Serigrafia egilea eta dendaria

Mary Aznar: «Serigrafiak funtziona dezan lan handia egin behar da gibelean»

Serigrafian profesional gisa hasi ondotik, Ze Polita marka eta denda sortu zituen Aznarrek. Natura eta euskal kultura ditu inspirazio iturri nagusiak. Manera ahal bezain etikoan ekoitziak eta eskuragarriak diren oihalak lortzeko zailtasunez mintzatu da.

Mary Aznar, Baionako bere dendan. GUILLAUME FAUVEAU
Mary Aznar, Baionako bere dendan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ze Polita markaren sortzailea da Mary Aznar (Lehuntze, Lapurdi, 1986). Errobi bazterretik hurbil du denda, Baionan. Jantziz betea du lokal hertsia, eta hark egin hainbat marrazki ikus daitezke apaletan, tixertetan, trikotetan edo atorretan emanak. Amarauna marrazkia du kutunena, mitologiako elementu batzuk eta lupuek egin sarea uztartzen baititu. Ageri da ikertzen aritzen dela marrazkiak sortu baino lehen, euskal mitologiari buruzko Elkar argitaletxeko liburu bat baita salmahaiaren gibelean. Horrekin batera, serigrafia egiteko hainbat teknika esplikatzen dituen liburu bat ere bada. Funtsean, zentzua duten eta istorio bat kontatzen duten marrazkiak egiten ditu Aznarrek. 

Ze Polita marka Point 8 elkartetik sortu zen, ezta? 

Bai, Pannecau karrikan zen Point 8. Arte Ederretatik atera ikasleekin osatu genuen, eta serigrafia tailer bat egin. Nik gauza batzuk marrazten nituen elkartearentzat, eta ohartu nintzen serigrafiak interesa piztu ziola jendeari pixkanaka-pixkanaka. 2016an, elkarteko lokala ez genuenez gehiago, etxean hasi nintzen serigrafian profesional gisa lanean.

Zer hasi zinen marrazten? 

Arte Ederretan, bide nagusi gisa ez nuen marrazketa hartu, baina Cuencan [Espainia] masterra egin ondotik, zinez ikasi nuen eskuekin lan egiten. Ondotik, Euskal Herriaz interesatu nintzen, baina hastapenean ez nintzen ausartzen horri buruz bakarrik marraztera, ez bainintzen zilegi sentitzen. Baina gaia landu nuen, eta mitologiak inspirazio handia ekartzen dit egun. Nik istorioak kontatu nahi ditut marrazkien bidez. Bikotekidearekin muntatu dut Ze Polita proiektua, eta 2021ean lokal bat atzeman genuen, merkatuetan biziki zaila baitzitzaigun saltzen segitzea. 

Eta orduan atzeman zenioten izena markari? 

Gure 8 urteko semeak atzeman zigun izena. Egun batez elkarrekin bazkaltzen ari ginela erran zidan: «Ze politak diren zure marrazkiak, ama!». Hortik hartu genuen ideia, zentzua duten eta politak diren marrazkiak saldu nahi ditugulako. «Ze polita» errana deigarria da euskaraz, ahozkoan frankotan erabiltzen baita. Guk sortu genuen marka, lekuko serigrafia garatu ahal izateko familia giro goxo batean, eta ez gehiegizko kontsumoaren espirituan. Entseatzen naiz kontatzen ditudan istorio ttipiak jendeari adierazgarri egiten eta, beste marka batzuei konparaturik, uste dut zinez interesa dudala euskal kulturan, eta lanketa hori ageri dela. Bide batez, euskara berriz ikasten hasi naiz, euskal kulturan hobeki murgiltzeko. 

«Entseatzen naiz kontatzen ditudan istorio ttipiak jendeari adierazgarri egiten, eta, beste marka batzuei konparaturik, uste dut zinez interesa dudala euskal kulturan, eta lanketa hori ageri dela»

Liburuak daude dendan. Irakurtzen duzu marrazkien sortzeko? 

Hala da, bai. Hastapeneko marrazkiak landapintak ziren, milesker batez horniturik azpian. Marka sortu genuelarik, laborari batzuek landapinta haziak landatzeko mugimendua sortu zuten. Ideia zen landapintak landatzea ikusteko ea lurrean pusatzen zuten, eta, pusatzen bazuten, erran nahi zuen lurra osagarri onean zela. Nahiz eta Frantzian errotu zen mugimendua gehienbat, uste dut marrazkiak harrera ona izan zuela, ikusita Euskal Herrian zer lotura dugun lurrarekin. 

Euskal mitologiaren gaia berantago jin da, beraz? 

Euskal mitologia jorratzen dut egun, baina edozein mitologiak sortu izan dit interesa, egia erran. Ama anitz ibiltzen zen arkeologo eta ikerlari elkarte batean, eta ahizpa, berriz, arkeologoa dut: hortik datorkit zaletasuna. Liburu batzuk irakurri ahala, ohartu nintzen mitologiaren inguruan gauza interesgarriak badirela Euskal Herrian. Istorio sare oso bat ireki dit euskal mitologiak, eta hori nahi dut adierazi marrazkietan. Bertzalde, serigrafiara heltzeko bidea erakutsi nahi diot bezeroari, eta, beraz, maite dut marrazkien sormen iturria dendan izatea. Serigrafia batek funtziona dezan, enetzat, lan handia egin behar da gibelean. Artistaren mitoa ez dut sinesten: nehori ez zaio zerutik heldu inspirazioa, bat-batean; lan bat bada horren gibelean. 

Serigrafiatzeko tintari doakionez, franko ezaguna da toxikoak izan daitezkeela. 

Xantza ukan dugu, disolbatzailerik gabeko tintak agertzen hasi baitziren elkartekoekin marrazkiak egiten hasi ginelarik. Usaian, serigrafian plastikoz beteriko tintak baliatzen dira, eta ohartu ginen elementu kimiko anitz behar zirela emaitza ona kausitzeko. Baina egun, tinta ez-toxikoak ontsa mantentzen dira garbiketan. Partaide onak atzeman ditugu bidean, eta Orleansen [Frantzia] eginarazten dugu tinta. 

Zer motatako oihala erabiltzen duzue? 

Oihalari dagokionez, kalitate biziki txarreko oihal anitz ekoizten da egungo munduan. Egia erran, produktuen prezioak ez daitezen biziki garesti izan, ezinezkoa zaigu Frantzian egin oihala ekartzea. Kotoia Indian, Afrikan eta Egipton landatzen da: Frantzian kotoi pentze bakar bat bada. Klima larrialdiaren ondorioz, baliteke egun batez lortzea Euskal Herrian ere kotoia landatzea, baina gardenak izan gaitezen: kotoia ez da nagusiki Europatik etortzen. 

«Klima larrialdiaren ondorioz, baliteke egun batez lortzea Euskal Herrian ere kotoia landatzea, baina gardenak izan gaitezen: kotoia ez da nagusiki Europatik etortzen»

Hornitzaile etikoak eta gardenak atzemateko zailtasunak izan dituzue? 

Belgikan lan egiten duen hornitzaile batekin ari gara gu, eta haiek Bangladeshtik ekartzen dute kotoia. Enpresa horrek ez du kotoia kantitate handian ekoizten, eta ez du bezeroa neurriz kanpo erostera bultzatzen. Ingurumena errespetatzeko, ez da gehiegizko ekoizpenik izan behar, eta enpresa horrek dinamika gardena du. Gainera, urteak aitzina joan ahala, nazioarteko kalitate labelak kausitu ditu. Kotoi biologikoarena izan zen lehena, eta, ondotik, Fair Wear delako labela lortu zuen. PETA label beganoa ere badu, eta hori berri ona da. Label horretan, gizakia animalia gisa hartzen da, eta horrek bermatzen du gizakiak eta animaliak ez direla esplotatuak izan ekoizpen prozesuan. 

Jendearen buruan sartzen hasi da oihal gutiago kontsumitzeko joera? 

Uste dut baietz. Serigrafia egiten hasi nintzelarik, ikusi nuen merkatuetan jendeari bost axola zitzaiola oihalaren kalitatea, marrazkiez bakarrik interesatzen zirela. Pixkanaka-pixkanaka, diskurtsoan sartu dugu oihalaren kalitatearen inguruko azalpena, baina ez dugu salmenta argumentu nagusi bihurtu nahi izan, ez baita markaren historia. Baina, oro har, uste dut bezeroak ulertzen ari direla desmartxa zein den. 

Baina laster kotoirik ez da izanen. Zein dira alternatibak? 

Zaila da, baina aztertzen ari gara lihoarekin eta kalamuarekin zer egin. Arazoa da bezeroa ez dela oraino prest lihoa janzteko, kotoia baino idorragoa baita. Bretainian ekoizten dute, baita Alsazian ere, baina ekoizpen murritza da kantitate aldetik. Kotoiari konparaturik, janzteko latza da lihoa, ur guti behar baitu pusatzeko. Historikoki, Europan jendea hala janzten zen, baina, mementokotz, luxuzko etxeek dute lehengai hori erabiltzen. 

Zergatik ez da serigrafiatu bigarren eskuko jantzien gainean? 

Hastapenean, ideia garatu nahi nuen, baina ohartu nintzen sekulako lana ematen zuela, bigarren eskuko oihalak bilatu, bereizi eta garbitu behar baitira. Momentuz, ez da bizigarria niretzat. 

LOTSABAKO

Zuk egin serigrafia gustukoena?Amaraunaren marrazkia maite dut, istorio polit bat baitu gibelean.

Zure inspirazio iturri nagusia?Natura.Zure oihal motarik gustukoena?Artilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.