Maurice Delpeche. GR 10 mendi bidexkako balizatzailea

«Seinaleak erraz ikusteko moduan jarri behar dira»

SYLVAIN SENCRISTO / LE JOURNAL.
2014ko martxoaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Maurice Delpeche ainhoarrak 76 urte ditu, baina sasoian da oraindik. Lehenik, militar gisa aritu zen Aljerian, eta, gero, banketxe batean langile; duela hogei urte hartu zuen erretreta. Atlantikotik Mediterraneora doan GR 10 ibilbide handiko bidearen zati bat balizatzeaz arduratzen da. Duela hiru hamarkada hasi zen boluntario mendizaleek ez galtzeko jarraitu behar duten bidea margotzen.

Noiz hasi zinen GR 10 balizatzen?

Aljeriatik bularrak kasik ustelduak nituela etorri nintzen, tuberkulosiarekin. Ezkerrekoa kendu behar zidatela erran zidaten, eta ibiltzen hasi nintzen. Batak bestea ekarri zuen. Geroztik, kasik egunero ibiltzen naiz. Kasik 30 urte dira hasi nintzela. Ainhoako Atsulari mendi taldeko kidea naiz. Bide horretan jende asko ibiltzen zela ikusirik, hura markatzeko jendea behar zela esan zidaten, eta hala hasi nintzen.

Zein zati balizatzen duzu?

Senpere-Ainhoa [Lapurdi] mugatik hasi eta Bidarraiko [Nafarroa Beherea] mugaraino doan bidea egiten dut, deabruaren lepoa deitzen zaion tokiraino. Hogei bat kilometro dira. Garai batean Sarako [Lapurdi] Berrouet Bentaraino egiten nuen, baina orain bada jende gehiago lan hori egiteko. Hendaia [Lapurdi] eta Banyuls [Katalunia] lotzen dituen GR 10a balizatzen asko gara.

Nola lan egiten duzu?

Frantziako Mendi Federazioak erraten digu zer egin behar den. Ematen dizkigu pinturak eta pintatzeko tresnak. Pauera joaten gara materialaren bila. Badut pintura poteak eramateko sei kutxako kaxa bat, metalezko eskuila bat, espatula bat, pintura gorria eta zuria eta pintzelak. Udaberri hastapenean egiten dira lanak, apirilaren amaierarako dena prest izateko.

Hasi zinenetik asko aldatu da bidea balizatzeko modua?

Jakeline emazteak eramaten ninduen autoarekin tokiraino, eta, mendiz mendi margotzen, herriraino itzultzen nintzen. Orain ere berdin da, baina egiten ditugun kilometroak ordaintzen dizkigute.

Lan zaila da?

Arituz ikasi dut zeregina. Buruz ezagutzen dut bidea. Hoberena haritzetan edo pagoetan ematea da, eta harkaitzetan. Batzuetan, iratzeak dauden tokietan, egurrez egindako piketeak jartzen ditugu, nahiz eta askotan pottokek urratu egiten dituzten haien kontra igurzterakoan. Seinaleak erraz ikusteko moduan jarri behar dira, ez sobera behera eta ez sobera gora. Gorago jartzen baduzu, jendea oharkabean pasatzen da.

Markak zenbateko jarri behar dira?

Usaia dut 100 metrotik 100 metrora jartzeko; beste batzuek tarte luzeagoak uzten dituzte. Zuriz eta gorriz margotzen diren seinaleek zentimetro bateko zabalera izaten dute, eta hamar zentimetroko luzera. Eguzkiak, euriak edo elurrak urratzen ez badu, seinaleak bi-hiru urterako balio dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA