Jaiak. Laudio

Sanrokeen azken txanpa

Baserriko produktuen azokarekin hasiko dute gaur eguna Laudion, eta bihar ohiko odolosteak jateko bilduko diraIgandean amaituko dira jaiak, Erroketxu Txakurra maskota erretzean

Kuadrillen Eguna ospatu zuten atzo, eta batzuei bazkaria prestatzea egokitu zitzaien. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Igandera arte jaietan murgilduta jarraituko du Laudiok. Hilaren 15ean jaurti zuten sanrokeen hasiera iragarri zuen txupinazoa, eta ordutik festak ez du atsedenik izan. Javi Arteta Laudioko Udaleko teknikariaren hitzetan, Ā«170 ekintza daude aurtengo egitarauan. Aurreko urteetako filosofia bera jarraitu dugu. Taldeak aldatu ditugu, baina funtsean dinamika bera da. Lehiaketak, entzierroak, antzerkia eta kontzertuak izan ohi dira jaietako ekitaldi nagusiakĀ». Asteburu honetan azken txapan sartuko dira jaiak, baina oraindik bada zertaz gozatu, hiru egunak ekitaldiz gainezka baitatoz.

Gaur, esaterako, Baserritarren Eguna ospatuko dute. Ohi legez, baserriko produktuen erakusketa eta salmentarekin hasiko dute eguna laudioarrek. Azokan ez ezik, edonon izango da jan-edanean aritzeko beta, txakolin eta sagardo dastatzea, pintxo dastatzea eta herri bazkaria egingo baitira. Arratsaldean, lehia izango da protagonista, kuadrillen arteko herri kirolak, 15. San Roke Artzain Txakurren txapelketa eta San Roke Idi Probak txapelketa jokatuko baitira.

Gauean, denetariko doinuak eta dantzak izango dira. Lamuza parkean musika klasikoa izango da entzungai. Azoka plazan, berriz, Hostara taldeak kontzertua egingo du, eta herriko plazan Korrontzi&Oinkari taldea arituko da. Azkenik, Ze Esatek! taldeak txosnetan joko du, eta ondoren dantzaldia izango da. Musika gogoz geratzen denak Zumalakarregi Rockodromora joatea besterik ez du izango, diskoteka ibiltaria egongo baita.

Biharkoa odolosteak jateko eguna izango da. 11:00etan, Laudioko gaiteroak auzoz-auzo joango dira jendea esnatzen; ondoren, Gesaltza fanfarreak hartuko du erreleboa, 15:00ak bitartean kaleak girotzen ibiliko baita. Bien bitartean, Txosna Batzordeak bertso bazkaria antolatu du.

Txapelketa ugari jokatuko dira bihar ere, lehen goitibehera txapelketa eta 26. bolo txapelketa, besteak beste. Baina, zalantzarik gabe, ekitaldirik esanguratsuena odoloste jana izango da. Indarrak eraberrituta, gau luzea izango dute aurretik laudioarrek. 21:00etan hasiko da musika eta dantza eskaintza, Koldo Iturberekin eta Los Cinco Bilbainos taldearekin. MKNO taldeak, diskoteka ibiltariak eta Joselontxo's txarangak osatuko dute programa. Zumalakarregin diskoteka ibiltaria egongo da, eta etenaldia egingo da galtzontzillo eta kulero lasterketak dirauen bitartean.

Igandea, azken eguna

Igandean, Kofradiaren Egunarekin amaituko dira aurtengo jaiak. Goizean goizetik hasiko da festa, Lankaietako Lagunak txistulari taldeak 09:00etan ekingo baitio kalejirari. 14:00etan elizako arkupean egingo den senideen bazkarian bilduko dira herritarrak. Jaietan gertatuko pasadizoak kontatu eta lagunekin elkartzeko aitzakia izango da bazkaria askorentzat. Arratsaldean, Kuko, Truko eta Boldenwaiderkek Taulara antzezlana aurkeztuko dute Lamuza Parkean, eta ondoren, Elsa Baezak musika emanaldia egingo du. Egan taldearen doinuek itxiko dute gaua, baina sanrokeen amaiera jaietako maskota Erroketxu Txakurra erretzean iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.