Santuaren urteroko paseotxoa

Erdi Arotik dator ohitura, baina XVII. mendean hartu zuen, batez ere, itxura eta arrandia guztia San Ferminen prozesioakCuria kalean, «UPN kanpora» oihukatu eta txistu egin diote Enrique Maia alkateari

joxerra senar
Iruñea
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Uztailaren 6ko goizean, ekaitza lehertu aurreko giro elektrikoa igartzen da Iruñeko alde zaharrean. Uztailaren 7ko goiza, berriz, ez da inondik ere hain elektrikoa. Festak lehen 24 orduak bete ditu, eta parrandazale batzuek festarako indarra badute ere, gautxori gehienei lekukoa hartzen dieten iruindarrek beste edozein egunetan ikusten ez den itxura ematen diote hiriari: berezia, bakarra. Zuri-gorria nagusi da, baina balkoiak eta kaleak gainezka daude, eta osotasun horrek kolore anitzeko koadroa uzten du. San Fermin santuaren prozesioaren eguna da.

Iruñeko udalbatza katedralera artzapezpikuaren eta katedraleko kabildoaren bila abiatzen denean hasten da prozesioa. Hamabost minutuko atzerapenarekin hasi da aurtengoa. «Garai batean,pentsaezina zen hori. XIX. mendean, auzi ugari izan zituen Elizak udalarekin artzapezpikuari ordu laurden batez itxaronarazteagatik», azaldu du Javier Pomares Nuevo Barroco dendako arduradunak. Pomaresen arabera, hiriburuko beste santuarekin gertatzen denaz bestera (San Cernin), ez dago San Ferminen inguruko erreferentzia historikorik. Erdi Aroan ekarri zituen haren erlikiak Artaxoako Pedrok, XIII. mendean, Paristik.

Pomaresen arabera, barrokoaren garaian hartu zuen itxura egungo prozesioak. Garai hartakoak dira arrandia eta zilarrezko eta harribitxizko apaindurak. Urte haietan, hamazazpi kofradia ateratzen ziren; gaur, berriz, bost inguru. XVII. mende hartan, mirariak zabaltzen ziren jendea erakartzeko. Hirurehundik gora urte geroago, sinesmena itxurazkoa da gehienbat: «Jendeak bat-bateko debozio handia dio San Fermini, baina urte osoan desagertu egiten da».

Argi dago ez dela Erdi Aroa edo XIX. mendea, XXI. mendea baizik. Ikurrin ugari daude balkoietan eta Kale Nagusian murrizketen aurkako pankartak ere ikusten dira. Udalbatzak artzapezpikuari eta geroago santuari itxoinarazi egin badio ere, ez da ezer gertatzen. Auzirik ez dago.

Prozesioak 10:30etik aurrera hartzen du santua San Lorenzo elizatik, eta handik San Anton kalean behera doa. Debozio arranditsuaren eszenifikazioa Zapateria kalean izaten da, 11:00ak baino lehen, santuari jota ospetsu bat kantatzen diotenean. Txaloka eta bibaka hartzen dute santua. Gero, prozesioak aurrera jarraitzen du, udaletxe plazan itzulia eman eta berriro eguerdian San Lorenzora itzuli arte. Hartara, ordubete pasako buelta ematen du santu beltzaranak. Urteroko bere paseotxoa.

Oihuak Maiari Curia kalean

Mezak ordubete baino gehiago iraun du. Sermoian Francisco Perez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak krisia pairatzen ari direnentzako hitzak izan ditu. «Hainbeste lagun lanik egin gabe, hainbeste familia muturreko pobrezian isilean. Horientzatguztientzat festez hitz egitea sarkasmo bat da».

Handik prozesioak katedralerantz egin zen. Espainiako poliziak modu mehatxagarrian zeuden Mañueta karrikan zain. Curia kalean, ehunka eta ehunka herritarrek txistuka eta «UPN kanpora» oihuka. Bezperan Riau-riaua bertan behera utzi ostean, jendearen protesta gehiago entzun zituen Enrique Maia alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.