Ezarian. Mikologia

Saski hutsa, itxaropen apurtua

Perretxiko biltzaileek diotenez azken urteetako denboraldirik okerrena izan da aurtengoa, eta ez dirudi azaroan egoera aldatuko denik, kontuan harturik euri falta eta neguaren gertutasuna.

Aranzadi Zientzia Elkarteko bi kide, Amezketalardin egindako irteera batean aterkipean euritik babesten; egun gutxitan egin du euria aurtengo udan eta udazkenean. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA.
Iñaki Lasa Etura.
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Galtzen den azken gauza omen da, baina gutxi falta da perretxiko biltzaileen itxaropena galtzeko. Saskia esperantzaz gainezka atera dira udako eta udazkeneko asteburu orotan, eta animoa saskia bezain hutsik zutela itzuli dira. Behin eta berriz. Perretxiko zaleek erreguka entzun dituzte Andoni Aizpururen eta Ana Urrutiaren iragarpenak, baina ez dirudi euria kasu egiteko prest dagoenik. Hala, zerua ez bezala, ilun dator etorkizuna. Azaroa ez da garai ona izaten perretxikoak biltzeko, eta tenperaturek behera egin ahala, udazkeneko lehen izotzaldiak hasiko dira. Horrek perretxiko denboraldiaren agurra ekarriko luke.

Mikologian aditu direnen hitzek ez dute zalantzarako tarterik uzten: «Larritzeko modukoa da», «egunak joan ahala, itxaropena gutxitu egiten da», «ez dut denboraldi okerragorik gogoratzen». Joxe Mari Lekuona Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea, Javier Gomez Ultzamako Parke Mikologikoko arduraduna eta Natalia Castellanos Gobeies dendako arduraduna kopetilun agertu dira egungo denboraldiarekin. Badakite azken hiru hilabeteetan perretxiko ale solte batzuk bakarrik azaldu direla Euskal Herriko pagadietan eta hariztietan.

Euri eskasiak eta hezetasun faltak azken urteotako perretxiko denboraldirik okerrena ekarri du. Egin, asteazkenean egin zuen euria, eta etziko ere iragarri dute; baina ez dirudi horrek egoera irauliko duenik. Hego haizeak du horren errua, Lekuonaren iritziz, «alferrikakoa da euria, gero hego haizea egiten badu; goiko kapa lehortu egiten da, eta ez da onddo berririk ateratzen». Ehiztarientzako onura, perretxiko zaleentzako kalte.

Dena den, mikologia ez da zientzia zehatza, eta ohikoa da iragarpenak haustea. Gomezek dioenez, «hilabete hasieran onddo ale batzuk agertu ziren ibarreko gune batzuetan, artean lurra erabat lehorra zegoela». Azken unera arte itxaropena eduki nahi dutenentzat helduleku izan daitezke haren hitzak.

Euskal Herrian ez ezik, Europan ere antzeko egoeran daude. Bertan eskasia zegoenean, kanpotik erosten zituen perretxikoak Gobeies dendak orain arte. Baina aurtengo eskasia orokorra izan da. «Lehen, onddo kiloa 20-25 eurotan saltzen genuen, eta orain, txanpinoi kiloa bi euro eta erditan saltzen dugu. Kilo asko saldu beharko ditugu salmenta zifrak berdintzeko».

Ez da erraza egoera azaltzeko argibideak ematea; adituen aburuz, faktore askok sortu baitute. Euri falta klima aldaketaren adierazle da. Berotik izotzaldietara pasatuko gara, ia zuzenean. Kutsadurak ere eragin du. Bestetik, gero eta perretxiko biltzaile gehiago daude, eta nolabaiteko masifikazio horrek ere badu zerikusia.

Urtea ezin txarragoa izan den arren, azken urteetako bilakaeraren parte da; 2006tik beherakada etengabea izan baita. Alarma argiak pizteko garaia dela uste du Lekuonak. «Orain dela hogei bat urte hasi nintzen perretxikoen inguruko datu basea egiten, eta azkeneko hamarkadan asko jaitsi da kopurua. Urterik urtera behera egin du nabarmen». Gomezek, berriz, ez du hain alarmista agertu nahi, eta denbora gehiago hartu nahi du kontuan kezkatuta agertu aurretik. «Guk basoetan ikusten duguna fruituaren emana da, baina ez du zertan onddoen muinean arazorik egon. Aurkako ziklo klimatikoa izan dugu, baina akaso 2013tik aurrera urte onak ditugu; hau 20-30 urteko epean neurtu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.