Udako proposamenak

Sei eguneko bestak Leitzan

Gaur hasiko dira Leitzako bestak, eta heldu den ostiralera arte iraunen dute. Egitarauaren parte bat Palestinaren ingurukoa izanen da gaur.

Leitzako bestetako txupinazoa, 2018an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Leitzako bestetako txupinazoa, 2018an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
julene muruaga
2025eko abuztuaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leitzako (Nafarroa) San Tiburtzio bestak gaur hasiko dira, eta heldu den asteko ostiralean bukatuko. Sei eguneko egitaraua prestatu dute herriko elkarteek eta Leitzako Herriko Etxeak. Egitarau ofizialaren osagarri, Leitza-Palestina Herri Ekimenak Palestinaren inguruko ekintzak antolatu ditu gaurko.

Unai Zabaleta Leitzako besten batzordeko kidea da, eta esplikatu du egitaraua prestatzeko tenorean argi izan dutela zein diren Leitzako besten irizpideak. «Lehenik eta behin, Leitzako bestek besta euskaldunak izan behar dute, besta feministak eta libreak». Ondorioz, irizpide horien araberako egitaraua eta protokoloa prestatzen aritzen dira urte osoan. Izan ere, azaroan hasten dira bestak antolatzen, Zabaletak kontatu duenez. Lehenik, elkarte guztiak biltzen dira, zenbait kontu orokor finkatzeko, eta, ondotik, elkarte bakoitzak berea prestatzen du.

Herriko hainbat gunetan izaten dira ekitaldiak: txosnetan, kalean, plazan... Baina azken urteetan plazako egitarauari «kasu» gehiago egiten saiatzen direla esplikatu du Zabaletak. Horrez gain, kaleko giroa indartu nahi dute, musikariei leku handiagoa emanez: txistulariak, txarangak...

Zabaletak azaldu du sei egun horietan erabat «aldatzen» dela bai Leitzaren itxura bai jendea. «Herriari bizia ematen diote bestek, poza. Jendeari ilusioa pizten zaio. Besta garaian beste aldarte bat daukagu, eta hori da behar duguna. Oso garrantzitsua da». Gozatu, gozarazi eta gozatzen utzi. Horiek dira besten helburuak.

Leitzatik Palestinara

Egitarau ofiziala gaur hasiko da, 17:30ean, eta, gainera, Leitza-Palestina Herri Ekimenak Palestinaren inguruko hainbat ekitaldi prestatu ditu gaurko. 16:00etan, sirena hotsak izanen dituzte plaza inguruan, Palestinan gertatzen dena irudikatzeko. Ondotik, 17:00etan, zapatak zintzilikatuko dituzte eraildako haurren omenez, tailer bat egin eta gero. 19:00etan mobilizazio bat eginen dute: manifestazioan abiatuko dira herriko plazatik.

Ondoren, 21:00etan hasirik, DJ gaualdia eginen dute beheko txosnan: Adrian Perez, Aimar Oskariz eta Zaze arituko dira. 23:00etan, Burutik taldea arituko da plazan. Ondoren, DJ Trio de Janeirok musika emanen du plazako txosnan. Eta, eguna bukatzeko, Atekabeltz gaztetxean tekno gaualdia eginen dute.

Biharamunean, igandearekin, Etxera kalejira izanen da, 13:00etan hasirik. 14:30ean kantu bazkari herrikoia eginen dute, Karrepan. Txupinazoa 18:00etan eginen dute, Kaxkabeltza Leitzako dendari eta merkatarien elkartearen eta udalaren eskutik. Horrez gain, saria emanen diete programako azal lehiaketako irabazleei. Ondotik, kalejira izanen da, Leitzako Konpartsako dultzaineroekin, Incansables txarangarekin eta txistulariekin. 18:30ean, La Jodedera arituko da, Labetxeko atarian. 19:00etan, Mejikortxo, beheko txosnan; ondotik, zezensuzkoa izanen da, eta Itzal erromeriaren kontzertua. Incansabes txarangak gaueko erronda ere eginen du. Anartean, gaztetxean kontzertuak izanen dira 23:00etan hasirik: Palmeras Negras, Maskak, eta DJ Pirimikass. 00:00etan, beheko plazan, DJ Jo ta Txo arituko da.

Asteleheneko egitaraua 08:00etan hasiko da, txistularien dianarekin. 09:00etan, entzierroa eta behiak izanen dira plazan. 12:00etan, Leitzako Aurrera dantza taldeak ezpata dantza emanen du plazan. Zabaletak esplikatu du ezpata dantza oso ekitaldi «berezia» izaten dela, eta aldi oro plaza jendez «betea» izaten dela. Gehitu du urtero pertsona bat gonbidatzen dutela plazara, dantzaren bidez omentzeko: aurten, Pirritx eta Marimotots omenduko dituzte.

13:00etan, Incansables txarangaren erronda izanen da. 17:00etan, Neguko Izarrak jazz kontzertua izanen da, Labetxeko atarian. 19:00etan, Incansables txaranga eta buruhandiak aterako dira. 22:00etan, zezensuzkoa. Eta 23:00etan, plazan, Puro Relajo taldea arituko da.

Hurrengo egunetan, bertso poteoa, punk gaualdia, txakolin dastaketa, pilota partidak, herri afaria eta beste hainbat ekitaldi izanen dira, baita kontzertu andana ere: Janus Lester asteartean, eta Los Zopilotes Txirriaos ostegunean, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.