Antzerkilaria

Eneritz Artetxe: «Samiek teatro nazional bat dute, eta guk ez daukagu oraindik»

Dxusturi Teatroa konpainiakoak Tromson izan dira, samiak, hopiak eta maoriak bildu dituen antzerki jaialdi batean. «Ikusi dut posible dela gauzak beste modu batean egitea», nabarmendu du Artetxek.

Eneritz Artetxe. ARITZ LOIOLA / FOKU
Eneritz Artetxe. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete pasatxo, Tromson (Laponia) Varscenefest antzerki jaialdia egin zuten, eta Dxusturi Teatroa konpainiako kideak bertan izan ziren; tartean, Eneritz Artetxe antzerkilaria (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1972). Rikardo III eta ni taularatu zuten, eta bertako samien antzerki mundua ezagutu zuten, baita hopiena (AEB) eta maoriena ere (Zeelanda Berria).

Rikardo III eta ni antzezten hasi zinetenean, pentsatu zenuten noraino eramango zintuzten?

Pentsatu ere ez! Guk pentsatzen genuen Euskal Herrian ibiliko ginela bueltaka, eta bat-batean etorri zitzaigun proposamen hau. Eta ipar polora joan gara.

Tromsora, hain zuzen. Nolakoa da hango antzerki jaialdia?

Nahiko kontzeptu berezia dauka. Samiek beraiek antolatutakoa da, eta ez zuten nahi jaialdi hutsa izatea, baizik eta topagune bat, elkargune bat, denok elkarren berri izateko leku bat, eztabaidatzeko leku bat, jakintza partekatzeko leku bat. Titulu horiek jartzen dira jaialdi askotan, eta benetan ez dira izaten hainbesterako. Han egon eta gero, esan daiteke benetako topaketa bat izan dela, benetan eztabaidatu dugula, mahai inguruetan bakoitzak pentsatzen duena esan duela, elkarregaz egin dugula dantza... Samiek munduko indigenen jaialdi bat egin gura zuten, bakoitzak bere hizkuntzan, bakoitza bere kultura zati bategaz, eta, egia esan, oso aukeraketa ona egin dute.

Zertan egin dute bat emanaldiek?

Emanaldi guztiek zuten tradiziotik, eta eguneratze bat ere bai. Uste dut bete-betean asmatu dutela: hopiak beren dantzak egiten ikusi ditugu, baina istorioa aldatuta; beren hizkuntzan azaltzen zizkiguten gauzak. Inuit gazte bat, 26 urtekoa, beren antzinako kantuekin rap moduko bat egiten aritu zen, oso aldarrikatzailea, bere hizkuntzan. Ozeaniako maoriak ere egon dira: euren haka dantza egiten zuten bik, eta beste bat drag queen-a zen. Tartekatu egiten zuten, eta ez dakizu zelan! 

Zuek tradizioa ere eguneratu duzue nolabait.

Guk Zuberoako zamaltzainen dantzak, bertsoak eta kantu batzuk nahastu ditugu Shakespeareren Richard III lanagaz.

Mahai inguru batean ere parte hartu duzue.

Haientzat interesgarria zera zen: zelan uztartu Shakespeare bakoitzak bere kulturagaz. Samien teatro nazionaleko zuzendaria ere bazegoen, eta nire lehenengo galdera zera izan zen: «Nola lortu duzue teatro nazional bat izatea?». Samiek teatro nazional bat dute, eta guk ez daukagu oraindik. Oso sakabanatuta daude, eta are gaitzagoa iruditzen zitzaidan. Berak azaldu zigun aldarrikapen baten harira izan zela: zentral elektriko batzuk ipini gura zituzten, eta jokoan zeuden haien lur batzuk, elur oreinak-eta hazten diren lekuan. Haien kultura elur oreinaren ingurukoa da. Manifestazio horietan hasi ziren pentsatzen zerbait egin beharko luketela arte eszenikoetan, beren lurrak eta kultura babesteko: beharrezkoa zen arte eszenikoak lantzeko gune bat, sami herria batuko zuena.

Eta zer galdera egin zizkizuten zuri?

Nik esaten nien gurean euskarazko antzezlanak ikustera ez direla etortzen euskaraz ez dakitenak. Gaitza da. Izan daiteke nire pertzepzioa, baina aurreiritzi bat dago, eta ez datoz, ez bada ikasteko edo. Eurek ez zuten ulertzen. «Azpitituluak jarrita ere ez?», galdetzen zidaten. Nik ez dut uste: uste dut aurreiritzi bat dagoela.  

Laponian azpidatziak jartzen dituzte?

Bai. Are, azpidatzirik ere ez genuen ipini guk: hasieran azaldu genien zer antzeztuko genuen, eta gero euskaraz egin genuen, azpidatzirik gabe. Txalo zaparrada bota ziguten. Beste planeta bat da. Ikusi dut posible dela gauzak beste modu batean egitea, eta oso hunkigarria izan da. Lanera joan gara, baina asko gozatu dugu: Itsaso Artikoan bainatu ginen!

Zer tenperaturan zegoen?

Zer dakit nik! Oso gozagarria izan da egonaldi osoa.

lotsabako

Laponiako lekurik kuttunena?
Itsaso bazterra izotzez beteta.

Jan beharrekoa?
Izokina.

Hara joan aurretik, ohartarazpen bat?
Isiltasuna gustatu behar zaizu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA