ASTEBURUKO PROPOSAMENAK

Satira eta umore onean

Uztaritze

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Aldarrikapen eta elkartasun egun bat, horrela laburbiltzen du igande honetan Uztaritzen iraganen den Lapurtarren Biltzarraren filosofia elkarte antolatzaileko kide Antton Lannesek. Aurten 31. aldia du egunak. Ohiko lapurtarren biltzarrari oihartzuna eginez, 1979tik -Bai Euskarari kanpainak egun berezi hau sortu zuenetik- Lapurdiko herri, elkarte eta gazteen aldarrikapenak plazaratzeko aukera ere bada eguna. Goizean Uztaritzeko karrikak bereganatuko dituen karro ibilaldiari esker eginen dira. Lapurdiko elkarte guztiak gomitatuak dira karroen muntatzera, jakinez bere mezua modu satiriko eta eraginkorrenean pasaraziko duen karroaren egileak rafting ateraldi bat irabaziko duela. 10:30ean hasiko da ibilaldia, Sicanamen aitzinetik. Bertsolariak izanen dituzte epaile. Eliza ondora hurbilduz entzuten ahalko dira bertsoak, eguerdi aldera. Ondotik Bilgunean zintzur bustitzea izanen da, txaranga, gaitero eta trikitiek lagundua.

Herri bazkariak hartuko dio lekukoa aperitifari. Hortik landa, hitzartze batean urte osoan Lapurdin gertatuak laburbilduko dituzte. Elkartasunaren kontua antolaketan berean ageri da, elkarteen arteko elkarlanari esker baita antolatzen eguna. Hor ere, karroetan bezala, denen artean banatzen baitira lan itzuliak. Bazkaria bera Uztaritzeko ikastolak du kudeatzen. Kuxkuxtu txarangak du animatuko. Haurrentzat, joko puzgarriak jartzekoak dituzte.

Banda Bassotti gaztetxean

Arratsaldean, Goazen taldearen dantza ikusgarriak hartuko du plaza. Iluntzean, Mister Saguak, Piarres eta Mikel Hats taldeak ariko dira.

Izanen da beste kontzerturik ere, Uztaritzeko Idek elkarteak Hitz Open gazte biltzarraren bidez antolatua, Kiroletan. Lapurtarren Biltzarreko bezperako kontzertua antolatu dute aurten ere, usaian bezala. Gaualdiari beste dimentsio bat ematea erabaki dute Idek elkartekoek, Banda Bassotti ska-punk talde italiar ezaguna ekarraraziz. Lareplik eta Banda Batxoki taldeek osatuko dute gaualdia. Kontzertuak 20:30ean hasiko dira. Sartzea, aitzinetik erosiz, 12 euroren truke lor daiteke; lekuan berean, berriz, 15 eurotan.

LAPURTARREN BILTZARRA

Zer. Larunbatean, Banda Bassotti, Banda Batxoki eta Lareplik, Kiroletan. Igandean,goizean karroen ibilaldia, bertsolariak, bazkaria eta, bururatzeko, kontzertuak.

Non. Uztaritzen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.