Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Â
Badira herriak mapetan ageri ez diren sustraietatik hazitakoak. Herri batzuk sagarrondo baten gerizpean loratu ziren lehenbizikoz, eta handik abiatu zuten bidea: zurtoinetatik jakintza jaso zuten, hostoen bidez garapena, eta fruituetatik bizitza bera. Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak (Usurbil, Gipuzkoa, 1961) ederki daki hori.
Batzuek tentazioaren fruitua paradisutik datorrela sinetsi arren, Errekondok azaldu du ez dagoela garbi zer jatorri duen fruitu debekatuak: «Lydia Zapata arkeologoaren teoriaren arabera, sagarra ez dator munduko toki bakarretik, baizik eta toki askotatik. Beraz, esan dezakegu Euskal Herriko berezkoa ere badela».
Izan ere, Euskal Herri guztian dago sagar basa, hazia duten fruta arbolak «oso ondo egokitzen» baitira hezetasunerat. Zuhaitz hori landu eta zaintzearen kultura ere zazpi lurraldeetan zabaldua da. Horrela, Euskal Herrian mila sagar mota inguru daudela azaldu du Errekondok: «Horrek adierazten du gure kultura zenbateraino dagoen sagarrari lotuta».
Gehienak sagardotarako sagarrak dira; jan-sagarrak, berriz, ez du hainbertzeko garrantzirik. Errekondoren ustez, «alde handia» dago bien artean: «Mahai sagarrak gaziak dira, eta sagardotarakoak, berriz, gezak edo mikatzak». Bigarrenen artean ere «alde nabarmena» dagoela azaldu du: «Gazitasun, mikaztasun eta azukre puntuaren arabera, sagardoa iraunkorragoa, gorputz gehiagokoa, lehorragoa edo kolore indartsuagokoa izango da».
Landatutako aldaera guztiak hobekuntza genetikotik sortu direla erran du agronomoak: «Sagar natural bat gerezi bat baino txikiagoa izango litzateke». Beraz, sagarrek milaka urte daramatzate «etengabe hibridatzen». «Hibridazioa ez da laborategietan egiten: munduko gauzarik naturalena da», argitu du Errekondok.Â
Paisajistaren hitzetan, hautaketa nola egiten den da «gakoa»: «Euskaldunon kasuan, sagardotarako bereziki egokiak ziren sagarrak lehenesten genituen antzina». XIX. mendeaz geroztik, ordea, sagardoaren kultura gain behera joan da, eta «teknika, jakintza eta barietate ugari» galdu dira.
«Euskaldunon kasuan, sagardotarako bereziki egokiak ziren sagarrak lehenesten genituen antzina»
JAKOBA ERREKONDOAgronomoa eta paisajista
Hala ere, 1980ko hamarkadan kultura hori berriz piztu zela azaldu du Errekondok: «Usurbilen, esaterako, Sagardoaren Eguna antolatu zuten lehenengoz. Hortik abiatuta hasi ziren sagardotegietan txotxa orain ezagutzen dugun eran antolatzen».
Errekondok uste du mundu zabalari erreparatuz sagarra izanen dela gehien kontsumitzen den fruta, eta Euskal Herrian ere bertze horrenbertze gertatzen dela: «Lurra duen etxe bat ikusten baduzu, seguruenik sagarrondoak egongo dira».
Baina garbi du Errekondok, sagarrak garrantzia badu, antzina sagardoa «beharrezkoa» zelako du: «Garai batean, inork ez zuen urik edaten, eta, orain, kimikoki tratatua ez balego, ezingo genuke edan». XVI. eta XVII. mendeetan balearen atzetik joandako marinelei, adibidez, eguneko hiru litro sagardo egokitzen zitzaizkien kontratuz: «Datu hori gaur egunera ekarrita, euskaldun bakoitzak eguneko hiru litro edango balitu, egun eta erdian edanda legoke Euskal Herrian produzitzen den sagardo guztia».
Paisaiari erreparatuta ere, ibar denak sagastiz beteta zeuden XVI. mendean. Horren ondorioz, ezinbertzean, erleak «ikaragarrizko garrantzia» hartu zuen, paisajistaren erranetan, intsektu horiek baitira «polinizatzaile nagusiak»: «Baserrietako ganbaretan egoten ziren: etxeko abereak ziren».
«Jendeak nahiago du supermerkatukoa: distiratsua eta azal zimurrik gabea. Itsusia jan behar da, itxurakeriaren sagarrak ospitalera garamatza eta»
JAKOBA ERREKONDO Agronomoa eta paisajista
Horren erakusgarri, baserri guztietan izaten zen ohitura bat: «Baserrian norbait hiltzean, etxeko andre zaharrena arduratzen zen ezbeharra erleei kontatzeaz. Eskerrak ematen zizkien, eta argizari gehiago egiteko eskatu». Alabaina, uste du gazte gutxik izanen dute usadio horren berri, sagarrari buruzko jakintza «eskasa» baitute, orokorrean. «Oso gutxi dakigu hemengo motei buruz, eta kanpotik etorritakoa jaten dugu», aitortu du Errekondok.Â
Agronomoa, ordea, ez da fio supermerkatuetako sagarrez. Azaldu du dagokion garaian jan behar direla. Euskal Herrian abendua bitarte eroriko dira sagarrak arbolatik, eta apirilera arte «inolako pozoirik gabe» kontserbatuko dira: «Hilabete asko daude sagar naturala kontsumitzeko, baina jendeak nahiago du supermerkatukoa: distiratsua eta azal zimurrik gabea. Itsusia jan behar da, itxurakeriaren sagarrak ospitalera garamatza eta».
Sagarraren faseak
Errekondok ongi ezagutzen ditu sagarraren zikloa eta faseak: «Normalean txertaketa bidez landatzen da. Mentu oina sagar makatza da, tamaina emango diona, eta aukeratutako barietatea gehituko diogu hari». Bi txertaketa mota daude: adarreko txertoa, martxoko ilbeheran, eta begiko txertoa, uztaileko ilbeheran. Urte batzuen bueltan emanen dute fruitua: «Batzuk hirugarren edo laugarren urtean hasiko dira, eta besteek hamar urte beharko dituzte. Baina bata hogei urte biziko da, eta bestea, berriz, 150».
Ilargiaren egutegiari segitzea gomendatzen du agronomoak, baina ohartarazi du ilargiak ez duela «miraririk egiten». Hortaz, norbait etxean sagastia landatzekotan badago, badaude kontuan eduki beharreko zenbait aholku: «Klase desberdineko sagarrak hazteak abantaila asko dakartza polinizatzaileak erakartzeko orduan».Â
Jendeak egin ohi dituen hanka sartzeak ere zerrendatzen ditu: «Ohikoena da bi aldiz ez pentsatzea sagasti bat antolatzeko orduan. Bestalde, gehiegi fidatzen gara kanpokoek zer dioten, eta ez diogu gure ekosistemaren hesia jartzen informazioari».Â
Zainketak baditu bertze adar batzuk ere. Horietako bat inausketa da. «Neguan edo udaran egin daiteke, zuhaitzak izerdia daukanean, zauriak ondo ixteko». Bi inausketa mota daude: batak zuhaitzari forma emateko balio du, eta bertzeak, berriz, fruitua ematen laguntzen dio.
Hurrengo pausoa ongarriketa da; udazkenean edo udaberrian egiten da, hain justu. «Pentsatzen dugu simaurra emanda nahikoa dela, baina hemen lur buztintsuak dauzkagu, eta lurra azidotu egiten da. Horregatik, bi urtetik behin karea gehitzea gomendatuko nuke. Gainera, sagarraren ezaugarri organoleptikoak hobetzen ditu; usaina, kolorea, zaporea eta lurruna, hurrenez hurren».
Izurriteak egonez gero, garbitasun tratamenduak egiten dira. «Ugarienak zorriak dira, eta lurpeko onddoek ematen dute arazo gehien; hostailari erasotzen diote, eta landarea hil ere egin dezakete». Errekondok azaldu du horiei aurre egiteko biderik onena erremedio «naturalak» direla, eta ez industria kimikotik sortutakoak: «Ospitalean bukatzeko bidea dira». Horien artean daude azeri buztana, osina edo landare urak.Â
Loraldi adimenduna
«Martxoko lorea ez balitz hobea, apirilekoa urrea, eta maiatzekoa, ezer ez baino hobea», dio esaera zaharrak. Normalean, hamabost eguneko loraldia izaten da, baina aurten inoiz baino gehiago iraun du: apiriletik uztailera arte. Â
Misterioa argitu nahian, hipotesi bat formulatu du Errekondok: «Sagarrondoak erlerik ez dagoenerako prestatzen ari dira. Erlezainek zaintzen dituzten erleak bakarrik daude, eta ez dira gai natura guztia polinizatzeko. Besteak guk desagerrarazi ditugu, pozoiarekin eta kutsadurarekin».
Beraz, estrategia bat abiarazi dute aurrerantzean bertze polinizatzaile batzuk erakartzeko, hala nola haizea, inurriak, euliak, mantangorriak eta liztorrak. Hala ere, baikorra da Errekondo: «Sagarrondoa milaka urteko biziduna da, eta bere garapen genetikoan glaziazioak eta bero izugarriak pasatu ditu». Baieztatu du gizakiok baino lehenago «usaina hartu» diola klima aldaketari.
Arbolak neguaren arabera loratzen dira: «Guk egutegiari begiratu behar diogu negua den jakiteko; landareek, berriz, zenbat hotz ordu egiten dituen kontatzen dute». Hori horrela, hotz ordu anitz behar dituzten sagarrondoek «Eskandinaviara migratu» beharko dutela ondorioztatu du Errekondok, hala nola Errezil sagarrak. San Joan sagarraren gisako goiz sagarrek, berriz, ez dute arazorik.
«Seguru nago gure espeziea desagertu eta sagarrondoek hor jarraituko dute lasai asko. Euskaldunon mila sagarrak agian ez, baina etengabe sortu eta galduko dira beste batzuk», adierazi du Errekondok. Izan ere, nahiz eta ez jakin informazioa gordetzeko garunik ba ote duen, sagarrak berezkoa du adimena.
Baiurtea eta ezurtea zer diren esplikatuz frogatu du hori Errekondok: «Baiurtea denean, sagarrondoak maiatzean erabakitzen du hurrengo urtean ez duela sagarrik emango, indarberritzeko tartea edukitzeko. Guk, gizakiok, ez dakigu hurrengo maiatzean zer egingo dugun, baina sagarrak bai, eta, gainera, bete egingo du».