«Andre Maria katedrala gaixorik zegoen, eta sendatzen hasi ginen duela 25 urte», hasi da Xuban Nafarrate, Gasteizko katedraleko gidaria, goiko gangetara begira. Goizeko lehen txanda da, eta hastear da ohiko bisita gidatua. Isiltasun sakonak eta harrizko hormek berehala murgildu dituzte bisitariak eraikinaren historiaren bihotzean, gertutik eta bertatik bertara. «Gaitz hori, askorentzat luzaroan ikusezina izan zena, duela hamarkada batzuk hasi zen nabarmentzen». Bisitariak, txundituta, arreta handiz ari dira entzuten haren azalpenak.
Gasteizko historia ulertzeko, ezinbestekoa da Andre Maria katedralaren bilakaeran sakontzea. XI. mende amaieran, herrixka hura hiribildu bihurtu zen, harresiak eta defentsa eraikinak hartuz. Garai hartan eraiki zuten lehen eliza, gaur egungo katedralaren oinarri bihurtuko zena. Urteen joanean, aldaketa ugariren lekuko izan da, baina duela ez asko, zimenduek amore eman zuten, eta eraikin osoa arriskuan egon zen.
Apirilean, Andre Maria Katedrala fundazioak amaitutzat jo zituen estalkien zaharberritze lanak. 2015ean abiatu zuten prozesua, eta zatika konpondu dute eliza urteotan. Erdiko nabearen estalkia amaituta, goiko eremu osoa berreskuratu dute. Gaur egun, tenpluak ez du jada «obretan eta irekita» zegoen gune haren itxurarik; bisitariek ez dute kaskorik behar barrura sartzeko.

Elizako zoru nagusiaren azpian hasi da bisita, beheko galerian. Zimenduetan. Han hasi ziren eraikinaren arazoak: katedrala malda baten gainean eraiki zuten, lur heze eta mugikorraren gainean. Arriskua benetakoa zen. Beheko galerietan oraindik ikus daitezke hausturak, pitzadurak eta makurdurak. «Konpondu dugu zorua; beraz, lasai egon: guztiz segurua da hemen ibiltzea», esan du gidariak, publikoa lasaitzeko. Indusketen arrastoek Gasteizko iraganaren atea zabaldu diete bisitariei. Indusketei esker erromanikoko eliza baten arrastoak, hilerri bat eta 2.400 eskeleto inguru aurkitu zituztela nabarmendu du Nafarratek. «Zimenduen azpian Gasteiz zaharrena zegoen. Horri esker jakin dugu uste genuen baino hiri zaharragoa dela».
Aldare nagusira igo eta gora begiratzeko esan du gidariak: ikusgarria da zutabeen makurdura. Ez dago zutabe zuzenik, ezta pitzadurarik gabeko paretarik ere. Habearte gotikoak degradazio latza jasan du mendez mende. Aldarea bera, mezatarako tokia baino gehiago, egitura mehatxatu baten sinbolo bihurtu zen. Gaur egun, berriz, irudia guztiz bestelakoa da. «Paradigma bat hautsi dugu», dio gidariak, zutabeen artean azalpenak ematen dituen bitartean. «Hemen ez da faltsukeriarik onartu: berria dena berria da; eta zaharra dena, zaharra. Katedrala eredu izan da zaharberritzeko erabili diren teknikei esker».

Behetik gorako bidean jarraitu dute bisitariek. Andre Maria katedrala ez da beti kulturako gune huts bat izan: gotorleku funtzioa ere bete zuen historian zehar. Bere kokapen estrategikoari esker, hiria defendatzeko funtsezko gune bilakatu zen. Kanpoaldeko horma lodiak, irekidura estrategikoak eta goi plataformak horren lekuko dira. Triforioan barrena ibiltzeko aukera izan dute bisitariek, eta hori ez da aukera ohikoa. «Oso eliza gutxitan ibil daiteke bisitaria triforioan», azpimarratu du gidariak. Han goitik, katedralaren barne arkitektura ikus daiteke; ikuspegi pribilegiatua da.

Dorrea dute xede, hori baita gailurra. Hark eskaintzen du Arabako lautadaren ikuspegirik ederrena. Gasteizko gunerik garaienetik hiria nola hazi den ikusten da. Baina Erdi Aroan katedralaren pareta zen hiriaren bukaera; dorrea defentsarako toki estrategiko ezin hobea zen. «Oraingoz, debekatuta dago katedral hau baino eraikin garaiagorik egitea», gaineratu du gidariak.
Bisitaren amaieran, proiekzio batek irudikatzen du nolakoa zen bere garaian katedrala: margotua, bizia, kolorez betea. Harri zuriaren gainean, argiztapen gorriak, urdinak eta urre kolorekoak pizten dira, eta tenpluaren antzinako distira berpiztu. Gogoetarako galdera batekin amaitu du Nafarratek: «Ikusi dituzue katedralak izan dituen aldaketa guztiak?».