Santu txikiaren festa handiak, Alde Zaharrean

San Fermin Txiki festetan murgilduta daude Iruñeko Alde Zaharrean; bihar arte izango dira jaiak

Maite Alustiza.
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Lau hilabeteko lana. Lau hilabetez jaiak antolatzen; Sanferminetako festez gozatzeko egunak tarteko. Ekainetik ibili da Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordea San Fermin Txiki festak prestatzen. Eta azkenik iritsi dira. Oztopo eta trabei aurre egin ondoren, festa giroan murgilduta dago Iruñeko Alde Zaharra. Atzo hasi eta bihar arte, 90 ekitaldi baino gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute hara biltzen direnek.

Auzogunea izango da aurtengo berrikuntzetako bat; haur zein helduentzako ekitaldiak egiteko ingurua bilakatu dute Compañia plaza. Atzoko egunaren biharamunaren ondoren, goiz-goizetik izango da festaz gozatzeko aukera gaur hiriko Alde Zaharrean.



09:00etan dianarekin hasiko da eguna, eta ordutik aurrera askotariko jardueretan parte hartu ahalko da: merkatua, erraldoi eta buruhandiak, tailerrak, musika, karrozen krosa eta kalejira, besteak beste. Euskal Jaiaren barruan, hainbat ekitaldi egingo dituzte; euskal dantzak eta herri bazkaria, esaterako. Gauean, estilo eta jatorri anitzeko musikariek emanaldiak eskainiko dituzte: DJek, festa elektronikoak, pop-rockak eta dantzaldiek musikaz agurtuko dute eguna. Bihar ere ekitaldi ugari izango dira. Eskulangileen azoka egingo dute, 11:00etan, Auzogunean. Ondoren, txistorra jana izango da, Mañuetan.

Oztopoei aurre eginez

Duguna dantza taldeak ezpata-dantza emanaldiak eskainiko ditu goiz osoan, aurten bigarren aldiz. Lehenengo emanaldia 11:30ean izango da, Arrotxapeko zubian; bigarrena, berriz, Aldapako San Ferminen elizatik irtengo den prozesioan, 12:15ean. Ordubete geroago, Iruñeko ezpata-dantza egingo dute, Udaletxe plazan. Eguerdi partean, haur jokoak antolatu dituzte Merced karrikan, baita jota emanaldia ere; azken hori, Navarreria plazan. Herri bazkaria, karaokea eta erraldoiak ere izango dira.

Festak gureak dira, Bote jarriko dugu? Hau egina dago leloa hautatu dute festetarako aurten. Udalak eman gabeko baimen batzuen ondorioz, beste baliabide ekonomiko batzuk bilatu behar izan dituzte. «Kontraesanez beteriko baimenak eman dizkigu», adierazi zuten jai batzordeko kideek asteazkenean egindako auzoko batzarrean. Batetik, Auzogunean taberna bat jartzeko debekua ezarri die Udalak; bestetik, hormetan ager daitezkeen pintaketen eta pankarten ardura jai batzordearen gain utzi du. Gainera, auzo guztian komunak jartzeko eskaerari uko egin diola eta Redinen bakarrik jarri dituela azaldu du batzordeak. Dena den, oztopoak gainditzeko bidea aurkitu dute Alde Zaharreko Jai Batzordeko kideek: itsulapikoak, zapiak eta itsasgarriak atera dituzte gastuei aurre egiteko.



San Fermin Txiki festak

GAUR

11:00. Birziklatzeko tailerra, Auzogunean.

12:00. Euskal dantzak, Muthiko Alaiak taldearen eskutik, Euskal Jaiaren barruan.

12:00. Iruñea Kantuz, Mercaderes eta Estafeta kaleetatik.

13:00. Karrozen krosa, Carmen eta Navarreria kaleetatik.

15:00. Herri bazkaria, Auzogunean, Euskal Jaiaren barruan.

17:00. Erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera, autobus geltokitik. Udaletxeko plazan amaituko dute ibilbidea, 20:00etan.

22:00. Su festa, Zaragozana su etxearen eskutik.

22:30. Festa elektronikoa txalapartarekin, Auzogunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.