San Sebastian, berrikuntzaz betea

Lehenengo aldiz, Donostiako Hiritar izendapena izango duten bi mutiko Easo Ederraren ondoan joango diraIaz arte gizonezko elkarteak ziren Kainoieta eta Umore Ona misto bihurtu dira aurten

San Sebastian eguneko danborradak aurkeztu zituzten atzo; Malen Arrieta Danbor Nagusia eta Sara Esnal Easo Ederra desfileko pertsonaia gehiagorekin egon ziren. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Astebete baino gutxiago gelditzen da San Sebastian egunerako, eta ohi baino urduriago nabari dira donostiarrak. Haurrak dira horien artean ezinegon handiena dutenak. Atzo aurkeztu zuten San Sebastian eguna Donostiako udaletxeko batzar aretoan, eta bertan izan ziren danborradako pertsonaia nagusiak, begiek dir-dir egiten zietela. Hurrengo astelehenean soinean eramango dituzten jantzi dotoreak jantzita zeuzkatela egin zuten areto erdira sarrera, pausoak San Sebastian martxaren doinura eginez. Ondoan zituzten Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura arduraduna.

Aitor ikastolako Malen Arrieta izango da aurtengo Danbor Nagusia. Irribarrez egon zen aurkezpen osoan, eta, hitza hartu zuenean, esan zuen ez ahazteko San Sebastian eguna disfrutatzeko eguna dela: «Ondo jo behar da egun horretan, baina aldi berean ere, disfrutatu». Antzeko hitzak izan zituen Sara Esnal Easo Ederrak. «Parte hartzaileei esan nahi diet ongi pasatzeko, eta danborra gogor jotzeko, horretarako eguna da eta».

The English Schooleko ikaslea da Esnal, eta desfileko gainerako pertsonaiak ere ikastetxe horretakoak izango dira. Easo Ederra joango den karrozan gainera, berrikuntzak izango dira aurten. Estreinakoz bi mutilek desfilatuko dute, horretarako sortutako XIX. mendeko Donostiako Hiritar izendapenaren bidez. Alejandro Belmont eta Eduardo Sanjurjo izango dira han joango diren bi lagunak. Txapartegik azaldu du, desfilea parekideagoa izateko sortu dutela izendapen hori. «Haurtzarotik landu behar da parekidetasuna, eta, horregatik, ikastetxe guztietara eskutitz bat bidali genuen azalduz desfileko pertsonaiak, legez, mutilek edo neskek bete zezaketela».

Iñudeak, iruleak, urketariak, palafrezainak eta damak izango dira gainerako pertsonaiak, urtero irteten diren berberak. Eta ohiturari jarraituz, pertsonaiak dituzten taldea izango da desfilatzera irtengo den azken taldea.

Guztira, 7. 257 haur irtengo dira kalera San Sebastian egunean, 126 konpainiatan. Ikastetxeetatik irtengo diren haurrak 4.635 izango dira, 113 talde. Gainerako 2. 622 haurrak auzoetako elkarteetan irtengo dira —hamahiru taldetan—.

Eskaut Gia taldeari ohore

Helduen danborradan talde misto modura erregistratu zen lehenengo taldea izan zen Eskaut Gia elkartea, eta haiek igoko dute ikurrina igande gauean Konstituzio plazan, —igoera egingo duten bigarren aldia izango da, eta Donostiako banderarekin batera egingo dute—. Baina emakumezkoak ere partaide dituen lehenengo taldea izategatik bakarrik ez diote eman ikurrina jasotzeko ardura. «Aurreneko talde mistoa ez ezik, berdintasunaren alde lan egin duen taldea ere da Eskaut Gia», adierazi du Izagirrek. Taldeak izaera «guztiz inklusiboa» duela gaineratu du alkateak. «Urteetan egin duten lana benetan txalogarria da, eta horregatik eman nahi diegu ikurrina jasotzeko ohorea».

Eskaut Gia talde mistoa danborrak jotzen atera zenetik, gorantz joan da talde mistoen kopurua. Aurten 128 elkarte irtengo dira—iaz baino hiru talde gehiago—, eta horietatik 115 izango dira mistoak. Kainoieta eta Umore Ona elkarteak, berriz, mistoak bihurtu dira aurten; orain arte gizonezkoek bakarrik osatzen zituzten.

Bilakaera baikorra izan arrenoraindik egiteko handia dagoela nabarmendu du Txapartegik. «Elkarteak mistoak izateak ez du esan nahi parekideak direnik». Oraindik ere danborradan parte hartzen duten gehienak gizonezkoak dira. Gaineratu du, «begi bistakoa» dela danborradako postuak sexuaren arabera banatzen direla oraindik. «Elkarteak mistoak izanda ere, sexuaren arabera postu bat edo beste ematen zaie». Danborradan irtengo diren 15.468 helduetatik 5.777 dira emakumezkoak, 9.691, berriz, gizonezkoak.

Urtero legez, Donostiako zazpi aldetatik irtengo dira igande gauerdian helduen danborradako elkarteak. Iazko berberak izango dira: Altza-Intxaurrondo, Amara-Loiolako Erribera, Antigua, Erdialdea, Gros, Loiola-Egia-Martutene eta Parte Zaharra.

Udaleko balkoitik begira

Danborradan parte hartzen ez dutenentzat ere egun berezia izaten da urtarrilaren 20a. Horietazere gogoratu da Donostiako Udala, eta adierazi dute Alderdi Eder parkera begira dauden balkoietara 48 herritar sartu ahal izango direla. 3.700 lagunek eman dute izena, eta bihar egingo dute zozketa,udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan. «Iaz, Parte Zaharreko udal liburutegi zaharreko balkoia ireki genion jendeari, banderaren igoera ikusteko; eta asmo berarekin irekiko ditugu aurten udaletxeko balkoiak; horrelako ekitaldi bereziak ikusteko tokiek ez baitute udal ordezkarientzat bakarrik izan behar», azaldu du Izagirrek.

San Sebastian eguna «mundu osoan» ospatzen delako, berriz, Euskal Etxeetara deialdi berezi bat egin dute, eta eskatu dute ospakizunetako argazkiak eta bideoak bidaltzeko. «Esfortzu berezia egin dugu nazioartean eguna nola ospatzen duten jakiteko», gehitu du Izagirrek. Bildutako materialarekin lan bat egin asmo dute.

Igandean eguraldi txarra egiten badu, hilaren 26an egingo dute haur danborrada. Egun horretan ere eguraldiak ez badu laguntzen, danborrada hurrengo urtera arte bertan behera utziko dutela gaineratu dute. Gutxi geratzen da, atzerako kontaketa hasi da, bost lo, eta donostiarrentzat horren berezia den San Sebastian eguna izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.