'San Juan' baleontzia bisitatu ahalko da, estreinakoz, Pasaiako Itsas Festibalean

Gaurtik igandera egingo dute Pasaiako laugarren Itsas Festibala, itsasontzien desfile handi batekin hasita. Kanada izango da itsas kulturaren arloko ohorezko gonbidatua.

'San Juan' baleontzia, iazko azaroan, Pasaiako badian uretaratu zutenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
'San Juan' baleontzia, iazko azaroan, Pasaiako badian uretaratu zutenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko azaroan uretaratu zuen Albaola itsas kultur faktoriak XVI. mendean Kanadan hondoratu zen San Juan baleontziaren erreplika, eta, gaurtik igandera, hura uretan bisitatzeko aukera izango da estreinakoz. Izan ere, laugarrenez eta lau egunez, Pasaiako badia itsas kulturaren nazioarteko topagune bihurtuko da, orduan egingo baitute Pasaiako Itsas Festibala. Biribila biribiltzeko, Kanada izango da itsas kulturaren arloko ohorezko gonbidatua.

«Ez da kasualitatea», nabarmendu zuen Xabier Agotek —Albaolako presidentea izateaz gain, Itsas Festibaleko zuzendaria ere bada— jaialdiaren laugarren aldiko egitaraua aurkezteko ekitaldian, duela egun batzuk: «Atlantikoaren bi aldeetan eraikitako historia komun baten aitortza da. Duela ia 500 urte eraiki zen leku berean, Pasaian bertan, San Juan ontzia ikusi eta bisitatu ahal izateak aukera ematen du bidaia haien benetako dimentsioa eta Kanadako kostaldeekin ezarri zuten lotura ulertzeko».

Iraganaz ez ezik, orainaz ere arituko dira. Izan ere, gaur egungo Kanadako herri indigenetan jarriko dute arreta Pasaian: Atlantikoan zeharreko topaketak programaren bidez, Kanadako lehen nazioetako, inuit komunitateetako eta Atlantikoko kulturetako tradizioek Euskal Herrikoarekin daukaten lotura aztertuko dute. Halaber, kayakak egiteko inuiten tekniken berri emango dute, eta atikamekw artisauek jendaurrean erakutsiko dute nola egiten dituzten kanoak urki azalez, modu tradizionalean.

Kanadaren eta Euskal Herriaren arteko lotura ezerk gorpuzten badu, San Juan baleontziak gorpuzten du. Itsas ondarea berreskuratzearen adibide esanguratsu bat da, eta Itsas Festibalak «mugarritzat» jo du hura badian ikusi ahal izatea: «Aukera emango du itsasontzia bere benetako testuinguruan ezagutzeko eta garai hartako nabigazio transozeanikoaren esperientziara hurbiltzeko». Esperientzia hori osatzeko, batetik, euskal baleontziek Ternuako eta Labradorko kostaldeetara egindako bidaien berri emango dute Albaolan, erakusketa batean, baita San Juan-en aurkikuntzaren nondik norakoak azaldu ere. Bestetik, San Pedroko Lonjako erakusketan zera azalduko dute: nolakoa izan den ontzi hura eraikitzeko prozesu osoa.

120 ontzi baino gehiago

Protagonismoa ontzi horrek izango duen arren, beste askok ere bere egingo dute badia; bereziki, gaur. 18:00etan hasiko da festibala: 120 ontzi baino gehiago igaroko dira Ulia eta Jaizkibel mendien arteko bokaletik, desfile batean, eta badiara sartuko dira. Gainontzeko egunetan, gainera, aukera egongo da ontzi horietako batzuk gertutik ikusteko, baita haietako batzuetan nabigatzeko ere. Étoile du Roy fragata kortsarioa eta Recouvrance Frantziako itsas armadako itsasontzi baten erreplika dira bisitatu ahalko direnetan handienak. Grayhound eta Evangelina ere ezagutu ahalko dituzte bisitariek, eta Aita Mari ere bai, Itsas Salbamendu Humanitarioko itsasontzia. Hura Pasai San Pedroko kaian egongo da.

Eta Pasaiara nola iritsi? Itsas Festibalak jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duenez, bizikletaz eta garraio publikoan joatea hobesten dute. Alegia, bizikletaz doazenek baino ezingo dute aparkatu Pasaian; zehazki, Trintxerpeko Gernika plazan eta Pasai Donibaneko motoen aparkalekuetan. Autoentzako aparkalekua Ficoban egongo da, Irunen (Gipuzkoa); handik trenez joateko aukera dago. Izan ere, Teo Alberro Pasaiako alkatearen arabera, zero kilometroko filosofiari bultzada eman diote aurten, ingurumen protokoloak indartuta.

Musika ere ez da faltako, eta, besteak beste, Pedro Pastor, Eskorzo, Amparanoia, Bele eta Nakany Kante izango dira oholtzan. Dantza eta gastronomia ere nonahi egongo dira, bai eta lanbide tradizionalen erakustaldiak ere. Den-denak, itsas kulturaren eta ondarearen erakusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA