Aurrez idatzitako gidoia bete dute Fuente Ymbroko zezenek. San Jose del Valleko (Cadiz, Espainia) ganadutegiak izen ona du sanferminetan, hango zezenek beti elkarrekin egiten dutelako lasterka, eta oso adarkatu gutxi eragin izan dituztelako Iruñeko entzierroetan. Gaurkoan ere halaxe gertatu da: entzierro bizkorra eta zirraragarria egin dute, eta arrisku uneek zerikusi handiagoa izan dute ibilbidean pilatutako jendetzarekin, animalien portaerarekin baino. Bi minutu eta 21 segundoan egin dituzte ibilbideko 840 metroak.
Uztailaren 7ko lehen entzierroak, asteburuetan egiten direnak bezalaxe, badu ezaugarri propiorik: festen hasierako zirrarak lagunduta, jende asko animatzen da korrika egitera, eta horrek masifikazioa eragiten du ibilbidearen puntu askotan. San Domingoko aldapan bertan ere ikus zitekeen ohi baino jende gehiago zegoela gaur, suziria lehertu eta entzierroa hasteko zain.
Azkar atera dira zezenak, ziztu bizian, San Domingoko aldapan gora: joaldunak aurrean eta zezen beltzak eta grisak atzean, baina denak elkarrekin. Eroriko batzuk izan dira zati horretan, zezen saldoak hartu duen abiadura biziaren ondorioz.
Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunea ere garbi hartu dute zezenek, irrist egin gabe eta hesia jo gabe, eta elkarrekin egin dute ibilbidearen zatirik handiena. Abiada are biziagoa hartu du entzierroak zati horretan, eta zezen taldea zabaldu egin da. Zenbait lasterkarik aukera baliatu dute zezenen arteko hutsuneetan sartzeko eta animalien aurrean korrika egiteko. Estafetaren goiko zatian, Telefonicako bihurgunera iritsi aurretik, zezen taldea gehiago zabaldu eta bitan banatu da. Azkenerako, bananduta sartu dira zezen plazara.
Zazpi zauritu, kolpeen eraginez
Larrialdi Zuzendariordetzak emaniko datuen arabera, DYAren larrialdi zerbitzuek zazpi pertsona artatu dituzte gaurko entzierroaren ostean, guztiak ala guztiak, erorikoen ondorioz hartutako kolpeengatik.
Kolpe gogorrena hartu duena AEBetako 61 urteko gizonezko bat da: Mercaderes kaleko zatian lasterka ari zela erori da, eta min hartu du buruan. Beste lau lasterkari eroriko eta kolpeengatik artatu dituzte ibilbidean bertan, eta Estafeta kalean, berriz, zezen batek eskuineko hanka zapaldu dio 20 urteko gizonezko bati. Nafarroako Unibertsitate Ospitalean artatu dituzte, eta pronostiko ona dute denek. Bestalde, gazte bat giharretako kontraktura baten ondorioz artatu dute Zezen plazan bertan. Oro har, zauri arinak izan dira denak. Adarkaturik ez da izan.
Gaurko entzierroa zenbatuta, Fuente Ymbroko zezenek hemeretzi aldiz egin dute lasterka Iruñeko entzierroan. 2005. urteaz geroztik, ia urtero izan dira sanferminetan. Korrikaldi bizkorrak eta garbiak egin ohi dituzte, eta, hain zuzen, horrek eman die sona, Erruki Etxeko antolatzaileen ganadutegi kutunetako bat bihurtzeraino. Urteetan landutako izen onari eutsi diote aurten ere.