Pascal Gaigne (1958, Caen, Frantzia) gazterik etorri zen Euskal Herrira bizitzera. Euskal kantagintzako izen ezagunenekin lan egin ondotik zinemara pasatu zen, filmetako musikak egitera. Haren begirada, euskal gizarteaz eta kulturaz, ez da ohikoa.
Nola iritsi zinen Euskal Herrira?
Nire aitaren mutazioek ekarririk, obra publikoetan lan egiten baitzuen. 14 urterekin iritsi nintzen, eta kolpez dena ezagutu nuen: kultura, politika, musika, Euskal Herriko hizkuntza. Niretzat oso gauza berria zen nortasun berezi batekoa sentitzen zen jendea ezagutzea. Ni munduko herritarra sentitzen nintzen, nazionalismoak ez zitzaizkidan interesatzen, ez nintzen sentitzen ez frantses ez beste deus ere. Euskal kantariekin eta beste artista batzuekin harremanetan egon izanak ulertarazi zizkidan gauza asko, gerora erabakigarriak bilakatu zirenak.
«Munduko herritar» sentitzeagatik baztertua-edo sentitu zinen?
Ez, sekula ez dut holakorik sentitu. Erran behar da artisten, militanteen, errefuxiatuen inguruan bizi ginela. 1972-75ko urteetako giroa zinez desberdina zen. Oraindik ere ez dut ulertzen nola joan gaitezkeen Kosovora gerra egitera, eta hemen autonomiaz erreferendum bat antolatzeko ez garen gai. Edo sobera ongi ulertzen dut. Demokraziaren erregeak gira... baina besteentzat. Alta, herriek beraien geroaz erabakitzeko duten eskubidea funtsezkoa da.
Nolakoa iduri zaizu euskal musika tradizionala?
Mundu osoko musika tradizional eta herrikoien zale handia naiz. Beti pentsatu izan dut musikak, kantuek, populuen zinezko ariman sarrarazten gaituztela. Gainera, Euskal Herrian, garai hartan, oso bizia zen... zorigaitzez asko aldatu da. Konparatuz berpizte lan handia behar izan duten kultura batzuekin, hemen gauzak errealak ziren eta egunero bizitzen ziren.
Zer aldatu da?
Uste dut musikak zuen funtzioa indartsuagoa zela, baina normala da, jendartea aldatzen da... Halere, Euskal Herriko egoera beste leku batzuetakoa baino hobeagoa da, baina kontzertuetara, dantzaldietara joateko denbora hartzen genueneko garai haren falta sumatzen dut. Geroz eta gehiago merkantilizatu da, eta zerbait galdu da, nahiz eta oraindik badiren balio handiko talde eta artistak.
Lan egin duzu Niko Etxart, Imanol, Amaia Zubiria edo Joseba Tapiarekin. Ezberdinak izanen dira denak, baina zer oroitzapen gordetzen duzu lankidetza horietaz?
Baita Xabier Lete, Laboa, Labrit, Valverde, Beñat Axiari, Urria eta beste batzuekin ere... Erran gabe doa zinez desberdina zela aldi oro, baina gure arteaz bizi ginen musikari profesionalak ere baginen, nahiz batzuetan oso gaizki bizi (irriak). Bereziki oroitzen ditut Imanol eta Beñat Axiarirekiniragan garaiak, Euskal Herriaz eta bere ikuspegi politikoez asko irakatsi baitzidaten. Amaia Zubiria nire laguna izan zen 11 urtez, eta berekin jotzen dut oraindik ere; eta Lete, pertsonaia humanista, oso jantzia, errespetu handikoa, jakintsu bat!
Lankidetza horien zerrenda luzea da. Zineman hasi zinenean dena gainbehera gelditu zen?
Ez sekula. Nire inguru hurbilarekin beti gorde dut harremana, ezinbestekoa delako, eta espero dut gerora ere hala izatea.
Nola sartu zinen zinemaren munduan?
Konpositore anitz bezala, nonbait, kasualitatez. Amaia Zubiria Arantxa Urretabizkaiaren laguna zen, Zergatik Panpoxen egilearena, eta berekin harremanetan sartu zen filmaren musika egin genezan. Hortik aitzina, euskal ekoizpenetan, espainoletan, frantsesetan, kolonbiarretan, kubatarretan eta finlandiarretan lan egin izan dut. Baina Victor Ericeren El sol del membrillo, Iciar Bollainen Flores de otro mundo edo Daniel Sanchez Arevaloren AzulOscuroCasiNegro filmek ateak ireki zizkidaten.
Zure ustez, zein heinetan eragiten dio filmaren musikak filma horretaz dugun pertzepzioari?
Musikak bereziki inkontzienteari eragiten dio... oso gauza bitxia da maitatu ez duzun filma baten musika ona dela erratea. Musika ez da ezinbestekoa filma on bat egiteko, baina ikus-entzunezko hizkuntzaren parte da. Erabiltzeko manera anitz badira baina puzzleak du, bere osotasunean, filmaren nortasuna eraikitzen... Zinema lantalde handi bat da, nahiz eta agerian direnak aktore eta errealizadoreak izaten diren.
Hainbat sari irabazi eta Goya sarietan izendapen bat lortu zenuen.
Interesgarria da norberaren lana ezagutaraztea, sarien bidez eta kalitatearen bidez bereziki. Saririk 0hoberena, dena den, gelak betetzen dituen filma bat egitea da.
Pascal Gaigne
«Saririk hoberena gelak betetzen dituen filma bat egitea da»
Hainbat sari eta izendapen erdietsi dituen musikaria Donostian bizi da, 1990az geroztik. Azken urteetan idatzi dituen musika gehienak zinemetan entzun dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu