Arrantza

Sasoiko lehen izokina arrantzatu dute Bidasoan

Ia zortzi kiloko izokin bat harrapatu dute Endarlatsa inguruan. Ostiralean abiatu zuten izokina arrantzatzeko sasoia.

Ismael Garcia Fernandez arrantzalea, Bidasoako 2021eko sasoiko lehen izokinarekin, atzo, Endarlasan. NAFARROAKO GOBERNUA
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 3a
09:07
Entzun

Bidasoan izokinak arrantzatzeko sasoia zabaldu eta bi egunera lortu dute lehena. Atzo arratsaldean arrantzatu zuen 28 urteko Ismael Garcia Fernandezek 2021eko sasoiko lehen izokina.

Emea da arraina, 89 zentimetro luze da, eta 7,800 kilo pisatzen du. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, ibaia berriz populatzeko ahaleginetan sorturiko arraina da, Oronoz Mugairiko (Baztan, Nafarroa) arrain haztegikoa. Izan ere, Nafarroako Basozainek identifikatu zuten atzo arraina. Nabarmendu dutenez, sasoia gaizki hasi da arrantzaleentzat, euri gutxi egin duenez ibaiak ur gutxi duelako, eta izokin gutxi dagoelako.

Maiatzaren 1arekin hasi zen sasoia, eta, ohi den bezala, 51 izokin arrantzatzen direnean amaituko da. Bestela, uztailaren 31n.

Iaz atzeratu egin zuten sasoia, konfinamenduarengatik, eta maiatzaren 18an abiatu zuten.

Neurri zorrotzak daude izokinaren arrantzan aritzeko: arrantza baimen orokorra edukitzeaz gain, eguneroko baimen bat lortu behar du arrantzale bakoitzak.

Iaz, sasoia zabaldu eta 15 minutura arrantzatu zuten lehenengo izokina Bidasoan. 4,8 kilo pisatzen zuen hark.

Beste urteetan 1.800 ere ordaindu izan dituzte lehenbiziko izokinarengatik. Baina azken bi sasoiotan, asko jaitsi da salneurria, jatetxeek pairatzen dituzten murrizketengatik. Iaz, horren gutxi eskaini zuten, non arrantzaleak ez saltzea erabaki zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.