Jaiak. Sanpedroak Mungian

Sanpedrotxu eta Sukalki Eguna, festak bukatzeko

Azken txanpan sartuko dira Mungiako sanpedroak; igandean egingo dute sukalki lehiaketa sonatua

Sukalki lehiaketak indar handia du Mungian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da Marijaia, baina mungiarrek badute festarako haien pertsonaia: Marijata. Ostiralean egin zioten ongietorria, eta ia astebete darama Mungiako sanpedroak herritarrekin ospatzen. San Pedro eguna izan zen, hain zuzen, atzo, Mungiako jaiei ohore egiten dien patroiaren eguna, baina festak igandera bitarte izango dira, eta badute ordura arte zerekin gozatua: San Pedrotxu eguna, gaur, eta Sukalki Eguna, igandean, besteak beste.

Herriko haurrek bete-beteko eguna dute gaurkoa. Torrebillelan haurrentzako parkea jarriko dute, goizean eta arratsaldean, eta Andra Marin, magia ardatz duen karpa eta puzgarriak. Gure Ametsa txistulari taldearekin batera kaleratuko dira buruhandiak, 11:30ean, eta haien aurretik korrika egiteko modua izango dute haurrek. Gaurko egunez mozorrotuta irtengo dira kalera asko eta asko, horretarako ohitura hartua baitute herrian.

Kirol ekitaldiek ere tarte zabala dute gaur Mungian. Eguerdian herri kirolen erakusketa antolatu dute Olalde parkean, eta aizkolariak, txinga eramaileak eta beste hainbat alorretako kirolariak elkartuko dira. Arratsaldean pilota partidek hartuko diete lekukoa herri kirolei: profesionalen pala partidak jokatuko dira pilotalekuan, 19:00etan hasita.

Festek berezkoa duten eromen puntua nahiago dutenek Mungiako kuadrillengana gerturatzea da aukera. Larrabizkerreko konkistatzailea auto zoroen erronka antolatu dute gaurko, 16:00etan. Eten bat egin ondoren, bigarren zati bat ere izango du erronkak, 19:45ean.

Eguna bukatzeko, musika, dantza eta antzerkia izango dituzte Mungian, edozein festetako osagai ezinbestekoak. Olinpikas 2012 kale antzerkia antzeztuko dute Hortzmuga taldekoek Foruen plazan, 20:30ean; Trikizio taldearekin erromeria izango da txosnetan, 22:00etan; eta Deabru Beltzak taldearekin musika ikuskizun ibiltaria, 22:30ean.

Sorkun eta Zea Mays

Bihar eta larunbatean ere bada zer ikusia eta zerekin gozatua. Larunbatekoa Nagusien Eguna izango da, eta eguerdiko mezaren ondoren bazkaltzeko modua izango dute adinekoek Bentades ikastetxean. Bazkalondoan, Danontzat koruaren emanaldia eta orkestra batekin dantzaldia antolatu diete nagusiei. Bestelako musika molde batzuek hartuko dituzte txosnak 23:00etan: Sorkun eta Zea Mays taldeek kontzertua emango dute Txosnen Batzordeak antolatuta.

Igandean bukatuko dira Mungiako festak, eta azken egunak indar handia du herrian, sukalki lehiaketak batez ere. Amilotx dantza taldeak antolatu du, eta Uriguen parkean egingo dute urtero legez. Parte hartu nahi duten sukaldariek egunean bertan eman dezakete izena, 10:30etik aurrera. Gutxienez, sei lagunentzako sukalkia prestatu beharko du sukaldari bakoitzak, eta hauek ditu erregosirako erabil ditzakeen osagaiak: behi haragia, patatak, tomateak, tipula, piperrak, azenarioak, idarrak, olioa eta gatza. Arratsaldean banatuko dituzte sukalki lehiaketako sariak.

Gastronomia lehiaketa bukatutakoan, musikak eta dantzak hartuko dituzte Mungiako kaleak, eta gauerdiarekin batera bukatuko dituzte sanpedroak: Marijata agurtu eta festetako zapiak sutan erreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.