Eguerdiko hamabiak dira, eta dozena bat dantzarik sagar bana dute eskuan. Dantzaren Mundu Eguna da, eta Errenteriako (Gipuzkoa) zumardiankoreografia bat egin dute gaztetxo batzuek, baina bestelakoa da Lino plazakoa: dantzari bakoitzak bina sagar bota dizkie herritarrei. Eta hizketan hasi da Garazi Otamendi Errenteriako 35. Sagardo Egunaren antolatzailea: «Goza ezazue 2023ko sagardo uzta! Gozatu, bai, baina errespetuz. Ez dugu inolako eraso sexista, xenofobo eta arrazistarik onartuko! Aldi berean, euskara da egiten gaituena: hortaz, izan zaitezte euskaldun». Txotx egin, eta sagardoa dastatzen hasi dira.
Aterpea jarria dute garai batean Lino fabrika zegoen plazan, eta 40 sagardogileren uzta dasta dezakezazpi euroan edalontzia erosten duenak. Edalontziaren diseinua Juanfer Ricok egin du aurten ere —aurtengo omenduetako bat da, Idoia Arbelaitz euskara irakasle, herri mugimenduetako ekintzaile eta Sagardo Egunaren antolatzailearekin batera—. Edalontziko marrazkian, kalibre bat ageri da, eta sagar bat dauka helduta. Rico 30 urtez aritu da postuen dekorazioa eta edalontzia diseinatzen. «Errenteriako fabriketan kalibrea asko erabili izan da, eta tailerrei egindako omenaldi txiki bat da. Bestalde, 35 urteren ostean, Sagardo Egunaren antolakuntzari kalibrea edo neurria hartu diogu. Hori da ideia».
Asier Irastorza lezoarrak kalibrea erabili zuen mekanikari zebilenean, eta tresna horren marrazkia du sagardoz betetako edalontzian. «Giro polita dago, eta, itxura batean, euskalduna. Ez da gutxi». Pozgarri zaio antolakuntzan eta zerbitzatzen jende gaztea ikustea.
Amaia Gastesi errenteriarra da, eta esan du jaia «oso herrikoia» dela eta herriko elkarte guztiek parte hartzen dutela. «Agerikoa da sagardoa zerbitzatzen ari den jendea gaztea dela, eta hori ona da, erreleboa badagoelako».
Botilak ireki eta ireki ari direnen artean dago Maialen Viaña: «Normalean, goizean zerbitzatzera etortzen gara; gero, bazkaria egiten dugu kuadrillan, eta arratsaldean, libre, beste batzuek zerbitzatzen dutelako». Horretan ari da Amets Bengoetxea ere: «Txikitatik bizi izan dut Sagardo Eguna, eta, herriko ekintza bat denez, herriari laguntzeko aritzen gara».
Kanpoko baten bat bada
Lino plazan ez dago sagardoa soilik. Han inguruan, dultzainen doinuak entzun dira. Txistulariak eta trikitilariak ere ez dira falta. Ane Elizetxea trikitilaria gozatzen ari da: «Oso ondo pasatzeko eguna izaten da hau. Arratsaldean ere jotzen ariko naiz, eta, gauean, parranda pixka bat egingo dut».
Talogileen ilaran, edalontzi bat hautsi dela entzun da. Halako gehiago gerta daitezke, kalibrea desorekatuz gero.
Errenteriakoak ez diren herritar batzuk ere bete-betean murgildu dira festan. Realekoa dela dioen lehoi bat Muniain jokalariaren elastikoarekin dabil sagardoa edaten. Laura Moreno Kolonbian jaioa da, Donostian bizi da, eta euskara praktikatzen dabil: «Oso ondo pasatzen ari naiz. Datorren urtean berriro etorriko naiz». Harekin dago Astrid Gonzalez madrildarra: «Zoragarria da hau; jai giroa lasaia da. Ez nintzen inoiz halako sagardo egun batean egon. Espero dut halako jai herrikoiak inoiz ez galtzea».
Bigarren txotxa 18:00etan izan da, kalibrearekin edo gabe.
ATZEKOZ AURRERA
Sagardoari kalibrea hartuz
Errenteriako 35. Sagardo Eguna ospatu dute, giro onean. Idoia Arbelaitz eta Juanfer Rico omendu dituzte, eta Ricok berak egin du edalontziko marrazkia: kalibre bat sagarrari heltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak