Orain sendotzen, eta etorkizuna errotzen. Horretan ari da sagardoaren sektorea gaur egun. Sektorea sendo dago, eta horren adierazle dira datuak: 10.000.000 litroko ekoizpena eta 800-1.000 lanposturen sorrera, besteak beste. Geroa oraina bezain sendoa izatea nahi dute sagardogileek, eta horretan ari dira lanean. Hiru erronka nagusi dituzte: bertako sagarraren ekoizpena handitzea, botilaren balioa sendotzea eta sagardoaren kultura zabaltzen jarraitzea.
Aurtengo txotx denboraldia «ona» izaten ari dela nabarmendu dute Euskal Herriko sagardogileen elkarteetako ordezkariek, nahiz eta urtarrilean eta otsailean egindako eguraldi txarraren ondorioz aldia ez zen behar bezala hasi. «Martxoan, ordea, jende asko ibili da eta apirilerako ere erreserba dezente egiten ari dira», azaldu du Arantxa Eguzkizak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko buruak. Halaber, gogoratu du jende askok uste duenaren kontra, txotx denboraldia ez dela Aste Santuarekin amaitzen, baizik eta maiatzera arte luzatukodela. «Gainera, gero eta gehiago dira txotx garaia urte osora zabaltzen ari diren sagardotegiak, baita txotxa eskaini ez arren sagardotegia urte osoan zabaltzen dutenak ere».
Ipar Euskal Herrian aspaldikoa da ohitura hori. Hala azaldu du Azkaineko (Lapurdi) Txopinondo sagardotegiko Dominic Lagadecek. «Bezero batzuek sagardo berria dute gustuko, beste batzuek zaharra, badira baita ere hartzitze garaian hartzea gustuko dutenak».
Garai horietan, gainera, bestelako produktuak sartzen dituztemenuan: «Entsaladak, oilaskoa, saiheskia, arraina...», nabarmendu du Eguzkizak. Bide horretan, bertako produktuen alde egiten duten apustua berretsi du. «Lehen sektore indartsu bat behar dugu: arrantzaleak, abeltzainak, nekazariak... Azken batean, elkar hartuta egin behar dugu lan, onura biontzat baita». Egun, haragia eta bakailaoa ez ezik, gainontzekoa ere bertako produktuekin eskaintzen dute.
Sagardo eskaintza urte osora zabaltzeko egin duten apustuaren barruan, ezinbestekoa ikusten dute botilaratutako sagardoa indartzea eta zabaltzea. «Egun garrantzia ematen bazaio, etorkizunean are gehiago. Azken batean, sagardoa edari bat da, eta botilak izan behar du erreferente sektore indartsu bat nahi badugu. Izan ere, txotx aldia hilabete batzuetara mugatzen da, eta horrekin bakarrik ezin dugu aurrera egin», iritzi dio Jose Antonio Zamalloak, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko Buruak. Botila produktu gisa «duintzeko» beharra defendatu Nafarroako sagardogileen elkarteko buru Jesus Angel Garciak eta Arabako buru Jose Peciñak.
Bat dator horrekin Eguzkiza. «Egia da sagardoaren sektoreak aurrera egin badu, txotx garaiak hartutako garrantziari esker izan dela. Horren bidez lortutako irabaziei esker egin dugu aurrera. Baina oinarria botila da. Hori kontuan hartuta, dagokion balio ekonomikoa eman behar diogu botilari. Sagardo botila batek ezin du ogi bat baino merkeagoa izan». Lagadecekazaldu du eurek jada eman dutela urrats hori. «Produktuaren atzean lan bat dago. Beraz, horren araberako prezioa izan behar du. Produktua kalitatezkoa bada, jendeak kontsumitu egingo du, prezio bat izan edo bestea izan».
Bertako sagarra sustatuz
Hemengo sagarraren ekoizpena handitzea da duten beste erronka bat, eta sagardo guztia bertako sagarrekin egitea. Egun 900.000 litro inguru egiten dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Ziurtatu behar dugu nahikoa lehengai daukagula sagardoa bertako sagarrekin egiteko. Horretarako oinarriak jarri behar ditugu. Izan ere, horrek emango dio izaera propioa sagardoari. Baina hori ez da sagardogileon lana bakarrik, sagarzaleena eta administrazioarena ere bada», esan du Zamalloak. Horri lotuta, herrialde bakoitzaren errealitatea desberdina da. Lagadecek azaldu du eurek sagardoaren %20 baino ez dutela egiten bertako sagarrekin—60.000 litro ekoizten dituzte urtean—. «Nahiko genuke gehiago izatea, eta sagar ekoizleei horretan laguntzen saiatuko gara. Gure egiteko nagusiak, dena den, egin ditugu jada: kalitatezko produktu bat eskaintzea eta jendea sagardora erakartzea».Araban, ekoizpena txikia izanik, moldatzen dira bertako sagarrarekin. «Dena den, badago sagarrondo gehiago landatzeko proiektu bat. Hala, horretarako prest daudenei ikastaroak ematen dizkiegu, nola landatu eta zaindu behar dituzten azaltzeko». Bost-sei hektareakoak dira bataz besteNafarroako sagardogileek dituzten sagastiak. «Lan egiten ari gara horiek handitu, eta batez ere bertako sagarrak berreskuratzeko; Baztanen, badute horretarako borondatea eta asmoa».
Gipuzkoa da ekoizpen handiena duen herrialdea, eta, horregatik, urte batzuetan ezinbestean ekarri behar dute kanpotik sagarra. «Bainaaldundiarekin elkarlanean ari gara, eta azken zazpi urteetan 53 hektarea moldatu ditugu sagardoa egiteko sagarretarako. Gainera, ikerketa ugari egiten ari gara bertako sagarren inguruan. Azken batean, landaketa berriak sustatzeaz gain, oso garrantzitsua da egun daudenak zaintzea».
Sagardoaren kultura ez dago neurri berean errotuta herrialde guztietan. Arabaren kasuan, ardoa dute lehiakide. «Ardoa nagusi da oraindik ere mahaian, baina poteatzeko orduan gero eta indar gehiago hartzen ari da sagardoa, eta hori oso inportantea da», azaldu du Peciñak. Horri lotuta, herrialdean sagardoaren kultura areagotzen ari dela nabarmendu du. «Alde horretatik, jendeak asko estimatzen du sagardotegian izaten den giroa:lagunartea, abestea...». Bizkaian ere ari dira pixkanaka bide horretan urratsak egiten. «Bizkaiko jendeak Gipuzkoara joateko ohitura izan du orain arte, eta espero dugu bertan hartu duten sagardoarekiko zaletasuna hona ekartzea eta bertako sagardotegietara etortzea». Sagardoa ardo gozo eta apartsuarekin lotzen du Iparraldeko jende askok, eta harritu egiten dira hala ez dela ikustean. «Frantziakosagardoa gozoa eta apartsua da, eta horregatik harritzen dira, bainaestimatzen dute gurea ere».
Gipuzkoan kultura hori oso errotua dago, baina lanean jarraitzen dute ezagutarazteko. Bide horretan hainbat proiektu landu dituzte. «Turismoa erakartzeko tresna bat ere izatea nahi dugu». Bide horretan, udan argitaratzeko asmoa dute Bizi Sagardoa webgunea; lanean ari dira bertan Euskal Herri osoko eskaintza bildu, etaguztietan erreserbak saretik egin ahal izateko.
Bezeroetan aldaketa
Sagardotegietara batez ere Euskal Herriko jendea joaten da oraindik. Baina denek nabarmendu dute gero eta jende gehiago datorrela kanpotik. Batez ere Kataluniatik, Espainiatik eta Frantziatik. «Oso bezero fidelak dira, gainera. Gehienek errepikatu egiten dute. Gure kasuan, asko eta asko nekazaritza etxeetara datozenak dira», esan du Garciak. Dena den, onartu dute bezero motan aldaketa bat eman dela. «Garai batean bezeroak astean zehar etortzen ziren, edo bestela larunbat gauean. Orain, berriz, batez ere larunbat eguerditan», nabarmendu du Garciak.
Horrek aldaketak eragin ditu lan ordutegietan. Eguzkizak gertutik bizi izan du hori: «Garai batean, adibidez, lan gehiago egiten genuen astean zehar, eta igandetan ez genuen irekitzen». Bezero mota, gainera, gazteagoa da.«Horiek kasu askotan festa eta parranda gisa ikusten dute sagardotegira etortzea. Hori ere bada. Baina ez hori bakarrik. Horregatik nabarmentzen dugusagardoaren inguruko kultura sustatzeko behar hori». Bestalde, sagardogileek beste aldaketa bat antzeman dute bezeroek eskatzen duten sagardo motan. «Garai bateko sagardozaleek askoz sagardo gogorragoa nahi zuten». Zerbitzu aldetik ere gauzak aldatu dira. «Jatetxe baten adinako zerbitzua eskatzen dute».
Sagardoak badu oraina eta geroa
Eguraldi txarraren ondorioz txotx garaia zertxobait motel hasi zen arren, martxoa ona izan dela nabarmendu dute sagardogileek, eta apirila ere hala izatea aurreikusten dute. Bertako sagarra sustatzea eta sagardo botilari balioa ematea da etorkizunari begira dituzten erronka nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu