Musika sakratuaren inguruko jaialdia egin dute Bilbon azken egunotan, eta gaur taularatuko dute azken emanaldia. Benjamin Britten konpositore ingelesaren The Company of Heaven lana taularatuko dute Berg orkestrak eta Martinu abesbatzak.
Bost urteko haurra zela hasi zen Britten musika idazten, eta ez zuen inoiz haurtzaroa gainditu, berak aitortzen zuenez. Ingalaterrako musika girotik ihesi, Stravinski, Schoenberg, Mahler eta Berg hartu zituen begitan, bere herrialdean eredu txartzat bazituzten ere.
BBCren enkarguz idatzi zuen The Company of Heaven, 1937. urtean, urte hartako San Migel eguna ospatzeko. Ereserki erlijiosoak eta Bibliako testuen errezitatzea tartekatzen dira lanean. Lau aktore eta bi abeslarirentzat idatzi zuen Brittenek, tartean bere bikotekide Peter Pearsentzat. Gaurko saioan aktore bakarra arituko da, Vicky Peña katalana, eta bi abeslari, Alzbeta Polackova sopranoa eta Vaclav Barth tenorra.
Berg orkestra Txekian sortu zuten, 1995. urtean, batez ere musika garaikidea eta XX. mendekoa jotzeko. Grabazio asko egin dituzte Txekiako Irratirako. Martinu abesbatza ere aski gaztea da, iaz sortua, baina musikari profesionalez osatuta dago.
'THE COMPANYOF HEAVEN'
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Campos Eliseos antzokian, Bilbon.
San Migel eguna, apirilean
Benjamin Brittenen 'The Company of Heaven' lanarekin amaituko da gaur 'Bilbo Ars Sacrum' jaialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu