Saguzarren akelarrea

Saguzarren kontserbaziorako tresnen inguruko hitzaldi eta bisita gidatua egin dute urteroko legean Gasteizko Salburua parkean; saiakerak saiakera, ez zuten animaliarik ikusteko aukerarik izan.

LOREA MARLESIN GASTEIZ
2008ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Saguzarrak inbokatzen. Han zeuden hogeita bost lagun inguru, Gasteizko Salburua parkean, SanTomas ibaiaren inguruan elkartuta. Guztiak multzo batean, argazki kamerak eskuan eta bihotzak taupada bizian, goren unea itxaroten: saguzarren agerpen gutiziatua. Askorentzat, ilunpetako izakiak dira; beste askorentzat, aldiz, gaitz gabeko animaliak. Egiari zor, Juan Tomas Alcalde biologoaren hitzak entzunda saguzarren inguruko hainbat mito bertan behera gelditu zitzaizkion bati baino gehiagori.

Ziurrenik udako gau beroetan buru gainetik pasatu zaizkigu asko, hegan egiten. Negua kobazuloetan zein enbor zuloetan buruz behera sabaian zintzilik pasatzen dute. Noizbehinka esnatzen dira, lekuz aldatzeko eta gorputzean pilatzen zaizkien hondakinak kanporatzeko.Udaberria heltzen denean emearen obulazioa gertatzen da eta ernalketa gauzatzen. Saguzar emeek beraien baitan gorde dezakete arraren esperma neguan lo dauden bitartean, gero udaberrian nahi dutenean erabiltzeko.

Saguzarrak hegan egiten duten ugaztun bakarrak direla kontuan harturik, haurdunaldiak irauten duen sei asteeetan fetuak har dezakeen pisua dela eta, arazoak izan ditzake emeak. Hilabete eta erdi hori igaro ondoren, buruz behera erditzen da; kume bakarra izaten dute normalean.

Saguzarrak ugaztunak izanda, amaren tititik esnea xurgatzen dute bost hilabetez, gizakion antzera. Jaten dutenari erreparatuz gero -fruituak, intsektuak, polena eta animalia hezurgabeak, batez ere-, saguzar odol-xurgatzailearen mitoa erori zitzaion bati baino gehiagori. Odola xurgatzetik bizi den saguzar mota bakarra dago eta, askorentzat pena bada ere, ez da Euskal Herrian halakorik.

Mehatxatuak eta babestuak

Saguzarrek erretzen dutela ere beste mito faltsu bat dela argitu zuen Alcaldek. «Ez da gezurra, nik frogatu dut, eta erretzen dute», esan zuen bisitari batek biologoaren hitzaldia etenaz. Zigarreta masailezur zorrotzen tartean jarrita, ezingo dute ahotik kendu, eta arnastean duten erritmo azkarra dela-eta, animaliak tabakoa oso bizkor kontsumituko luke eta egundoko kaltea eragingo lioke bere buruari.

Besterik da gaixotasunen transmisioarenkontua. Listuan ez dute inongo pozoirik metatzen, betidanik esan denaz bestera. Errabia transmititu dezaketela ikertu da, baina bakarrik hiru saguzar motek, eta horiek Ameriketan bakarrik aurki daitezke. Gaixotasuna saihesteko saguzarren bat hartu nahiz gero, zapi edo oihal zati batez hartzea komeni da. Hala, gaitzak zein koskak eragindako mina ekidin ditzakegu.

Zorte txarraren seinale dira ere landetako hainbat lurraldetan. Saguzarren presentziak deabruaren bisita edo inguruko pertsona baten heriotza iragartzen omen du. Normalean, animaliak hil egiten dituzte, etxetik alde egin dezaten; lurralde haietako biztanleek hala jokatzen dute. Alcalderen esanetan, «mito horiek, inkisizio garaiko asmakuntza dira, aditu askoren ustez».

Izan duten fama txarra dela tarteko, gizakiek mehatxatu egin dituzte saguzarrak, eta heriotzarainoi eraman. Gainera, gizakiek azken urteotan egindako ingurumen aldaketek ez diete onura handirik ekarri ugaztun txiki horiei. Energia eolikoa ematen duten errotek kalte handia eragiten diete saguzarrei eta baita heriotza ekarri ere.Baita errepide eta eraikuntzen zaharberritze lanek ere. Arrailak konpondu eta ixtendirenean, esaterako, saguzar askok ez dute lekurik lo egiteko, eta, maiz, saguzar multzo handi baten galera dakar horrek. Deforestazioarekin gauza bera gertatzen da. Zuhaitzen adaburuetan bizi dira talde asko, eta izugarri kostatzen zaie beste leku bat aurkitzea. Horretarako, babes teknikak sortu dituzte: jatorriko gordelekuen babestea, aterpe berriak eratzea habia berezien bidez edota gatibu diren saguzarrak ugalaraziz. «Beharrezkoa da horrela babestea, ingurumenerako onuragarriak direlako saguzarrak», argitu zuen Alcaldek. Udan hain itsaskor diren intsektuak jaten dituzte, gizakiarentzat ez dira kaltegarriak eta natura zaintzen laguntzen dute.

Ilunpetan zegoen dena 22:30erako. Soinurik ez zen entzuten, ezta saguzarrik ikusten ere. Salburuako saguzarrek ez zituzten jendearen otoitzak entzun. Hurrengo akelarrean ikusi ahal izateko, kantuak aldatu beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.