Saguzarren gaua

Saguzarrak ezagutzeko irteera bat antolatu du Gasteizko Udalak. Hitzaldi bat egingo dute, eta Salburuko hezegunea bisitatuko dute

Gasteiz
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Saguzarren Nazioarteko Gaua ospatuko dute ostiralean eta larunbatean Gasteizen eta Irunberrin (Nafarroa). Europako hainbat herrialdek antolatzen dute egitasmo hori, galzorian dauden saguzar espezieak ezagutarazi eta kontserbatzeko. Saguzarrak ikusteko irteera ostiral gauean izango da Gasteizen. Irunberrin, berriz, larunbatean.

Gasteizko txangoa gaueko bederatzietan hasi eta hamaikak inguruan bukatuko da. Gazteleraz izango dira azalpenak. Hasiera Atarian izango da, Biosferaren pasealekuan, hain zuzen. Juan Tomas Alcalde gidariak ordubeteko hitzaldi bat emango du: saguzarren biologia eta egoera azalduko ditu, animalia «arriskutsuak» edo «kaltegarriak» direla dioten mitoak gainditzeko. Ondoren, ordubete inguruko ibilaldia egingo dute Salburuko hezegunean barrena: urmaela eta saguzarrentzat jarritako kutxak bisitatuko dituzte. Gasteizko Udalaren webgunean eman daiteke izena, doan.

Espezieak identifikatzeko, ultrasoinuen detektagailu bat erabiliko dute, saguzarrek ekoizten dituzten soinuak tresna horren bidez entzun baitaitezke soilik. Linternekin ikusteko aukera ere egongo da. Euskal Herrian 25 saguzar espezie daude. Salburuan horietariko lau entzun eta ikusteko aukera dago: pipistrelo arrunta, kuhl pipistreloa, ur saguzarra eta pipistrelo mediterraneoa. Baliteke gau saguzar txikia ere ikustea. Alcalderen esanetan, «saguzarrek zenbait eltxo populazio kontrolatzen dituzte, eta eltxo horiek gizakiari transmititzen dizkioten gaixotasunak murrizten dituzte, eltxoez elikatuz». Horregatik, kontserbatzea «garrantzitsua» dela uste du.

Saguzarren Nazioarteko Gaua

Ostiralean, 21:00etan, Gasteizko Salburuko hezegunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.