka, goikoetxea, merabi, munduate, periko, txalaka), gazi-gozoak (ale haundi, aleman, anixa, manttoni, pelestiña, reñeta gorria, txurten luze, uriña, urtebi, zelaia), gozoak (burni, gorri txiki, kamuesa, limoi s., mozolo, oru, patzolu, praixku s., txori s.), geza-gozoak (burgo gorri),gozo-garratzak (joxepa)… gutxienez.
Euskaraz esaten denez, sagar bat egunero hartuz, sendagilea etortzeko beharrik ez.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Sagardoa, sagarretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu